Javi Martinezek Bayern Munichen jokatuko du aurrerantzean, hala baieztatu baitu Alemaniako taldeak gaur arratsaldean. Jokalariak hainbat ordu pasatu ditu Madrilen, Futbol Liga Profesionalaren egoitzan, bere etete klausula ordaintzeko behar zituen 40 milioi euroekin. 13:20an iritsi da Martinez Madrilera, Athleticeko eta Bayerneko hainbat arduradunekin, eta akordioa lortu dute.
2017ko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu du Martinezek. "Oso pozik eta harro nago, historia handiko talde batean jokatu ahal izango dudalako", adierazi du sinatu berritan.
Uda hasieran agertu zuen Bayernek aiegiarra fitxatzeko asmoa. Athletic, ordea, ez zegoen prest, eta Josu Urrutiak behin baino gehiagotan esan du ez zegoela salgai, Athletic uzteko modu bakarra etete klausula ordaintzea zela. 2016ko ekainaren 16a arte du kontratua jokalariak Bilboko klubarekin.
Javi Martinez Athleticeko jokalaria Munichera joan zen atzo gauean, eta Bayernen azterketa medikoa pasatu du gaur goizean. BERRIA.INFOk jakin duenez, jokalariak ez zuen horretarako baimenik, eta bidaiak harridura eta haserrea eragin du. Klubak azalpenak eskatu dizkio jokalariari, bidaia ezer jakinarazi gabe egiteagatik. Gaur goizean Athleticeko jokalaria zela argudiatu du Bilboko klubak.
Etzi amaituko da fitxaketak egiteko epea
Ostiralean amaituko da jokalariak fitxatzeko egiteko epea. Orain, Fernando Llorente eta Javi Martinez lehen taldetik bereizita daude, Athletic utzi nahi dutela iragarri ondoren. Denboraldi honetan soilik bi partida jokatu ditu Martinezek, Sestao River eta Barakaldoren aurkako lagunartekoak. Llorentek Slavenen eta Lilleren aurka jokatu zuen, Sestaoren aurka jokatzeaz gain.
Javi Martinezen etorkizuna argituta, Fernando Llorenterekin zer gertatuko den argitzea falta da. Aurrelariak esan du Athletic utzi nahi duela, baina kasu horretan ere Athleticek sendo eutsi dio bere jarrerari. Martinez bezala, Llorente ere ez du sartu Bielsak azken deialdietan. Bihar Europako Ligako partida jokatuko du Athleticek, Helsinkin, 19:00etan.