Iurbentiak Cholet edo Riga gainditu beharko du Eurockopako kanporaketan

Joaneko partida urriaren 28an izango da, Frantzian edo Letonian, eta itzulerakoa, azaroaren 4an, Bilbon

Aitor Manterola Garate.
2008ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Iurbentia Bilbo Basketek Frantzian edo Letonian ekin beharko dio Eurokopa txapelketari, iaz arte ULEB Kopa zenari. Halaxe zehaztu zuen atzo, Berlinen egin zen zozketak. Bigarren kanporaketan hasiko da lehian Txus Bidorretaren taldea, eta aurkaria Cholet frantziarra edo ASK Riga letoniarra izango du. Bietako nor den erabakitzeko, aurreneko kanporaketa jokatu beharko dute lehenik, eta garailearen zain izango da Iurbentia. Bilbotarrek etxetik kanpo jokatuko dute lehen partida, urriaren 28an. Astebete geroago, itzulerakoa, Bilbon izango da. Alde horretatik, abantaila izango dute, beraz.

Itxuraz, Cholet da lehen kanporaketa gainditzeko faboritoa. Frantziako saskibaloia Letoniakoa baino indartsuagoa da, eta gauzak bere horretan ateratzen badira, Choletekin lehiatu beharko du Iurbentiak Eurokopa-ko fase nagusian aritzeko. Iaz, Frantziako ligan, zortzigarren sailkatu zen, titulua lortzeko lehen kanporaketan Le Mansekin galdu eta gero. Letoniarrak, aldiz, bigarren izan ziren bertako txapelketan, eta hirugarren Baltikoko ligan. Lituaniarrekin eta estoniarrekin batera jokatzen dute liga hori.

Fase nagusiko multzoa

Berlineko zozketan, fase nagusiko multzoak ere zozkatu zituzten. Iurbentiak, baldin eta kanporaketa gainditzen badu, A multzoan jokatuko du. Hauek izango lituzke aurkariak: Chorale Roanne (Frantzia), KK Zadar (Kroazia) eta Maroussi (Grezia). Azaroaren 25etik urtarrilaren 13ra jokatuko da fase hori, eta denera, zortzi multzo daude. Bakoitzetik, aurreneko biak sailkatuko dira bigarren fasera. Iurbentiak, kanporaketa gainditzen badu, aurkari gaiztoak izango ditu. Greziako taldea ez da hango indartsuena, baina, oro har, aurkari gogorrak izaten dira. Kroaziarrak ere ez dira kamutsak, talentudun jokalariak izaten dira eta. Frantziakoen aurka aritzea ere ez da erraza, oso azkar eta bizi jokatzeko joera dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.