Atleta

Tessy Ebosele: «Jabetu naiz uneaz eta egunerokoaz askoz gehiago gozatu behar dudala»

Tessy Ebosele lehiatzen hasi berri da, hamasei hilabetez min hartuta egon ostean. «Uste baino hobeto» dabil, baina «poliki» egin nahi du bidea. «Asko gozatzen ari naiz prozesuaz».

Tessy Ebosele. SERGIO PEREZ / EFE
Tessy Ebosele. SERGIO PEREZ / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guadalajaran (Espainia) dago Tessy Ebosele (Gasteiz, 2002). Han du bizilekua 2021eko udazkenetik, eta han entrenatzen da. Arratsaldea da, eta ikasten ari da. «Zuzenbidea ikasten nabil, online. Nola nabilen? Hortxe-hortxe», aitortu du barrez. Hobeto dabil pistan: indartsu itzuli da lehiara, hamasei hilabetez min hartuta egon eta gero. Lehen proban gutxigatik ez zuen hobetu bere marka luzerako jauzian.

Zera esan zenuen duela hamasei hilabete, ezker oinean ebakuntza egin zizutenean: «Ez dakit noiz, baina itzuliko naiz». Itzuli zara?

Horretan nabil. Salamancan lehiatu nintzen lehenbizi denboraldi honetan, eta oso emaitza ona lortu nuen, espero baino askoz hobea. Oso pozik nago. Baina denbora gutxi daramat serio entrenatzen, martxo amaieratik. Gaur-gaurkoz, nire helburuak hauek dira: sasoiko jartzea, lesiorik ez izatea, eta denboraldi honetaz gozatzea.

Salamancan 6,74 metro egin zenuen jauzi, zure markarik onena baino sei zentimetro eskas gutxiago. Ezustekoa izan zen horren ondo aritzea?

Bai. Aurreikuspen guztiak gainditu nituen. Pixkanaka lehiari neurria hartzea zen lehiaketa hori jokatzearen helburua. Ez nuen espero horren ondo aritzea, inola ere ez. Emozio handia piztu zitzaidan esan zidatenean zenbateko saltoa egin nuen.

Berezia izan zen lehen aldi hori?

Bai. Oso urduri nengoen. Lehenik, aspaldiko partez bidaiatu egingo nuenez, direnak eta ez direnak sartu nituen maletan. Ez nintzen gogoratzen nola egiten zen maleta bat lehiaketa batera joateko. Eta, gero, pistan, ez nintzen gogoratzen ezta nola berotu behar nuen ere. 

Hamasei hilabete egin dituzu lehiatu gabe. Nola bizi izan duzu?

Bolada oso txarrak egon dira, baina baita une oso onak ere. Gauza asko ikasi ditut, eta asko pentsatu dut zer egin behar dudan atleta hobea izateko. Horrez gain, denbora izan dut etxekoekin eta lagunekin egoteko, eta neure buruari denbora gehiago eskaintzeko. Eskertu egin dut hori guztia. Baina, aldi berean, prozesu oso zaila izan da, traumatikoa. Bai hilabete hauetan guztietan, bai oraindik ere, ezinegon handia dut, ez baitakit gai izango naizen lehengora itzultzeko. Oraindik ere oso urduri joaten naiz lehiaketetara, eta antsietate pixka bat sorrarazten dit hurrengo lehiaketan pentsatzeak. Gozatu egin nahi dut, baina ohartzen naiz lehiaketa garrantzitsuak ditudala aurretik. Ikasten ari naiz nola aurre egin bai horri, bai presioari; nik neuk estutzen dut askotan neure burua. Baina oso pozik nago, nire esku zegoen guztia jarri baitut kirolari eta pertsona hobea izateko.

«Lesionatu aurretik, ez nintzen inoiz gai izan denbora luzez entrenatzeko izugarrizko minik izan gabe»

«Gauza asko» ikasi dituzula esan duzu. Zer ikasi duzu?

Lehenik, lesioak kirolaren parte direla, eta, sasoiz hobeto edo okerrago egon, min hartuta zaudenean oso gaizki pasatzen duzula. Horretaz jabetzeak lagundu egin dit konturatzeko askoz gehiago gozatu behar dudala uneaz eta egunerokoaz, ez dudala horrenbeste estutu behar neure burua, eta ez ditudala horren aurreikuspen handiak izan behar entrenatzeko eta lehiatzeko orduan. Izan ere, denbora luzez izugarri kostatu zitzaidan disfrutatzea entrenatzen eta lehiatzen, irudipena bainuen beti egin behar nuela zerbait gehiago, eta inoiz ez zela nahikoa. Oraindik ere frustratu egiten naiz entrenamendu bat edo lehiaketa bat ez baldin bada nahi dudan bezala ateratzen, baina gertatu zaidanak lagundu egin dit hori hobeto eramaten. Konturatu naiz egun guztiak ez direla onak izango, eta osasuntsu egote hutsa jada sari nahiko handia dela.

Min hartzeko beldurra duzu oraindik ere?

Bai, badut. Adibidez, horrenbesteko estresa eta nekea eragin zidan lehen lehiaketan aritzeak, ezen beldur handia bainuen bigarrengoan min hartzeko. Hala, bigarren lehiaketan, Guadalajaran, pentsamendu ezkor horiekin borrokatzen aritu nintzen. Hori dela-eta marka apalagoa lortu arren [6,58 metro], aurrera atera nuen lehiaketa hori, eta ez nuen minik hartu. Lehen, lehiaketa bat ondo ez hasteak blokeatu egiten ninduen, baina, egun horretan ondo hasi ez arren, gai izan nintzen jauzi egiten jarraitzeko. Hori, niretzat, borroka bat irabaztea da.

Zenbat falta zaizu berriro lehengoa izateko?

Ez dakit, baina lesioa izan aurretik baino hobeto entrenatzen ari naiz, ikasi egin baitut atsedena eta elikadura lehenesten. Gora egin dut errendimenduan, helduagoa ere banaiz, hobeto ezagutzen dut nire gorputza, eta hobeto dakit zer egin behar dudan ondo egoteko. Lesionatu aurretik, ez nintzen inoiz gai izan denbora luzez entrenatzeko izugarrizko minik izan gabe. 17 urtetan hasi eta ia 23ra bitarte min kronikoa izan nuen, eta ezin nintzen ondo entrenatu: bi egunez ondo entrenatu, eta hurrengo bostetan minak jota egoten nintzen. Horrela ezin nintzen lehiatu, eta nahikoa eta sobran egiten nuen, kontuan hartuta zenbateko mina nuen. Pentsatu nahi dut zenbait denboralditan gutxieneko ezbeharrak izaten baditut dena ondo joango dela. Ez dakit noiz ariko naizen ondo. Ez dut kristalezko bolarik.

«Lehiatzen ari naizenean zoriontsu naizela adierazi nahi dut, eta entrenamenduetako lana lehiaketetan islatu dadila»

Zer helburu dituzu?

Entrenatzailearekin hitz egin dut, eta ados gaude zer-nolako atleta izan nahi dudan.

Nolako atleta izan nahi duzu?

Batetik, lehiatzen ari naizenean zoriontsu naizela adierazi nahi dut. Eta, bestetik, entrenamenduetan egiten dudan lana lehiaketetan islatzea nahi dut. Ez dut kikiltzen den atleta bat izan nahi. Horrelako atleta bat izatea lortzen badut, pixkanaka, gauzak ondo aterako zaizkit.

Denboraldiko egutegiari dagokionez, baduzu txapelketaren bat begiz joa?

Poliki-poliki egin nahi dut aurrera, lesio oso gogorra izan berri dut eta. Lehen lehiaketa bikain atera zen, eta horri eutsi nahi diot, baina ez dut nahi hau erlojupeko lasterketa bat izatea. Izan ere, kirol bizitza nahiko laburra den arren, badago denbora, eta gauzak orain ondo ez ateratzeak ez du esan nahi aurrerago ez direnik ondo aterako. Oso ongi ari naiz, eta espero dut denboraldia bat etortzea entrenatzeko dudan moduarekin. Ez naiz inorekin joka ariko. Bete-betean ariko naiz, noski, baina kirolariok ezin dugu horren gogor eta zorrotz jokatu geure buruarekin. Nik nire esku dagoena egingo dut, hau da, ahalik eta ondoen entrenatuko naiz. Oso pozik nago, oso gustura ari bainaiz entrenatzen. Oso giro ona dugu entrenamenduetako kideen artean. Asko gozatzen ari naiz prozesuaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA