Itzuleraren irrikaz

Alaves lanean da larunbatetik. Ander Gebara eta Niko Maras fitxatu ditu oraingoz Arabako taldeak. Mailari eustea izango du helburu

Alaveseko jokalariak, larunbatean, denboraldiko lehen entrenamendua hasi baino lehen. ALAVES.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailan jokatzeko irrikaz itzuli da Alaves entrenamenduetara. Ekainaren 17an lortu zuen berriz igotzea, azken-azkenean Levanteri irabazita. Balentria hori lortu eta hilabete eskasera jarri da berriz martxan. Larunbatean egin zuen lehen entrenamendua Ibaian, eta aste honetatik aurrera bete-betean dabil lanean Luis Garcia Plazak zuzentzen duen multzoa. Talde igo berria izanda, helburu argia dute: mailari eustea.

Bigarren Mailako liga berandu amaitu zenez, Sergio Fernandez kirol zuzendaria hasi besterik ez da egin datorren sasoirako taldea osatzen. Fernandezi orain aste batzuk berritu zioten kontratua hiru denboraldirako, eta lan dezente du aurretik. Izan ere, lehen mailan aritzeko talde lehiakorra atondu behar du. «Gure gaitasunen barruan ahalik eta talderik onena osatu nahi dugu. Segida eman nahi diogu multzoari, baina argi dago garapen bat ere izan behar duela, lehiakorragoak izateko eta zaleen artean berriz ere ilusioa sortzeko. Aurreko sasoian zaleen eta taldearen artean izan den lotura eta kimika horri eutsi nahi diogu».

Oraingoz, Realeko Ander Gebara eta Almeriako Nikola Maras fitxatu ditu Alavesek. Gebara doan fitxatu du, eta Maras, berriz, 1,5 milioi eurorengatik. Horretaz gain, Tomas Mendesi, Alex Balboari eta Ruben Duarteri kontratuak luzatu dizkiete. Balboari eta Duarteri 2026ra arte, eta Mendesi 2027ra arte. Gainera Alan Godoy, Florian Lejeune, Giorgi Gagua eta Abdallahi Mahmoud taldera itzuli dira utzita zeudelako.

Arabako taldean badira jarraituko ez duten jokalariak ere; hauek, adibidez: Antonio Blanco, Rober Gonzalez, Asier Villalibre, Nahuel Tenaglia, Taichi Hara, Jason Remeseiro eta Toni Moya. Horietako gehienak utzita zeuden. Hain zuzen ere, utzita egon diren Tenagliak, Blancok eta Villalibrek segitzea nahiko luke Fernandezek. Gainera, Victor Laguardia kapitainak larunbatean iragarri zuen 33 urterekin futbola utziko duela.

Kontrara, Luis Garcia Plazak bere agindupean izango ditu denboraldiaurrean bigarren taldekoUnai Ropero, Selu Diallo, Jose de Leon, Tomas Mendes eta Sebastian Pino. Joaquin Panichelli jokalariak, berriz, igoera kanporaketetako azken partidan, Levanteren aurka, belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta orain egun batzuk egin zioten ebakuntza. Jada errekuperazio fasean hasi da, baina sei hilabete pasatxo egongo da jokatu ezinik.

Bost lagunarteko

Gasteizko taldeak lagunarteko bost partida jokatuko ditu denboraldiaurrean sasoi berria prestatzeko. Uztailaren 22an Santandergo Racingen aurka jokatuko du. Horren ondoren, uztailaren 24an, Benidormera (Herrialde Katalanak) bidaiatuko du taldeak abuztu hasierara arte. Uztailaren 26an Teneriferen aurka jokatuko du Benidormen bertan. Gero Valentziaren aurka neurtuko ditu indarrak, uztailaren 29an, ateak itxita. Herrialde Katalanetatik bueltan Osasunaren aurka jokatuko du abuztuaren 4an, 11:00etan. Sasoiaurreko azken partida Burgosen aurka jokatuko du, abuztuaren 6an.

Arabako taldeak Cadizen aurka jokatuko du Espainiako Lehen Mailara itzuliko den lehenengo jardunaldian. Partida Cadizen zelaian izango da, abuztuaren 14an,19:30ean.

Alavesek izango du beste lantxo bat. Izan ere,abuztuaren 4an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa jaurtiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.