Real Madrileko eta Italiako Ligako talde indartsuenetako jokalariek osatzen dute Frantziako L'Equipe kirol egunkariak urtero aukeratzen duen urteko hamaikakoa. Hamaika dira aukeratuak: Gianluigi Buffon(Juventus) atezaina; Liliam Thuram (Juventus), Paolo Maldini (Milan), Alessandro Nesta (Milan) eta Roberto Carlos (Real Madril) atzelariak; David Beckham (Real Madril), Claude Makelele (Real Madril eta Chelsea), Pavel Nedved (Juventus) eta Zinedine Zidane (Real Madril) erdilariak; eta Thierry Henry (Arsenal) eta Ronaldo (Real Madril) aurrelariak.
Herrialdeka, Frantziako jokalariak dira jaun eta jabe: lau (Thuram, Makelele, Zidane eta Henry). Italia oso hurbil dute, hirurekin: Buffon, Maldini eta Nesta. Brasilek, berriz, bi ditu (Roberto Carlos eta Ronaldo), eta Erresuma Batuak eta Txekiar Errepublikak bana: Beckham eta Nedved. Oso bitxia da Real Madrilek ia hamaikako erdia osatu arren, bost jokalarik jokatu dute aurten Madrilgo taldean, Espainiako jokalaririk ez agertzea. Horrek agerian uzten du talde horrek harrobiarekin duen jarrera eskasa.
L'Equipe-k, halaber, Europako talde nagusien azterketa txikia egiten du azken alean. Frantziako kirol egunkariaren arabera, Real Madrilek du Europako joko eta talde onena. Hala ere, jokalari bikainak izatea txapelketak irabazteko aski ez dela dio L'Equipe-k. Hori arrazoitzeko, Milanen adibidea jartzen du. Italiako taldeak lan nahiko eskasa egin zuen urtean zehar, baina, azkenean, Txapeldunen Liga irabazi zuen.
FUTBOLA
Izarrak nonahi
Urteko hamaikako onena kaleratu du 'L'Equipe' egunkariak; Frantziako eta Italiako jokalariak dira nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu