Osasunak jakinarazi duenez, Arrasatek 2022ko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua, eta, harekin batera, baita Bittor Alkiza bigarren entrenatzaileak eta Sergi Perez prestatzaile fisikoak ere. Klubak jakinarazi du entrenatzaileak agerraldi bat eginen duela bihar Luis Sabalza presidentearekin eta Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin batera.
Osasunak adierazi duenez, Arrasateri kontratua berrituta «sendotu» eginen du «kirol proiektua». «Karguan 516 egun egin ondoren, talde gorritxoa Lehenbiziko Mailara itzuli du, Bigarren Mailako txapelketa irabazi du, eta gorengo mailara itzuli ondoren denboraldi hasiera ederra egin du».
Klubak argitaratu duen oharrean dioenez, Arrasatek «estilo nabarmen bat eta nortasun propioa» eman dizkio Osasunari, eta Sadar zelaia «egiazko gotorleku» bihurtu izana goraipatu du. Izan ere, Osasunak 31 partida jarraian egin ditu galdu gabe Sadarren, eta horietako 27 Arrasatek zuzendu ditu.
Arrasatek Realean egin zuen debuta Lehenbiziko Mailako entrenatzaile gisa, 2013-2014 denboraldian. 2015-2018 artean, berriz, Numanciako entrenatzaile izan zen hiru denboraldiz, Bigarren Mailan. Ibilbide osoan ondoan izan du Alkiza.