Izerditu beharko dute

Osasuna zulotik ateratzeko erronka onartu du Joaquin Caparrosek. Ibilbide oparoko teknikaria da: denera 490 partida zuzendu ditu Lehen Mailan. Lana eta esfortzua dira haren metodologiaren ardatz nagusiak.

enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ziklo berri bat hasi da Osasunan. Enrique Martin Monrealen kargugabetzeak aldaketa ekarri du ezinbestean. Entrenatzaile nafarraren gidaritzapean, Nafarroako taldeak aro oparoa izan du azken urte eta erdian: amildegiaren ertzean zela, Bigarren B Mailari izkin egin zion lehenik, eta Lehen Mailara igotzea lortu zuen ondoren. Haatik, azkenaldian dinamika ezkorrean murgilduak ziren gorritxoak, burua ezin altxaturik. Hartara, finean klubeko zuzendaritzak teknikaria aldatzea erabaki zuen joan den astean, eta beste aro bati hasiera eman zion. Joaquin Caparrosek (Utrera, Espainia, 1955) hartu du Martinen lekukoa. Haren esku dago orain taldea zulotik ateratzeko erronka. Gogotsu eta ilusioz beterik iritsi da Caparros, eta, batez ere, aldaketa sakonak egiteko intentzioz; batik bat metodologian.

Gogor ari zaie egiten jokalariei. Ez ziren sasoi txarrean, baina egunean bi entrenamendu jarri dizkie orain arte. Eta entrenamenduak ez dira preseski leunak izaten ari: indar zirkuituak eta antzeko proba fisikoak ari dira egiten batez ere. Caparrosen metodologia ondo baino hobeto ezagutzen du Ustaritz Aldekoaotalorak (Abadiño, Bizkaia, 1983). Lau denboraldi eman zituen espainiarraren esanetara, Athleticen. Haren hitzetan, prestakuntza fisikoa da Osasunako entrenatzaile berriaren filosofiaren «ardatz nagusietako bat».

Izan ere, bere joko estilorako beharrezkoa da jokalariak puntu-puntuan izatea. Joko fisikoa egin nahi izaten du, presio bortitz eta trantsizio azkarrekin. Hala uste du Ustaritzek: «Sasoiko egotea beharrezkoa da, neurketetan intentsitate handiz jardutea eskatzen baitu. Jokalariek bete-betean egon behar dute». Abadiñoko atzelariarekin bat dator Ion Velez (Tafalla, Nafarroa, 1985). Harentzat ere aski ezaguna da Caparros, hiru urtez aritu baitzen harekin Athleticen. Aurrelari nafarraren aburuz ere, asko eskatzen duen entrenatzaile bat da: «Intentsitatearen alorra asko lantzen du. Taldeak kartsuak eta indartsuak izatea gustatzen zaio».

Jite horrek arrakasta ekarri dio hainbatetan Caparrosi. Izerdiaren bidetik, proiektu sendoak eratu zituen Sevillan eta Athleticen. Espainiako taldean, gaur egungo loriaren hazia hark jarri zuela esan daiteke. Lehenik, behea jota zegoenean suspertu egin zuen, eta Lehen Mailara igo; eta, ondoren, elitean arrakasta lortu ahal izateko habeak jarri zituen. Bilboko egonaldiari dagokionez, lau urtez aritu zen Athleticen, eta jarritako kirol helburuak ongi baino hobeto bete zituen. Egonkortasuna ekarri, eta aurreko urteetako estualdiak ahantzarazi zituen. Alta, haren lanak ez zituen zale denak gogobete, taldeak ez baitzuen jokatu nahi bezain modu ikusgarrian. Hori haren filosofiaren ondorio zuzena da, emaitzak ororen gainetik jartzen baititu.

Hark zuzenduriko taldeak ez dira baloia ukitu eta ukitu aritzen diren horietakoak. Joko zuzen eta azkarra lehenetsi ohi du. Nolanahi ere, Ustaritzen iritziz, baloiarekin jokatzeko orduan Caparrosek ez du estilo zurruna. «Estiloa jokalariek markatzen dute haren taldeetan. Jokalari teknikoak baditu, joko ikusgarriagoa egiten du. Ez dut uste haren taldeek beti joko aspergarria erakutsi dutenik». Horrekin bat dator Velez: «Jokoa beti taldearen estilora egokitzen du. Jokalariak ez badira motzean jokatzeko aproposak, ez da horretan tematzen; eta alderantziz, jokalari hobeak baditu, gehiago jokatzea eskatzen du. Beti garbi izanik futbolean emaitzek agintzen dutela».

Harrobiari begiratu zalea

Caparrosen metodologiaren beste ezaugarrietako bat da lantalde zabala erabiltzea. Ohi ez bezala, Iruñera soilik laguntzaile bakarra ekarri du, Luci Martin, baina lehendik zegoen antolaketa zabaldu egin du, Taxoareko hainbat teknikari lehen taldearen dinamikan txertatuz. Horrela, analista bat, indar teknikari bat eta berregokitze fisikorako arduradun bat batu dira lehendik zegoen antolamendura. Eta, horrez gain, askoren harridurarako, entrenamenduak grabatzeari ekin dio. Ustaritzek aitortu duenez, Athleticen ere hala egiten zuen: «Dena grabatzea gustatzen zaio. Horrela, okerrak topatuz gero, zuzentzen saiatzen da. Metodo ona da».

Hori horrela, Velezek azpimarratu du Osasunaren estilorako teknikari ezin aproposagoa izan daitekeela. «Talde oso batua dauka Osasunak, zelai oso beroa. Egoera horretan, uste dut Caparros baino teknikari egokiagorik nekez aurki lezakeela». Gainera, entrenatzaileak berak aurkezpenean nabarmendu bezala, harrobiari garrantzi handia eman ohi dio, eta Osasunan ere gauza bera egiteko intentzioa dauka. Hortaz, ez dirudi Nafarroako taldeak gazteen alde apustu egiteari utziko dionik. Hala uste du, bederen, Ustaritzek: «Seguru nago harrobiko jokalariei aukerak emango dizkiela. Athleticen harrobiari asko begiratu zion. Maila ona duten gazteak begiz jotzea gustatzen zaio». Iritzi berekoa da Velez; haren esanetan, Martinen ildoari jarraituko dio «ziur-ziur».

Osasuna zulotik ateratzeko gai izango ote den galdetuta, Velezek garbi dauka: gauzak «ongi» joango zaizkio. «Gogotsu ikusten dut. Nire iritziz, Osasuna suspertzeko gai izango da». Horretarako, baina, badu zer aldatu eta zer egin. Taldeak oso makal hasi du liga, eta, entrenatzaile aldaketaren ostean, jokalariak ez dira garairik gozoenean izango aldarte aldetik. Haatik, alde horretatik ere badirudi Caparros teknikari aproposa dela gorritxoentzat, motibatzaile oso iaioa baita. Ahalmen horri esker, lur jota ziren taldeak iratzartzeko kapaza izan da behin baino gehiagotan; horren lekuko dira, Sevilla eta Athleticez gain, Levante eta Mallorca. Ustaritzen aburuz, motibatzaile izaera hori «berezkoa» du, eta, horri esker, jokalariak zelaira «gogotsu» ateratzea lortzen omen du. Velezek ere motibatzaile izaera hori aitortu dio teknikari espainiarrari. «Badaki jokalariak nola kitzikatu. Alde horretatik, uste dut Osasunari mesede handia eginen diola. Taldea beste aldarte batekin iritsiko da hurrengo partidara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.