Olaizola II.a 22. Arretxe II.a 13

Itzalita ere, oso erraz

Oso ondo jokatu ez arren, Lau t'erdiko Txapelketako finalerdietara sailkatzea lortu du Olaizola II.ak

Aimar Olaizola, pilota boleaz astintzen, atzo, Beotibarren, Arretxe II.a begira duela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Tolosa
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Iraupena. 39 minutu.

Pilotakadak. 212.

Sakez. Olaizola II.ak lau (eta bi falta); Arretxe II.ak hiru.

Markagailua. 5-0, 5-4, 7-4, 7-5, 11-5, 11-9, 12-9, 12-10, 16-10, 16-11, 18-11, 18-13 eta 22-13.

Bestelakoak. Giro polita Tolosako Beotibar pilotalekuan; hiru laurdenak beteta. Dirua Olaizola II.aren alde, nabarmen.

«Inoiz ez ditut egin bi falta saketik». Hortxe Aimar Olaizolaren azalpena. Zaleek ere ezin zuten sinetsi. 12-9 aurretik zela iritsi zen lehenengo sake luzeegia; 16-10 zihoazela bigarrena. Jokoan, pilota bat bidali zuen goizuetarrak lau t'erdiko marratik atzera, 5-3koa; eta beste lau huts ere pilatu zituen. Zazpi denera. Arraroa da hori Olaizola II.aren estatistiketan. Eta, hala ere, 22-13 nagusi. Batere sufritu gabe, finalerdietan da jada Olaizola anaietan gazteena. Atzo ere botilero lanetan izan zuen Aimarrek Asier, eta ez zen askorik nekatu zaharrena, ez dagoelako gauza askorik esan beharrik aurreko koadroetako artistari.

Lehen bost tantoak errenkadan egin arren, nahi baino gehixeago kosta zitzaion berotzea. «Baina banekien oso partida gogorra izango zela, lau partida irabaztetik zetorrelako Iker [Iker Arretxe], eta konfiantza handia daukalako. Gauzak oso ondo egin behar dira hari irabazteko». Goizuetarraren kasuan ez da erabat zuzena esan hori, gauzak oso ondo egin gabe ere erraz irabazten dituelako partida gehienak. 13 tanto egin zizkion Bengoetxea VI.ak final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian; eta 13 egin zizkion atzo ere Iker Arretxek. Gehiegi behartu gabe iritsi da finalerdietara.

Aurkaria falta zaio orain. Aurkari gogorra. Izan ere, Martinez de Irujo eta Barriolaren arteko igandeko partidako irabazlearen aurka ariko da goizuetarra finalerdietan. «Biak dira oso gogorrak, baina denen aurka irabazi behar da txapela jazteko». Ez da urruti ibiliko. Hori bai, atzo baino lan hobea egin beharko du helburua lortzeko.

Hutsak eta ezker gantxoak

Artekariak ia mutu zeudela, zabalean, txokoan (bi), sakez eta Arretxeren huts batekin, 5-0 aurretik jarri zen Olaizola II.a —une horretan, ehun hamarri ari ziren kantatzen artekariak; hutsaren hurrengoa—. Bizi iritsi da, ordea, Luzaidekoa Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetara, eta ondo behartu zituen goizuetarraren hutsak. Saketik eta bolearekin asmatuz, 5-4 eta 7-5 estutu zuen Arretxek markagailua. Behartu gabeko hiru huts eginda zegoen ordurako Olaizola II.a. Ez zebilen eroso... Saketik hiru tanto jarraian egin zituen arte. Onak izan ziren lehen biak; eraman beharrekoa 11-5ekoa.

Partida hausteko ez du askorik behar izaten goizuetarrak, baina beste bi huts pilatuta, 11-9 estutu zen lehia. Saketik falta egin berritan (12-10), 14-10ekoan egin zuen Olaizola II.ak lehen ezker gantxoa, eta hortxe askatu zuen barrua, beste bi egin zituelako jarraian (16-10), saketik bigarren falta egin aurretik. Ezker gantxoei helduta segitu zuen goizuetarrak, eta zabaletik bi paretak eginez Luzaidekoak (18-12). Saketik hirugarren tantoa ere lortu zuen Arretxek 18-13koan, baina hiru tanto onekin utzi zuen txapeldun handiak arerioa etsita. Erabat burumakur, zazpigarren hutsa ere pilatu zuen nafarrak 22-13koan.

Irabazlea finalerdietan begira geratu zen atzo Tolosako Beotibarren, eta galtzailea, larunbateko partidari begira. Bengoetxea VI.a edo Arretxe II.a, bi horietako bat izango da Berasaluze VIII.aren aurkaria beste finalerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.