Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea eta David Garcia kapitaina baikor azaldu dira biharko finalari begira. Arrasatek argi azaldu du partida aurreko prentsaurrekoan zeintzuk diren biharko partida irabazteko gakoak: «Gu geu izan behar dugu. Akats txikiak eta detaileak zaindu behar ditugu, eta Real Madrili ezin diogu lerro artean jokatzen utzi. Izan ere, min handia egiten du». Finala jokatzea «naturaltasunez» bizi dutela nabarmendu du: «gogotsu gaude». Eta Kopa irabazteko unea imajinatu ote zuen galdetuta, baietz esan zuen. «Gauza bat lortzeko imajinatu egin behar da aurrena. Eta nik egin dut. Imajinatu ditut David eta Unai kopa jasotzen». Zaleei ere mezua bidali die: «Goza dezatela esango nieke, eta 22:00etatik aurrera laguntzeko. Izan ere, haien babesa eta ilusioa gure bultzada dira».
David Garcia kapitainak onartu du bere kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena dela biharkoa: «Klubarentzat handia litzateke Kopa irabaztea, eta niretzat txikitako ametsa titulua jasotzea». Baina «lasai» dagoela berretsi du. «Lasai gaude, esperientzia faltak ez digu eragingo, baditugu beste klub batzuetan halako partida garrantzitsuak jokatu dituzten jokalariak, eta horrek lagunduko digu».
Real Madril talde handia izan arren, «zerbait handia» egiteko moduan direla berretsi du gorritxoen kapitainak. «Kopa honetan erakutsi dugu zertarako gai garen. Ez diogu beldurrik ez inori, ezta ezeri ere». Horrekin batera, partidari egin dio azpimarra. «Gure aukerak izateko partidan sartuta egon behar dugu 90 minutuak. Zenbat eta partida luzeagoa izan, hobe guretzat».
Sudurrean min hartu zuen Cadizen aurkako partidan, eta datorren astean ebakuntza egingo diote. Baina biharko «bete-betean» egongo dela baieztatu zuen. «Apur bat okertuta daukat. Baina ez nuke partida hau ezerengatik galduko».
Arrasatek Brasanac eta Nacho Vidal baino ez ditu faltako biharko partidarako. Eta deialdian sartu ditu harrobiko Jorge Herrando, Iker Muñoz, Iker Benito eta Diego Moreno.