Ez dago frontoirik Santa Cruz del Retamarren (Toledo, Espainia), eta duela gutxi arte ezertxo ere ez zen hitz egiten han pilotaz. Azkenaldian, ordea, bizilagunek sarritan hitz egin dute pilotaz. Herriko farmazian hitz egin dute gehien. Margarita Roman da farmazialaria, Javier Urrutia puntistaren ama. Haren semearengatik galdetu, eta Romanek harro kontatu die nola dabilen lehen aldiz onenekin jokatzen, Markina-Xemeingo Grand Slamean (Bizkaia). «Amak esan dit bizilagunak asko dabiltzala galdetzen niregatik. Ilusioa pizten die jakiteak ondo ari naizela. Oso eskertuta nago haiekin», aitortu du Urrutiak (Santa Cruz del Retamar, 2005).
Aspaldi ez zebilen Espainian jaiotako puntista bat onenekin lehian Euskal Herrian. «Jendea harritu egiten da Toledokoa naizela jakiten duenean. Baina ni erdi euskal herritarra naiz: Bilbokoa dut aita, eta haren familia Bizkaiko hainbat herritan eta Gasteizen bizi da», zehaztu du. Harreman estua izan dute beti familian, eta, horren erakusle, uda asko igaro dituzte elkarrekin Busturialdean. «Lehenbizi, Gernikara etortzen ginen oporretara, aitonaren etxera, eta, gero, gurasoek etxea erosi zuten Busturian». Hain zuzen, han bizi da Urrutia 2023tik.Â
Aitonaren Gernika-Lumoko etxeko ganbaran izan zuen Urrutiak lehen aldiz zesta-puntaren berri. 7 urte zituen. «Zesta zahar batzuk topatu genituen. Aitonak ekarri zituen Mexikotik nire aitarentzat eta osabarentzat. Berehala hasi ginen haiekin jolasten. Ez naiz gogoratzen nola izan zen lehen aldi hura, baina badakit Arratzuko frontoira joan ginela, eta oso gustura ibili ginela», kontatu du. Semea gozatzen ikusi, eta aitak, Jose Urrutiak, segituan eraman zuen partida bat ikustera. «Gernikako frontoira eraman ninduen zesta-puntako partida bat ikustera, eta izugarri gustatu zitzaidan. Gaur arte». «Gaur arte» hori hamahiru urte dira, zesta-puntari emandako hamahiru urte.
«7 urterekin, aitak Gernikako frontoira eraman ninduen zesta-puntako partida bat ikustera, eta izugarri gustatu zitzaidan»
JAVIER URRUTIA Puntista
Izan ere, nola moldatzen da zesta-puntan jokatu nahi duen norbait frontoirik gabeko herri batean? «Bada, autoan kilometroak eta kilometroak eginez», erantzun du azkar. «Pausoz pauso» joan dira ibilbide horretan. «Lehenbizi, aita eta biok Santa Cruz del Retamartik hogei kilometrora dagoen frontoi xume batean hasi ginen, Gerindoten. Oso ondo pasatzen genuen, baina han ez zegoen modurik aurrera egiteko», kontatu du.
Kilometro mordoa autoan
Madrilera joatea izan zen hurrengo pausoa, hango Unibertsitate Konplutentseko frontoira. «Astean hirutan joaten ginen hara: bitan aste barruan eta behin asteburuan». 60 kilometro hara iristeko, eta beste 60 kilometro etxera itzultzeko. «Eskolatik irten, eta hortxe nuen aita zain, autoan. Autoan bazkaltzen nuen, eta hara iritsitakoan eskolako etxeko lanak egiten nituen. Entrenatu, eta etxerako bueltan meriendatu egiten nuen. Oso ondo antolatua genuen dena». Erraza da kontatzen, baina nekeza egiten. «Aitak eta biok sakrifizio asko egin ditugu. Asko eskertzen diot aitari, beti izan baitut ondoan, bai frontoian laguntzaile, bai autoan gidari».Â
Uda iristeko irrikaz egoten zen Urrutia, Euskal Herrira joan eta zesta eskutik ez ateratzeko. «Gernikako zesta-punta eskolan aritzen nintzen uda osoan, goiz eta arratsalde. Gaur egun zestan dabiltzan zenbait puntistarekin aritu nintzen garai horretan: Oierdirekin [Oier Diaz], Eñaut Astelarrarekin, Urko Lekerikarekin...». Gernikan zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta hobeto aritzen zen, eta, hori ikusita, gero eta gehiagotan hasi zen Euskal Herrira etortzen. «Bi hilabetean behin etortzen nintzen Gernikara, eta hainbat gauza zuzentzen zizkidaten. Denbora gutxian asko hobetzen nuen».
2023ko uda mugarri izan zen haren kirol ibilbidean. Unibertsitate ikasketak egin nahi izan zituen, zehazki, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua, eta Bilbo aukeratu zuen ikasteko. Aukeran zetorkion: Busturian bizi zitekeen, Bilbon ikasi eta Gernikan zestan bete-betean aritu. Hiru urte igaro dira ordutik, eta «oso pozik» dago. Ondo daramatza ikasketak, eta gero eta errotuagoa dago. Euskara ere ikasi du. «Ia dena ulertzen dut, lagunek bai baitakite, baina oraindik kosta egiten zait hitz egitea».
«Oso zoriontsu gara etxean, ikusi baitugu egin dugun ahalegin guztiak merezi izan duela»
JAVIER URRUTIA Puntista
Frontoian, berriz, «asko» hobetu duela dio, eta horretan «mesede handia» egin dio neguan Danian (AEB) egin zuen denboraldiak. Han aritu zen lehen aldiz profesionalekin. Euskal Herrian, ordea, aurreko ostiralean egin zuen estreinakoa, Markina-Xemeinen. Johan Sorozabalen ordez ari da hango Grand Slamean, eta, lehen partidan, hark eta Jon Zabalak 15-6 eta 15-8 galdu zuten Eñaut Urreistiren eta Gorka Sorozabalen aurka. «Polita bezain gogorra izan zen. Erritmo biziko partida izan zen, eta apur bat deseroso aritu nintzen. Hala ere, disfrutatu egin nuen. Ea hurrengo partidan hobeto aritu naitekeen».
Hain zuzen, bihar jokatuko du berriro, Alex Goitiaren eta Thibault Basqueren aurka, 19:00etan hasita. Akuilu polita du lehen partidan baino hobeto aritzeko, gurasoak harmailan izango baititu. «Ezin izan ziren lehen partidara etorri, baina amak lankideen esku utziko du farmazia oraingoan. Gurasoak oso pozik daude, ikusi baitute egin dugun ahalegin guztiak merezi izan duela. Oso zoriontsu gara etxean». Â