Izar bihurtutako haur amestia

Baskoniak Bartzelona hartuko du gaur, Euroligako zortzigarren jardunaldian. Dario Brizuela donostiarra aurtengo udan iritsi da Bartzelonara, Unicaja utzi ostean.

Dario Brizuela saskibaloi jokalari donostiarra Bartzelonaren entrenamendu batean, aurten. FC BARCELONA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Euskal saskibaloi jokalaririk onena da gaur egun Dario Brizuela. Oso gazte zela utzi zuen bere jaioterria, Donostia, eta Madrilera jo zuen bere ametsa betetzera. Estudiantesen hasi zuen bidea, eta, Unicajan jokalari kuttuna izan ostean, Bartzelonara iritsi da aurten. Udako zurrumurruetan, sarritan aipatu da haren izena Baskoniarekin lotuta. Dusko Ivanovicenek kate motzean lotu beharko dute gaur. Buesa Arenan neurtuko dituzte indarrak, Euroligako zortzigarren jardunaldian (20:30, Movistar).

Ondo baino hobeto ezagutzen dute jokalari donostiarra Xabier Zubimendik eta Gorka Nuñezek. Biek egin zuten lan harekin Donostiako Easo Basket klubean, eta Nuñez oraindik harekin aritzen da udaro. Ederki gogoratzen du Zubimendik noiz ezagutu zuen jokalari donostiarra. Klubaren saskibaloi eskolan entrenatzen ikusi zuen lehenengoz, eta hasieratik ohartu zen haur «berezia» zela zeukan gaitasunagatik: «Edozein eratara saskiratzeko gaitasuna zeukan txikitatik. Ikusten zen jokalari berezia zela, oso nabarmen, gainera. Berezkoa zuen, ez zen inori ikasia».

Easo Basketeko entrenatzailea da Zubimendi. Urte asko daramatza gazte mailetako haurrak eta gazteak entrenatzen. Horietako bat izan zen Brizuela. Gipuzkoako Selekzioan entrenatu zuen lehendabizi, eta Easo Basketen handik pare bat urtera. Desabantaila fisikoari aurre egiteko zeukan joko lotsagabea nabarmendu du Zubimendik, hitzaren zentzurik onenean: «Dariok ia beti jokatu zuen urtebete zaharragokoekin, eta oso txikia zen. Garaieraz eta gorputzez. Berandu hazi zen, eta desabantaila fisiko handia zeukan aurkariekin alderatuta. Baina horri aurre egiteko gaitasun teknikoa ere bai. Eta erraz saskiratzen zuen baloia».

Haur haren izaera ere berezia zela oroitzen du Zubimendik. Oso gazte bizia eta lehiakorra zen. «Irabazteko baloia berak izan behar bazuen une oro, ez zion inori emango. Ni saiatu nintzen erakusten horrek ez duela balio talde gisa aurrera egiteko, eta, denbora aurrera joan ahala, ulertu zuen. Behin, partida batean aldageletara bidali nuen. Baina frustrazioa ondo eramaten ikasi zuen pixkanaka-pixkanaka. Asko hobetu zuen, eta horretan oso garrantzitsua izan da etxean jaso duen heziketa. Bikaina izan da».

Donostiako kiroldegietan hasi, eta Palau Blaugranan ari da orain. Telebistatik ikusten ditu Zubimendik haren partidak, eta barrez lehertzen dela dio. «Harro nago, baina barrez lehertzen naiz. Gipuzkoako ligan egiten zituen bakarkako jokaldi asko egiten ditu gaur egun goi mailako edozein aurkariren aurka. Nik erakutsi nizkiola esango nizuke, baina ez, berezkoak zituen».

Lanketa fisikoa

Nuñezen kasua ere antzekoa da. Gaur egun Araskiko prestatzaile fisikoa den arren, hainbat taldetan egin du lan; adibidez, Easo Basketen. Han lanean ari zela ezagutu zuen Brizuela, eta, haren hitzetan, «hasieratik» konektatu zuten. «Haur eta jokalari zailaren sona zeukan. Baina hasiera-hasieratik erlazio bikaina izan genuen. Oso haur lehiakorra zen, oso ausarta zen pistan, eta ardurak bere gain hartzea gustatzen zitzaion».

Fisikoari zegokionez, oso txikia eta meharra zen; baina horrek, desabantailak ez ezik, abantailak ere baditu. Azken horiek sendotzen ahalegintzen zen Nuñez. «Oso azkarra zen; jauziak, azkartasuna eta azelerazioa lantzen genituen gehienbat, eta, orain, haren gaitasun nabarmenenak dira».

Oso gazte egin zuen Madrilerako bidea, Estudiantesek fitxatuta. Baina bien arteko erlazioa oso ona zen ordurako, eta konfiantzazkoa. Horregatik, joan zen egunetik gaur arte elkarrekin lan egiten dute jokalariak eta prestatzaileak.«Elkarrekin lan egiteko hautua egin genuen, bere klubetako prestatzaile fisikoak errespetatuz baina beste eduki batzuk gehituz.Hasieran, trebakuntzan eta garapenean jartzen nuen arreta. Aurrerago, berriz, pistan aurkitu ditzakeenak lantzen hasi ginen».

Haur batekin lan egiten hasi zen Nuñez, eta 28 urteko izar batekin egiten du lan gaur egun. Hortaz, lan egiteko modua aldatu behar izan dute. «Bere kluben lana errespetatzen dugu. Eta entrenatzaileak pistan egiteko eskatzen dizkion mugimenduak hobetzen saiatzen gara. Lan asko egiten dugu, pistan eta bideoen bitartez, baina batez ere udan. Asko ikasi du. Analizatzeko gaitasun ona dauka, eta badaki noiz eta zer behar duen. Batzuetan, atsedena behar izaten du, eta, beste batzuetan, nirekin aritzea. Baina helburua bera da beti: haren indarguneak hobetzea, garaian garaiko entrenatzaileak nahi dituen xehetasunak kontuan hartuta».

Zubimendik bezala, jokatzen ikusten duenean barrez lehertzen dela dio Nuñezek ere. Baina malkoren bat ere isuri duela aitortu du: «Nik haurra zela ezagutu nuen, eta bere ametsak kontatzen zituen. Dariok saskibaloi jokalari izatea baino ez zuen buruan, eta gogor lan eginez lortu zezakeela sinetsarazten saiatu ginen. Ametsa bete du, eta ez ditu ahaztu ez lagunak, ez eta xedea betetzen lagundu diotenak ere. Horrek erakusten du nolako pertsona den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.