Kirolean ere aritzen da Patricia Ramirez psikologoa, eta hari irakurria, atzo goizean: «Gauza bat ez denean zuretzat, ez da, eta ez alferrik saiatu». Ezezkoa denean, ezezkoa izaten dela, alegia. Ezin dela. Arrazoi bat edo bestea tarteko. Horixe pentsatuko dute Kaikuren aurkariek Bizkaiko traineru txapelketa jokoan den bakoitzean. Ezinezkoa da Kaikuri bandera kentzea. Atzo ere, herrialdeko txapelketa bereganatu zuen, laugarren urtez jarraian.
Lekeition izan zen estropada, eta hankapean ibili zituen txandako beste traineruak: Urdaibai, Portugalete eta Zierbena. Dena dela, hasieran, beste itxura bat hartu zuen lehiak; izan ere, lauretan bizien Portugalete atera zen, eta lehen luzearen erdira gertura- tzen ari zirela, Kaikuren aurretik zen. Geroko txapelduna beste baten atzean ikusteak harridura eragin zuen, Kaikuren ezaugarri handienetakoa baita txistuan ateratzea eta brankaz estropadak haustea. Egoera horrek, ordea, ez zuen asko iraun. Bere-berean joanez, ziabogara hurbiltzen ari zirela nabarmen ikusten zen burua hartuta zihoala. Lehen luzea izanik, ez ziren alde handiak, Zierbnari atera ziona izan ezik. Gertu zituen Portugalete eta Urdaibai, txapelketa irabazteko beste faboritoa.
Une horretan hautsi zuen estropada Kaikuk. Bigarren luzearen lehen metroetan, buruari eustearekin ez zen gogobete, eta aldeak handitzeko lana ederki egin zuen. Ordurako, Urdaibaik ere tarte bat kentzen zion Portugaleteri. Bigarren luze horren erdialdera heldu zirenean, piramidearen itxura zeukan hirukoteak: Kaiku aurretik, Urdaibai goiko puntan eta Portugalete atzetik. Elkarren arteko aldea hamar bat segundorena zen. Bazen tartea Kaikuren alde, bigarren luzea osatzeko zutenean. Argi zegoen hautsia zuela ordurako txapelketa eta laugarren aldiz irabaziko zuela, oker handirik izan ezean. Halakoak ziabogetan gerta daitezke, baina atzo itsasoa egoera onean zen, eta okerrik ez zen egon. Bigarren aldiz traineruari bira eman ziotenean, aldeek bere horretan segi- tzen zuten.
Hirugarren luzean eta azkenekoan ez zen ezer askorik aldatu. Gora egin zuen aldeak, eta Kaiku bakarrik sartu zen bukaeran, balizen artean. Garaile, eta nabarmen gainera. Bere txapelketa du, jabego pribatu bilakatu du, eta beste inori ez dio sartzen uzten. Bereak dira giltzak, eta ondo gordeta dauzka. Deigarria izan zen helmuga zeharkatu orduko garaileek ez zutela keinu adierazgarririk egin. Ez ziren harrituko irabazteaz. Esperoko zuten.
Irabazlearen atzetik, Urdaibai sartu zen. Burua makurtuta. Ia hamasei segundora. Bazen ikusmina bien arteko lehia ikusteko, San Miguel ligako araudiez kanpo, talderik onenak uretan izateko aukera baitzuten klubek. Atzo, behintzat, gauzak hobeto egin zituen Kaikuk. Hirugarren lekuan Portugalete heldu zen, 31 segundora. Horixe espero zen estropadaren aurretik, eta ez zen ezusterik izan alde horretatik.
Santurtziren lan bikaina
Beste txandetan, nabarmentzekoa izan zen Santurtziren lana. Erraz irabazi zuen bigarren txanda, eta bi segundo pasatxo bakarrik atera zizkion Portugaletek. KAE 1 ligan bigarren doa, eta San Miguel ligako hamargarrena oso gertu izan zuen. Baina ez dira baleko erreferentziak igoerako kanporaketara begira, araudiak tarteko. Behintzat, Euskadiko txapelketan izango da, lehen hirurekin batera.
Jabego pribatu bilakatu du
Kaikuk irabazi du Bizkaiko traineru txapelketa, Lekeition, oso erraz, eta laugarren titulua lortu du jarraianUrdaibaik egin du bigarren, Portugaletek hirugarren, eta Santurtzik laugarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu