Jokin Aperribaik Realeko presidenteak baieztatu duenez Jagoba Arrasate izango da talde txuri urdinaren entrenatzaile berria. 34 urte ditu Arrasatek, eta Philippe Montanier Realeko entrenatzaile ohiaren lan taldean izan da iragan denboraldian, eta, horregatik, "jarraikortasuna" emango diola taldeari nabarmendu du Aperribaik: "Ez da esperimentuak egiteko unea".
Aperribaik adierazi du Txapeldunen Ligara sartzeko bi partida dituztela abuztuan, eta taldea dagoeneko ezagutzen duen entrenatzaile bat behar dela horretarako. Philippe Montanierren eta Tata Martinoren ezezkoen ondoren proposatu zioten Jagoba Arrasateri lehen taldea hartzea. Deportivoren aurkako partidaren aurretik Arrasatek bazekien aukerak zituela lehen taldea zuzentzeko, Aperribairen esanetan.
Presidenteak gogoratu du hauteskundeak izango direla abenduan, eta horren arabera ezin diotela Arrasateri luzerako kontraturik eskaini.
Berriatukoa da Arrasate, eta bertako taldea hasi zen zuzentzen jokalari izateari utzi zionean. Elgoibarrera joan zen hurrena, eta bi urtez izan zen hango entrenatzaile. Realeko jubenilen entrenatzaile ere izan da, Lehenengo Mailako taldean aritu aurretik. Bihar 12:00etan aurkeztuko dute Arrasate entrenatzaile gisa.
Jokalariak "gustura" eta "oso pozik" daude entrenatzaile berriarekin. Ezagutzen duten pertsona dela, eta "oso ona" dela uste dute. Jon Ansotegik, adibidez, esan du denek ikusi dutela nolako lana egiteko gai den, eta guztiak daudela "gustura" erabakiarekin.
Aurrekontu orekatua du helburu Aperribaik
Jokin Aperribaik esan du fitxaketa bat edo bi egin nahi dituztela; hiru gehienez. Aurrekontua orekatua mantentzea da klubaren lehentasuna.