«Denbora batez pentsatu behar izan dut publiko egin aurretik, baina nire alaba Willow-Ivygatik egitea erabaki dut, jakin dezan ulertzen dudala eta autista izateak ez diola ez berari, ez inori eragotziko bere helburuak eta ametsak betetzea». James McClean futbol jokalari irlandarrak autista dela aitortu du Instagramen, Autismoari buruzko Kontzientziaziorako Nazioarteko Astean.
McClean, Derryn (Ipar Irlanda) jaioa, errepublikanoa eta katolikoa, futbolaz gaindi egin izan dituen protestengatik nabarmendu izan da orain arte. Azkenengoz, joan den irailean: Wigan Athletic taldeko jokalaria bere taldekideengandik aldendu zen Elizabeth II.a gogoratzeko egiten ari ziren minutu bateko isilunean, eta burua makurtuta egon zen. Ingalaterrako Bigarren Mailan jokatzen du Wiganek, baina jokalariak sekula ez ditu ezkutatu bere ideia politikoak eta horiekin duen konpromisoa.
James McClean, bizkarrez ezkerrean, taldekideengandik aparte, Elizabeth II.a gogoratzeko minutu bateko isilunean.Sky Sports
Oraingoan, ordea, politikarekin zerikusirik ez duen gai batengatik da albiste. Hau idatzi du: «Guztiok dakizuen moduan, nire alaba Willow-Ivy autista da. Azken lau urteetan bizitza modu zoragarrian aldatu digu, baina, guraso modura, izan ditugu une zailak ere. Une oro ikusi behar izan dugu oztopoak gainditzen eta egunerokoko erronkak kudeatzen», azaldu du.
Urte horietan autismoari buruz asko ikasi dute McCleanek eta haren emazte Erinek, eta gauza batez jabetu ziren: futbolariak alabaren antz handia zuen hainbat kontutan. «Hari ikusten nizkion hainbat ezaugarri nituen nik ere». Azkenean, probak egin zituen autismoa ote zuen jakiteko, eta atzo eman zuen emaitzaren berri: autista da bera ere.
Kapitainetako bat
McCleanek 33 urte ditu, eta ibilbide luzea egin du futbolari modura. Gaur egun, Wiganen jokatzeaz gain, Irlandako selekzioan ere jokatzen du; kapitainetako bat da. Jada 98 neurketa jokatu ditu selekzioarekin; azkena, herenegun, Dublinen, Frantziaren aurka (0-1).
Lehenik, ordea, Ipar Irlandako selekzioarekin jokatu zuen, 20 urtez azpiko taldean. 2011. urtean, baina, selekzio nagusian jokatzera deitu zutenean, uko egin zion Ipar Irlandako selekzioari, «betiko», bera katolikoa zela argudiatuta, eta adierazita zaleen artean bandera unionistak ikustea eta kanta unionistak entzutea ez zela atsegina beretzat.
Jokalariak Derry jaioterriko auzo katoliko bateko mural ezagun bat dauka tatuatuta izterretako batean. You're now enteering Free Derry (Derry askean sartzen ari zara) dio tatuatutako muralak.