Jan eta ezin ase

Realeko atzerriko aurrelari onenen pare ari da Willian Jose brasildarra denboraldi hasiera honetan. Bederatzi gol sartu ditu hamahiru partidatan.

Jon Eskudero-Julen Etxeberria
2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hautsik harrotu gabe eta isilik heldu zen Realera uda hasieran, baina denbora gutxi aski izan du klubaren zerrenda garrantzitsuetan agertzeko Willian Jose da Silvak (Porto Calvo, Brasil, 1991). Taldeak aspaldian aurrelariekin zuen kalbarioa ikusita, Las Palmasetik fitxatzea erabaki zuen Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak. Fitxaketa hura ez zuten begi onez hartu batzuek, hurbileko iragan distiratsuegia ere ez zeukalako jokalariak. Lehenago Realean izan ziren bi aurrelari atzerritarrak izarren pare ailegatu ziren Donostiara: Alfred Finnbogason eta Jonathas de Jesus. Heerenverenen eta Elxen, hurrenez hurren, gol mordoa sartuta iritsi ziren. Ordea, usteak erdia ustel, eta, sasoi bat igaro, eta maletak egin zituzten. Ez da egoera bera bizitzen ari Willian Jose. Hamahiru partidatan bederatzi gol sartu ditu, eta Realeko aurrelari atzerritar onenen pare ari da sasoi hasieran.

Egokitzeko komeriak izaten direla eta, beti esan ohi da zaila izaten dela estreinako sasoia talde berri batean, baina Realean eroso eta eraginkor ari da Willian Jose. Zenbakiek ez diote gezurrik. Iragan hurbilera begiratuta, marka guztiak hausten ari da. Jonathasek zazpi gol sartu zituen estreinako denboraldian, Finnbogasonek bi eta Haris Seferovicek beste bi. Hirurek denboraldi bakarra iraun zuten txuri-urdinez. Ez dirudi Willian Josek bide bera hartuko duenik. Oraindik ere lehen itzulia amaitzeko lau partida falta direla, bederatzi gol daramatza, eta Imanol Agirretxeren hutsunea bikain betetzen ari da.

Agirretxe bera izan da azken urteotan Realak izan duen aurrelari nagusia, baina, hala eta guztiz, zuzendaritzak beti egin izan du apustu aurrelari atzerritar baten alde. Bete-betean asmatu du brasildarrarekin. Atzerritarren estreinako sasoiari begiratuta, onenen pare dago Willian Jose. Azken 30 urteetan, bakarrik zortzi jokalarik lortu dituzte hark baino gol gehiago estreinako denboraldian: John Aldridge irlandarrak hamasei (1989-90), Meho Kodro bosniarrak hamahiru (1991-92), Dalian Atkinson ingelesak (1990-91), Carlos Bueno uruguaitarrak (2009-10) —Bigarren Mailan— eta Carlos Vela mexikarrak hamabi (2011-12), eta Gica Craioveanu errumaniarrak (1995-96), Edgaras Jankauskas lituaniarrak (2000-01) eta Sebastian Abreu uruguaitarrak 11 (2008-09) —Bigarren Mailan—. Zenbaki horiek gainditzeko ere tarte zabala du oraindik brasildarrak, maiatzera bitarte.

Garai honetarako, beraz, distiratsua izaten ari da Willian Joseren ekarpena. Joan den igandean Valentziari sartutako bi golen ondotik, bederatzi daramatza, eta Realaren historiako izen handiei gaina hartuta dago jada. Pentsa, Darko Kovacevic 1996an iritsi zen Donostiara, eta estreinako sasoian, zazpi gol zeramatzan Gabonak iristear zirela. Denboraldi hartan zortzi sartu zituen guztira serbiarrak. Bigarren denboraldia oparoagoa izan zuen, hamazazpi golekin. Gauza bera gertatu zitzaion Nihat Kahveciri. 2002ko urtarrilean fitxatu zuen Realak, eta gol bakarra sartu zuen sasoi hartan. Bigarrenean, ordea, 23 gol sartu zituen turkiarrak.

Kontu horiek urrun ditu oraindik brasildarrak, eta eguneroko lanean besterik ez dauka burua. Baina zenbaki horietaraino helduta, beste marka bat ere hauts dezake. Hain zuzen, ligak 38 jardunaldi dituenetik, Kodrok dauka lehen itzuli bateko markarik onena. 1994-95eko denboraldian hamahiru gol sartu zituen. Partidako gol bat sartuta, marka hori berdinduko luke Willian Josek. Izan ere, lau aurkari falta zaizkio Realari lehen itzulia amaitzeko: Granada, Sevilla, Malaga eta Celta, hurrenez hurren.

Azken 25 urteotan, lehen hamabost jardunaldietan soilik lau jokalarik lortu dituzte Willian Joseren pareko zenbakiak edo hobeak: Kodrok hamar gol zeramatzan 1993-94an, eta hamabi 1994-95ean; Kovacevicek bederatzi gol 2002-03an; Antoine Griezmannek beste bederatzi 2013-14an, eta Agirretxek hamabi iragan sasoian.

Zortzi gol, Anoetan

Bederatzi goletatik zortzi Anoetan sartu ditu Willian Josek. Iragan sasoian ere erakutsi zuen gustuko zelaia duela. Las Palmasekin birritan jokatu zuen bertan, eta bietan sartu zuen gol bat. Denboraldi honetan ere oparo ari da. Etxean gol gehien sartu duen aurrelaria da. Realak bost partida irabazi ditu Anoetan: Las Palmasi (4-1), Betisi (1-0), Alavesi (3-0), Atletico Madrili (2-0) eta Valentziari (3-2). Bada, Betisen aurka izan ezik, beste guztietan sartu du gol bat gutxienez. Anoetako bi berdinketetan ere gola sartu du; Espanyolen (1-1) eta Bartzelonaren (1-1) aurka, hain zuzen. Etxetik kanpo, berriz, Leganesen zelaian sartu zuen gola (0-2).

Bederatzi golekin, ligako golegilerik onenetan laugarrena da Willian Jose. Lionel Messi (11 gol), Cristiano Ronaldo eta Luis Suarez (hamar) ditu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.