Itzalaldiak

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Erremedio zaila. Egunerokoan ere gertatzen dira. Elektrizitate etenekin zerikusia dutenak batzuk. Argi indarra eteten denean ilunpean geratzen gara, eta bueltatu zain geratu beste erremediorik ez dugu. Hori edo kandela batzuk piztu. Elektrizitatearekin zerikusirik ez duten itzalaldiak ere gertatzen dira, eta horrek are erremedio zailagoa du, norberaren motibazio, gogo, gaitasun eta beste baitira jatorriak. Zer esanik ez, itzalaldia beste norbaitek eragindakoa bada, burua makurtzea izaten da ohikoena. Duintasunez, ahal bada. Ahal den moduan, ezin bada. Hiru euskal taldeak zortzi onenen artean daudelako, garrantzirik gabeko itzalaldiak izan dira asteburukoak. Larriagoa Lagun Arorena, baina udazkeneko sukar txiki bat baino ez.



Hiru buru. Hiru talde daude sailkapen buru, eta hiru buru ditu Baskoniaren jardunak. Fedea, defentsa eta talentua. «Sinesten badugu, irabazi egiten dugu». Ivanovicek sarri esana, liga hasi zenetik. Defentsan irabazten dira partidak. 65na zegoen markagailua Valentzian azken laurdena hasi aurretik; 67-81 bukatu zen. Baskoniak 20 puntu baino gutxiago hartu ditu ligako sei partidetako azken laurdenetan. Esanguratsua. Eta talentua. Bjelicarena, 14 puntu 20 minutuan. Europa erdiak fitxatu nahi zuen jokalariak ezin duelako hain txarra izan. Hiru buru horiek ere izenak izan zitezkeen: San Emeterio ligako hirugarrena da balorazioan; Teletovic, seigarrena, saskiratzaile onenen artean; eta Huertas, liderra asistentzien arloan. Beste guztiek ere laguntzen dute, eta haiek ez aipatzea ez legoke ondo.



Suspensea. Alfred Hitchcock handiaren film batean murgilarazi zituen Bilbo Basketek Miribillara bertaratu ziren zaleak. Dena egin baitzuen ondo lehen bi laurdenetan, eta dena gaizki aldageletatik bueltan... garaipena bera arriskuan zegoela konturatu zen arte. 51-33 jarri zen aurretik Katsikarisen taldea, eta 56-52 hurbildu zen Alacant, bizkaitarrek sufritu gabe irabaziko zutela pentsatu baitzuten. Datu interesgarri bat: Javi Rodriguezek jokatu zuen gidaritzan neurketako azken zortzi minutuetan, partida erabakitzeko zegoela. Entrenatzaileak Jackson aulkian utzi zuen, eta horrek garbi adierazten du partidako une beroetan nork jokatuko duen. Hitz bi Banicen jardunaren inguruan: bikain berriro.



Lasaitasunerako deia. Itxaropen handia sortu zela? Bai. Bosgarren garaipenak Lagun Aro munduaren erdian jarriko lukeela? Baita ere. Baina ez zen posible izan. Topiko bat. Real Madril Real Madril da. Alacanten lotsagarri aritu zen Messinaren taldea, eta garbi zegoen ez zela errepikatuko astebete atzera jokalariek erakutsi zuten jarrera txarra. Estutu egin zuten defentsan, nola gainera, eta baloi asko berreskuratu. 25 galdu zituen Lagun Arok, mundu bat, eta horrela ezin da irabazi. 2-11 eta 9-19 irabazten hasi arren. Hamabi minutu luze eman zituelako puntu bakar bat saskiratu gabe. Epaileek ere berena egin zuten, betikoaren alde: Doblasi eta Pankori bi falta adierazi hasi eta berehala. Hori ere ahaztu egin behar da. 30 puntuko kontrako aldea ahaztu, Madrilgo itzalaldia ahaztu. Nola? Han eta hemen Lagun Aroren liga hasiera bikaina izaten ari dela gogoratuz. Nork esan dezake kontrakoa? Inork ez.



Hiru mosketariak. Aberatsenek jardunaldi guztietan bultzatzen dute. Bost partida irabazi dituzten bakarrak dira Bartzelona, Baskonia eta Real Madril. Zortzi onenen artean sartzeko dema ere oso estua da. Zazpi talde daude 4-2 balantzearekin, eta jardunaldiko emaitzek zeharo alda dezakete panorama. Lagun Aro justu-justu dago zortzigarren, Madrilen 30 puntugatik galdu ostean. Manresa da partidarik irabazi ez duen bakarra, eta zulotik irteteko komeria asko izango dituzte. Hausnarketa eragiten du Valentziaren balantze eskasak -1-5- eta Cajasolen komeriek -2-4-. Ligak bosten bat erre du, dagoeneko, eta zuloan daudenek gero eta presio handiagoa sumatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.