Frantziako Tourra

Jai handia eta erakustaldia

Hindleyk etapa eta lidergoa lortu ditu Pirinioetan, Tourreko bosgarren etapan, ihesaldiaz baliatuta. Vingegaardek minutua atera dio Pogacarri. Landa ahul aritu da, eta 3.13ra du orain lidergoa

Jai handia eta erakustaldia.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Pirinioetan jai egin zuen atzo Jai Hindleyk (Bora). Tourreko lehen etapa menditsua jokatu zen Paue eta Laruntze artean (Okzitania), eta australiarrak itsumustuan harrapatu zituen gainontzeko faborito guztiak. Haiekin buruz buru lehiatu ordez, tropel itxurako multzo batean sartu zen etapa hasi eta gutxira, eta helmugaraino eraman zuen ihesaldia. Hori gutxi ez, eta maillot horia kendu zion Adam Yatesi (UAE). Hindleyk nola, Jonas Vingegaardek (Jumbo) ere indar erakustaldia egin zuen Marie Blanquen. Zuhur agertu zen Euskal Herrian, baina erasora jo zuen atzo, eta Tadej Pogacar (UAE) atzean utzi zuen. Hindley baino 34 segundo geroago sartu zen helmugan, eta 1.04 atera zion Pogacarri. Mikel Landa (Bahrain), berriz, 2.55era iritsi zen, Pello Bilbao taldekidearekin batera. Lausotu egin zaio podiumaren ametsa.

Etapako podiuma, Hindlyrekin batera, Giulio Cicconek (Lidl) eta Felix Gallek (AG2R) osatu zuten. Ihesean aritu ziren haiek ere, eta Vingegaardekin eta Emanuel Buchmannekin (Bora) batera iritsi ziren Laruntzera. Hindleyk 32 segundo atera zien. Gainera, australiarrak helmugako eta Marie Blanqueko gainsariak zakuratu zituen: hemezortzi segundoko mokadu gozoa. Podiumean sartzeko hautagai gisa ekin zuen Tourra Hindleyk, baina, akaso, gorago begiratzeko moduan ere badago. Oraingoz, harena da maillot horia. Bigarren Vingegaard dago, 47 segundora, eta hirugarren Ciccone, 1.03ra. Pogacar seigarren ageri da orain, 1.40ra; eta Landa hamalaugarren, 3.13ko atzerapena pilatuta.

Herenegun txangoa, eta atzo, lehiarako gogoa: suhartasun handiz abiatu ziren txirrindulariak Pauetik. Erasoari erasoa lotu zioten, eta trumilka egin zuten alde tropeletik. Azkenean, 36 ziklistak egin zuten ihes; horien artean ziren Gall, Buchmann, Ciccone eta Mads Pedersen (Lidl), Julian Alaphilippe (Soudal), Wout van Aert (Jumbo), Daniel Felipe Martinez eta Omar Fraile (Ineos), Rigoberto Uran (Education) eta Valentin Madouas (Groupama); baita Hindley ere. Atezuan jarri zituen beste liderren taldeak, baina tropelean ez zen aparteko larridurarik nabaritu.

Euskal Herrira itzuli zen atzo Tourra. Zuberoara Van Aert, Pedersen eta Victor Campenaerts (Lotto) iritsi ziren lasterketa buruan. Soudet zetorkien berehala, aurtengo mailaz kanpoko lehen mendatea. Pedersen ezinean gelditu zen, eta Garateko lepotik igaro eta Zuberoa atzean utzita, harrapatu egin zituzten Van Aert eta Campenaerts. Gallek eraso egin zuen Soudeteko tontorrera bidean, eta bildutako puntuei esker mendiko lidergoa eskuratu zuen. Berehala iritsi ziren gora beste hainbat iheslari. Tropela lau minutu geroago igaro zen gailurreko pankartapetik.

Gozamena bakardadean

Soudetek sufriarazi egin zituen esprinterrak, baita Victor Lafay ere (Cofidis), Euskal Herriko etapetan gehien nabarmendu zen ziklistetako bat. UAE taldea ari zen erritmoa jartzen. Igoerak, halaber, zatikatu egin zuen aurreko saila, eta, jaitsiera bukatuta, hemezortzi ziklista geratzen ziren. Frailek galbahea igaro zuen. Hurrengo mendatea Ichere zen, hirugarren mailakoa, eta aurrea hartuta iritsi zen Krists Neilands (Israel). Harekin bat egin zuten Van Aertek eta Alaphilippek.

Etapak Marie Blanquen egin zuen eztanda. Frailek erruz egin zuen lan, baita AG2R taldeak ere, eta mendatearen azken zati beldurgarrira iritsita, garaipenaren bila abiatu ziren Gall eta Hindley. Australiarra bakarrik gelditu zen gailurrera iritsi baino bi kilometro lehenago, eta bakardadean gozatuz egin zituen goitik helmugara ino gelditzen ziren hemezortzi kilometroak. Hautagaien multzoan, berriz, Vingegaarden erasoa prestatu zuten haren taldekideek. Sua piztu zuen danimarkarrak, eta erre egin zen Pogacar. Ez zen erantzuten saiatu ere egin. Kolpe handia jaso zuen mendietako lehen borrokaldian.

Gaur, beste etapa menditsu bat jokatuko dute. 144 kilometroko saioa izango da, eta, amaieran, Aspin, Tourmalet eta Cauterets kateatuko dituzte. Atzokoa egun bakarreko ahulezia izan zela erakusten saiatuko da Pogacar. Bestela, jokoz kanpo utz dezake Vingegaardek. Hindleyk, lehen azterketa izango du lider gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.