Aritz Aranburu. Surflaria

«Jendeak oporrak hartzen ditu nire lana egiteko; zorteduna naiz»

'Surflari' eta 'profesional' artean kontraesanik ez du ikusten, bere ustez lehia eta askatasun filosofia bateragarriak direlako. Biak uztartzen ditu, horretarako urtean ehun hegaldi hartu behar dituen arren.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Zarautz
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Uretatik irten eta zuzenean joan da elkarrizketa egitera Aritz Aranburu (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). «Olatuak ikusi eta sartu egin naiz», azaldu du ilea lehortzeko burua astintzen duen bitartean. Hiru graduko tenperatura eta jaisten, itsaso grisa... Neopreno lodiak babes egokia ematen du, baina behar da adorea uretan sartzeko. Cola Cao bat hartu du barrenak berotzeko.

2015a nolakoa espero duzu?

2015ean bigarren mailan lehiatuko naiz, urte bukaeran lehen hamarren artean gelditu eta WCTra itzultzeko asmoz. Txapelketa bidaiekin tartekatuko dut. Telebista kate batean saio bat dut eta oso gustura ibili naiz. Iaz txapelketarekin oso lotutako bideoak egiten genituen, eta aurten zerbait ezberdina izango da. Txapelketa arteko tarteak baliatu nahi ditugu olatu ezberdinak aurkitzeko.

Zenbat hegaldi hartzen dituzu?

Kontua galtzen dut... ehundik gora urtean... Bidaia bakoitzeko batez bestekoa hegazkin bat baino gehiago da. Pasaportea bi urtean behin berritzen dut. Loiun mundu guztiak ezagutzen nau!

Eta etxean, noiz? Zeri deitzen dio etxea surflari batek?

Urari. Nik Zarautzi deitzen diot etxea, baina ingurune guztiarekin gozatzen dut. Etxean bi hilabete egiten ditut, eta asko gozatu. Bidaiatzea asko gustatzen zait, surfaren ondoren nire pasio handia da, eta nire lanak aukera hori ematen dit. Ohitu egin naiz etengabe bidaiatzen bizitzera. Naizen modukoa banaiz, asko bidaiatu dudalako naiz, eta horrek begiak ireki egiten dizkizu.

Lehen mailatik jaistea zer izan da zuretzat?

Surflari profesional batek lehen maila horretan egon nahi du. 32 onenak daude hor. Iaz hor egon nintzen, eta, egia esan, ez dit pena handirik ematen jaitsi izana, oso gustura gelditu nintzelako nire jardunarekin. Iaz oso ondo sentitu nintzen. Zirkuituko iritsi berriak hirugarren kanporaketetara arte ez gara zerrendaburuekin lehiatzen, eta dezentetan iritsi naiz horra, munduko bost onenen aurka lehiatzera. Batzuetan irabazi egin diet, eta galdu dudanean, gutxigatik izan da.

Zein da aldea?

Lehen maila elitea da, zentzu guztietan: kirol maila, oihartzuna, sariak... Baina lehen mailako surflariek bigarren mailakoan ere parte hartzen dute.

2007an igo zinen lehenbizikoz lehen mailara. Gero urte batzuk egin dituzu bigarrenean, eta iaz itzuli zinen. Asko aldatu da lehia? Eta zure ikuspegia?

Bai. Lehen aldiz sartu nintzenean, 45 surflari zeuden lehen mailan, eta orain, 32. Elitea da. 2007an 32. geldituz gero, mailari eusten zenion. Aurten, aldiz, 26. izan naiz, eta gutxigatik izan den arren, ez dut tokia ziurtatu. Hamar jaisten dira eta hamar igo. Langa altuago dago, eta ez bakarrik kopuruarengatik, surfaren maila asko igo delako mundu osoan. Lehiaketak asko hobetzen du surfaren maila, jendeak gehiago arriskatzen du:maniobra berriak, surf egiteko modu berriak...

Itzultzea erraza da?

Hamar surflari igotzea kopuru polita da, baina 200 bat gaude horren atzetik. Txapelketa handietan 96k hartzen dugu parte, eta beti lehen hamarren artean sartzea izan behar du batez bestekoak. Erregulartasuna oso garrantzitsua da.

Ez al da arraroa surflari batek kirol helburuak jartzea?

Nik nire helburuak dauzkat, kirolari moduan; dena den, nire ustez, mundu guztiak izan behar ditu helburuak bizitzan. Alde batetik, surfa kirola da niretzat, eta bestetik, bizitza moldea. Lehiatzen ez naizenean, olatuen bila eta hor zehar galduta ibiltzen naiz. Zorte handia daukat jarduera horrek etekina duelako nire babesleentzat. Niri lehiatzea gustatzen zait, eta zirkuitua oso ondo egituratuta dago. Baina uretan sartu eta olatuekin gozatzea ere surfa da, eta nik egiten dut. Jende asko dago surfetik bizi nahi duena, eta hori lortzeko lehiakide ona izan behar duzu. Nire lanpostua kendu nahi didan jende asko dago, eta exijentzia oso handia da.

Surflari profesionala ez da kontraesana? Surfetik bizi zara?

Bai, surfetik bizi naiz, erabat, babeseei esker. Ondo bizi naiz. Gaur egun lehen mailara iritsiz gero, hori gelditu egiten zaizu, babesleei begira. Surfaren industria oso handia da, eta irudia gu gara, surflariak. Surfak, gainera, izugarri egin du gora munduan; harrigarria da... Surfak sustrai hippyak dauzka, eta oraindik bada jendea surfa hala bizi duena, mugimendu espiritual edo filosofiko gisa; baina lehia oso sartuta dago.

Surfak lanetik aterako al zaitu?

Lehen mailan ondo kokatuta baldin bazaude, txapelaren lehian, horrekin erretiroa har dezakezu. Baina tira, ni munduko txapeldun izan eta dirutza irabazita ere, gustatuko litzaidake lanean jarraitu eta zerbait egitea. Baina, normalean, surfaren industria hain handia da, ezen surflari ona izan bazara erretiroan lanposturen bat ziurtatuko dizun.

Ikasketarik ba al duzu?

Selektibitatea egin nuen, 7ko notarekin, eta ez nuen gehiago jarraitu ordurako surfarekin zer ikusia zuten eskaintza onak nituelako. Ni ikasketetako azken urteetan asko bidaiatzen nuen, eskola asko galdu nituen, eta institutuan gainditzeko behar zen ahalegina baino ez nuen egiten. Garai haietan guraso askok surfa egonkortasun gutxiko zerbaiten moduan ikusten zuten, baina nireek ezagutzen zuten. Tira, ezagutu baino gehiago, nire pasioa zela ohartu ziren; olatuak hartzea baino ez nuen buruan.

Garestia izango da, ezta?

Bidaiak... Materiala babesleak ematen dizute. Zirkuitua oso garesti irteten da. Lehen mailan edo bigarren mailako goi aldeko postuetan egonez gero, errentagarria da, dena den.

Oholekin maniatikoa al zara?

Milimetrora dena... Surflari bakoitzak bere ohola dauka. Nik, esaterako, atzeko hankarekin gehiago zapaltzen dut; beraz, atzean lodiagoa izatea behar dut, eta aurrean finagoa. Pisua, altuera... mundu bat da. Ohol egilea eskulangilea da, eta nik hemen egiten ditut, Pukas familiarekin. Ohol egileak badaki surflari profesionalaren exijentzia handia dela, eta harreman estua izan behar duzu, ezkondu egiten zara harekin.

Surfa marketinetik bizi da.

Surflariak jakin behar du zergatik dituen babesleak. Azkenean, industriaren zati bat zara. Surf markek historia oso politak dituzte: txiki jaio ziren, surflari talde bat, munduan barrena bidaiatzeko bainujantziak saltzen hasi zena... Egun multinazionalak dira.

Matxismo puntu bat badago...

Gu bainujantzian irteten gara, eta emakumeak eurek surfa egiteko erabiltzen duten arroparekin. Erabiltzen ez duten produktua kostata salduko dute. Gero eta emakume surflari gehiago dago, eta badute aitorpen publikoa ere. Iraganean bazegoen matxismo puntu hori, baina emakumeen maila ikaragarri hobetu da.

Nola dago surfa Euskal Herrian?

Egunetik egunera jende gehiagok egiten du surfa; nik hondartzan ikusten dut. Agian, hemen, azpiegitura batzuek ez dute ondo funtzionatzen. Txapelketak ikusi, eta federazioekin lan politak egin daitezkeela uste dut.

Nola entrenatzen zara?

Olatu onak daudenean, denbora asko egiten dugu uretan. Eta olatu kaskarrak daudenean, lan fisikoa. Jana zaintzen dut, baina erotu gabe. Gauza organikoak eta... Jatuna naiz, eta lagun txirrindulari eta eskalatzaileak entzuten ditudanean tristura sartzen zait [1,72 metro luze da eta 74 kilo pisatzen du]. Nire entrenatzailea urte askotan Aitor Francesena izan zen, eta, orain, entrenatzailea joaten naizen tokietan aurkitzen dut. Baina tira, askotan nire kabuz ere aritzen naiz; horretarako, bideoa erreminta oso ona da.

Zartako asko hartzen dituzu?

Bai, oraintxe bizkar osoa gorritua dut. Hawaiin kolpea hartu nuen harri bolkaniko batzuen aurka. Harri horiek malaletxea dute! Sustoak egoten dira, eta horiek saihesteko modurik onena zure muga non dagoen jakitea da. Itsasoari errespetua izan behar zaio.

Beldurrik ba al duzu?

Errespetua gehiago. Surflari batek beldurra sentitzen badu, ez du itsasoan sartu behar. Zure barnean zerbait sentitzen baduzu... Beste egun bat hautatu. Olatua abiadura handian datorren ur masa bat da, eta gero toki askotan haitzak daude gertu, itsaslasterrak...

Olatu erraldoiekin probatzeko gogorik ez al duzu?

Ibiltzen naiz. Erronka horiek gustatzen zaizkit, eta, babesleek laguntzen nautenez, munduko edozein tokitan har ditzaket. Duela bi urte itsasaldi handi bat zetorrela ikusi, eta Tahitira joan nintzen. Itsasaldi berak Pazifikoa gurutzatu zuenez, Mexiko eta Kalifoniara joan nintzen gero. Bi tokitan itsasaldi bera baliatu nuen surf egiteko. Asko mugitzen naiz. Euskal Herrira itzuliz, goratzekoa da Axi Muniain, Indar Unanue Natxo Gonzalez, Imanol Ieregik... olatu handietan egin duten surfa.

Ondo bizi zara...

Ezin kexatu. Zoriontsua naiz, ez nuke aldatuko. Nire lagun surflariek, surfetik bizitzeko aukerarik ez dutenek, euren lanpostuak dituzte, eta txandak antolatzen dituzte olatuen arabera. Gauez egiten dute lan goizez surfa egiteko... Zorteduna naiz; jendeak oporrak hartzen ditu nire lana egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.