Golak: 1-0: Lekicek (4. min.). 2-0: Lekicek (22. min.). 2-1: Alexisek (51. min.). 3-1: Raul Garciak (55. min.). 3-2: Tellok (73. min.). Epailea: Paradas Romero. Txartel horiak:Osasunako Raul Garcia eta Puñali; eta Bartzelonako Sergi Roberto, Dani Alves, Alexis, Mascherano eta Valdesi. Bestelakoak: 17.284 ikusle Nafarroako Erresuman, Lehen Mailako 23. jardunaldiko partidan.
Hotz ikaragarria egiten zuen. Nafarroako Erresumako futbol zelaiko berdegunea egoera kaskarrean zegoen azken asteetako izotzaldien ostean. Baina bi taldeentzat ziren baldintzak aldrebesak, eta Osasuna berehala berotu zen. Bartzelona, berriz, bigarren zatira arte izoztuta geratu zen. Raul Garcia bikain aritu zen partida osoan, Dejan Lekicek lehen ordu erdian bi gol sartu zituen, eta amaieran sufritzea egokitu baldin bazitzaien ere, hiru puntuak gorritxoentzat izan ziren azkenean. 2012ko lehen garaipena izan zen Osasunarentzat. Garaipen garrantzitsua. Aurkaria zein zen ikusita, hiru puntuez gain, galtzear ziren konfiantza eta adorea berreskuratzeko balioko die atzoko norgehiagokak gorritxoei, zalantzarik gabe.
Hotz zelairatu zen Bartzelona, eta izoztuta geratu zen Pep Guardiolaren taldea bosgarren minutura iristerako. Izan ere, Lekicek partida hastearekin batera lortu zuen lehen gola. Ezker hegalean dotore mugitu zuten baloia Osasunako jokalariek, Raitalak Raul Garciari eman zion pasea, Puyol baino azkarrago aritu zen Zizurreko erdilaria, eta baloi dotorea utzi zion Lekici area barruan. Serbiarrak ez zuen huts egin, eta hasi orduko markagailuan aurretik zen Jose Luis Mendilibarren taldea.
Zero azpitik hiruzpalau graduko tenperaturak ez ezik, gorritxoen golak ere izoztu egin zituen Guardiolaren jokalariak. Alexis Sanchezi legezko gol bat baliogabetu zion Paradas Romero epaileak, marrazainaren aginduz, eta Messik bitan jarri zuen lanean Osasunako atezaina. Baina Andres Fernandez ikaratu ere ez zuten egin kataluniarrek orokorrean. 23. minutuan, gainera, Lekicek bigarren gola sartu zuen. Raul Garciak eskuin hegalera bidali zion baloia Cejudori, eskuin hegaleko erdilariak erdiraketa ona egin zuen, eta Lekicek aurre hartu zien, berriz ere, Puyol eta Piqueri. 2-0.
Lehenaz gain, nafarren bigarren golak ederki hoztu zituen Bartzelonako jokalariak. Atsedenaldia bitartean Bartzelonak erasoan ez zuen ia ezertxo ere egin. Atzo Iruñean galduz gero, liga Real Madrili esku-eskura utziko ziotela jakin arren, ez zuten garaiz errakzionatu kataluniarrek. Alexisi beste gol bat ere baliogabetu zion epaileak, aurrez baloia eskuarekin nabarmen kontrolatzeagatik. Beste ezertxo ere ez zuen egin Guardiolaren taldeak. Cesc, Xavi eta Iniesta ordezkoen aulkian utzi zituen, eta Bartzelonak ez zuen ohiko erraztasunik izan zelai erdian baloia mugitzeko orduan.
Bigarren zatian joera hori aldatzen saiatu zen Guardiola, atsedenaldiaren ondotik Puyol eta Pedroren ordez Isaac Cuenca eta Tello gazteak zelairatuta. Eta beste itxura bat eman zuen Bartzelonak bigarren zati horretan. Alexis Sanchezek seigarren minutuan 2-1ekoa sartu zuenean, markagailua iraultzeko aukera izango zutela zirudien. Osasunako atzelariek zutik egoteko ere arazoak zituzten euren area inguruan. Izotzaren ondorioz, zelaia oso egoera txarrean zegoen. Bigarren zatian han sartuta izan zituen Bartzelonak une askotan. Hargatik, Valdesek gaizki urrundu zuen baloi bat baliatuta, Osasunak hirugarren gola sartu ahal izan zuen. Lekicek Ninori eman zion baloia, eta haren erdiraketa sareetara bidali zuen Raul Garciak, ezkerrez.
Polemika azken minutuetan
Tello gazteak 3-2koa sartu zuenean suspertu zen Bartzelona. Puñalek baloia zutoinera bidali zuen jokaldian azken orduko sufrimendua saihesteko aukera izan zuen Osasunak, baina sufritu egin behar izan zuten nafarrek. Polemika ere izan zen: Alexis Sanchezi beste gol bat baliogabetu zioten. Marrazainak legezko gola zela uste zuen arren, epaileak ondo ikusi zuen Sergi Robertok ukitu zuela baloia Alexisek gola lortu aurretik. Ez zen ikusteko erraza, baina Cescen pasearen unean hala ez baldin bazegoen ere, Sergik baloia ukitu zuenean jokoz kanpo zegoen txiletarra. Bartzelonako jokalariak sutan zeuden. Ez zen giro aulkian ere. Baina epaileak asmatu egin zuen. Besteak beste, Andres Fernandez atezaina gero eta hobeto dagoelako eutsi zion Osasunak 3-2koari.
OSASUNA 3. BARTZELONA 2
Izoztuta geratu da Bartzelona
Osasunak hobeto ekin dio partidari, Lekicen bi goli esker, eta amaieran sufritu arren, etxean geratu dira hiru puntuakLehen zati negargarria egin ostean, Bartzelonak ia-ia agur esan dio ligari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu