Ezustea izan da Bergarako pilotalekuan gaur, Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. Jaka hasiberriak eta Zabaletak astindua eman diete Irribarriari eta Rezustari (22-5), eta lehen puntua eskuratu dute. Kontuan hartzeko bikotea dira gaurko garaileak, baina ez zen inola ere espero hainbesteko aldearekin nagusitzea txapelketa irabazteko faborito handienetakoa den bikoteari. Jakak astindu ditu bazterrak, oso bizi jokatuz, eta Zabaletak ere erraz jo dio pilotari, mendean hartuta Rezusta, zeina gaizki aritu baita.
Bihar bukatuko da lehen jardunaldia, Tolosan, eta aurrez aurre izango dira Artola eta Imaz, alde batetik, eta Laso eta Albisu, bestetik. Orain arteko emaitzetan, bikote hauek irabazi dute: Ezkurdia-Martija, Olaizola II.a.-Urrutikoetxea eta gaurko garaileak, Jaka eta Zabaleta.