Kirol ibilbidean inoiz izan duen asterik distiratsuena igaro berri du Eñaut Urreisti puntistak (Mutriku, Gipuzkoa, 2005). Konpromiso handiko egunak izan zituen joan den astean, baina benetan biribil jardun zuen, hasi eta buka. Lehenbizi, Donibane Lohizunen (Lapurdi) txapel preziatuaren jabe egin zen binaka, Thibault Basquerekin batera. Bikotekide bera lagun, Bilboko Iron Cupeko lehen partida irabaztea lortu zuen ostiralean. Hori aski ez, eta, estreinako aldiz, banakako txapelketa irabazi zuen Berriatuan (Bizkaia), Ludovic Ladutxe mendean hartuta larunbat gauean. Zesta-puntatik izar batzuk erretiratu diren honetan, beste izar bat sortzear dela erakutsi du Urreistik, soilik 21 urterekin.
Zure bizitzako asterik onena izan al da igaro berri duzuna?
Kirol arloari dagokionez, bai. Ilusio handiz ekin nion asteari, gerora zer zetorkidan batere pentsatu gabe, eta jokoan neuzkan hiru partidak irabazi nituen. Horietatik bi finalak ziren, gainera. Ez nuen espero partida denetan garaile aterako nintzenik, baina fisikoki oso ondo amaitu nuen egun guztietan, eta horrek lagundu zidan partida guztiei berme handiarekin aurre egiten. Oso pozik nago, eta nire ingurukoak ere hala daude. Zorion mezu pila bat jaso ditut, eta oso polita da horrela sentitzea, ez bainago ohituta.
Lehen bi garaipenak binaka izan ziren, eta larunbatean iritsi zen partidarik handiena. Are bereziagoa izango da banaka txapeldun izatea, ezta?
Nire lehen txapela izan da banaka, eta oso berezia da. Uste dut balentria handia egin dudala buruz buruko txapela irabazita. Txapelketa hasieran ez nengoen faboritoen artean, baina pausoz pauso tokia egin dut, eta oraindik sinetsi ezinda nago zer lortu dudan. Opari bat zen finalean egotea, eta zer esanik ez txapela etxean edukitzea. Presiorik gabe jokatu dut txapelketa osoan, eta horrek mesede egin dit.
Final-laurdenetan Unai Lekerika menderatu zenuen, eta finalerdietan, berriz, handietan handiena: Aritz Erkiaga. Zer da zuretzat hari irabaztea?
Lekerika mendean hartzea kosta zitzaidan, baina ondo jokatu nuen, eta konfiantzaz heldu nintzen Erkiagaren kontrako neurketara. Batere presiorik gabe jokatu nuen, galtzeko ezer gabe, eta motibazioz gainezka. Erkiagaren kontra jokatzea sekulako motibazio iturria da guretzat. Berak galtzeko gehiago zeukan, eta nabaritu egin zitzaion. Nik gozatu egin nuen kantxan, partidak aurrera egin ahala sinetsi egin nuen aukerak neuzkala, eta bukaeran sekulakoa izan zen irabazi nuela ikustea. Ezin daiteke hitzez azaldu.
Erkiaga eredua izan al da zuretzat?
Bai, niretzat eta nire adineko aurrelari guztientzat Erkiaga izan da eredurik nabarmenena. Baita Iñaki Osa Goikoetxea ere. Winter Seriesa hasi zenean, Erkiaga ikustera joaten ginen, eta begira orain non gauden gu. Goixerri ere eredu izan dut txikitatik; besteak beste, entrenatzailea izan dudalako. Erkiaga aipatuta, ordu dezente pasatu ditut harekin, bioi tokatu izan baitzaigu euskal selekzioa ordezkatzea Nazioen Ligan. Elkarrizketa asko izan ditugu, eta beti eman izan dizkit aholkuak. Asko erakusten dit, eta asko eskertzen diot.
Finalean Ladutxe menderatu zenuen, 2-0. Zer-nolako partida izan zen?
Fisikoki ikaragarri gogorra. Pilota motel batekin aritu ginen biok, eta tanto guztietan nor baino nor gehiago jardun. Detaile txikiek baldintzatu zuten lehia, eta fisikoki ongi prestatuta egoteak urrearen balioa izan zuen niretzat. Emaitza ikusita, pentsa daiteke errazago irabazi nuela, baina izerdi asko bota behar izan nuen txapela janzteko.
Sasoia ez ezik nortasuna ere baduzula erakutsi duzu, nahiz eta soilik 21 urte izan.
Ez naiz kikiltzen diren horietakoa. Berriatuan, etxetik gertu egonik, aldeko jende asko neukan harmailetan, eta hazi egin nintzen. Momentu kritikoenetan piztu egin ninduten, eta, gaztea izanagatik, gustatzen zait ausart jokatzea. Lehen urduriago jartzen nintzen, baina orain hobetu dut alde horretatik ere. Badakit odol berokoa naizela eta ikasi behar dudala gutxiago arriskatzen eta hotz edota egoeraren arabera jokatzen, baina niri horrela jokatzen erakutsi didate, eta ez naiz asko aldatuko.
«Badakit odol berokoa naizela eta ikasi behar nukeela gutxiago arriskatzen eta hotz jokatzen. Baina niri horrela jokatzen erakutsi didate, eta ez naiz asko aldatuko»
Odol hotza Winter Seriesean beharko zenuten Imanol Lopezek eta biok, epaileen erabaki okerren ondorioz geratu baitzineten txapelketatik at. Pasatu al da disgustua?
Arantzak barruan iltzatuta daukat oraindik ere. Lopezen azken Winter Seriesa zen, eta finalera heldu nahi genuen. Beste gauza bat da gure hutsengatik kanporatzea, baina ez zen hala izan. Oso mingarria izan zen gertatu zitzaiguna. Ez zen justua izan bi astez jarraian epaileek gure aurka egitea, baina tira. Kosta zitzaidan buruz egoerari buelta ematea, baina, zegoena onartu, eta hortik ere asko ikasi dut. Galtzean gehiago ikasten da.
Lopez joan da, Goikoetxea ere joan zen, Erkiagak 39 urte ditu… Zesta-puntak badu arriskua izarrik gabe geratzeko?
Ez, etorkizuna bermatuta ikusten dut. Entrenamenduetan nabari da gazteok sasoiko gaudela, eta, adibidez, joan den igandean Iparraldean izan nintzen, zesta-puntako haurren topaketa batean. Hirurehun haur baino gehiago aritu ziren pilotan, eta horrek sekulako poza ematen du. Olatu gainean dago zesta-punta, eta ez dut arriskurik ikusten hori bukatzeko. Euskal Herriko klubetan gero eta ume gehiago dabil, gazteek gero eta maila hobea dute, eta, izar batzuk erretiratu arren, sortuko dira beste batzuk.
Zu zeu zesta-puntatik bizitzeko moduan zaude?
Hala bizi naiz, baina kontuan izan behar da 21 urte ditudala. Mutrikuko eskolan umeei erakusten aritzen naiz, eta horrek ez dit oztopatzen lehiatzen jarraitu ahal izatea. Zorionez, Eramanek gero eta jaialdi gehiago antolatzen ditu. Esango nuke urte guztiko egutegian ez dagoela aste bakar bat ere jaialdirik gabe. Hori sekulako garaipena da.
Eramanen zirkuituko zerrendan lehen postuan zaude, 7.820 puntu bilduta. Erkiaga daukazu bigarren, kasik 500 puntura.
Halaxe da, eta oso pozik nago, baina hankak lurrean ditut, eta hobetzen jarraitzea da nire asmoa. Hobetzeko tarte handia daukat. Lanean segituko dut ahalik eta txapel gehien irabazteko asmoz. Euskal selekzioari dagokionez ere badaukat erronka bat aurtengo urteari begira. Argentinan jokatuko da Munduko Txapelketa, urrian, eta hautatzen banaute, buru-belarri prestatuko naiz.