Eskumuturreko lesioa osatzeko direnak eta ez direnak egin arren, pilotan erretiroa hartu beste erremediorik ez du izan Xabi Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995). Hamabi urte egin ditu profesionaletan, Aspe enpresarekin, eta gaurkoa du azken eguna kontratupean. 482 partida jokatu ditu guztira, eta emaitza politak lortu: birritan irabazi du Bigarren Mailako Binakakoa, eta hiru aldiz jokatu du Lehen Mailakoa. Penaz dago, baina ezin izan du inola ere jarraitu. «Pilotakada bakar batek izugarrizko mina ematen dit eskuin eskuko eskumuturrean». Dena den, pilotari lotuta jarraituko du, haur eta gazteen ondoan. Villabona-Amasako (Gipuzkoa) frontoiko aldageletan hitz egin du BERRIArekin, haurrekin lanean hasi aurretik.
Kirolari askok, erretiratu ondoren, ez dute ezer jakin nahi izaten puska batean beren kirolari buruz. Zuri ez zaizu halakorik gertatu.
Denboraldi guztian pilota irakasle ibiltzen naiz Behar Zana pilota eskolan, haur, kadete eta gazte mailakoekin. Gipuzkoako Pilota Federazioaren teknifikazio saioetan ere parte hartzen dut. Ez dut beharrik sentitzen pilotatik aldentzeko. Maite dut pilota, maite dut nire jakinduria apurra erakustea, eta lotura hau luzaroan mantendu nahi nuke.
Halabeharrez iritsi zaizu erretiratzeko garaia. Nola zaude?
Denbora asko eduki dut gertatu zaidana onartzeko. Ez da egun bateko kontua izan. Aspaldi hasi ziren buruhausteak, eta behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez nintzela gai izango kantxetara itzultzeko. Gorabehera handiko urteak igaro ditut. Pertsona baikorra naiz, eta ez diot alde ilunari begiratzen. Zortedun sentitzen naiz hamabi urte profesionaletan egin ditudalako. Pilota nire ogibidea izan da, gustatzen zaidana egin ahal izan dut, eta oso eskertuta nago.
Bizitza normala egiteko zer moduz zaude?
Aspek berak egindako mediku txostenak dioen bezala, oso zigortuta daukat eskumuturra. Erabat baldintzatuta nago gauza asko egiteko. Betidanik izan naiz kirolaria, eta, adibidez, pilota alde batera utzita, txirrindularitza da gehien gustatzen zaidana. Ezin naiz bizikletan ibili. Min ematen dit eskulekuari heltzeak, eta erortzeko beldurra ere badut. Padelean ere ezin dut jokatu. Pisu apur bat hartzean edota mugimendu arraro batzuk egitean, min izaten dut.
Egin dezagun atzera. 2018an du abiapuntua lesioak.
Tolosan, inauteri betean, partida bat jokatzen ari nintzen, eta, eskuinez pilotakada bat jo orduko, sekulako mina sentitu nuen eskumuturrean. Ordura arte ez nuen ezer izan, eta harrituta geratu nintzen. Hasieran ez nion garrantzirik eman, baina gerora ikusi zuten lesioa larria zela. Belauneko meniskoaren hausturaren parekoa nuen, baina eskumuturrean. Tratamenduek ez zuten funtzionatu, eta, azkenean, ebakuntza egin zidaten.
Erabat desagertu al zitzaizun mina ebakuntza eginda?
Ez, baina gutxienez jokatzeko moduan jarri nintzen, eta urte politak osatu nituen. Nire urterik onenak. Baina iazko udan okertu zen dena berriro. Zarautzen jokatzen ari nintzen, Lasorekin, Altuna III.aren eta Iztuetaren kontra. Min handia hasi zitzaidan berriro, eta nabaritu nuen ez neukala ezer onik. Ezaguna zitzaidan mina. Hainbat medikurenetik igaro ondoren, Gasteizen egin zidaten ebakuntza, baina ez zen eraginkorra izan. Guztiz etsita nengoen, ez nuen usteko berriro jokatzeko gai izango nintzenik, baina Madrilera joan nintzen beste ebakuntza bat egitera, eta mirariaren pareko zerbait lortu zuten.
Berriz lehian hasi, eta bost partida besterik ez zenuen jokatu, ordea. Zorte txarraren ondorioa izan zen?
Gustura hasi nintzen berriz jokatzen, baina seigarren partidan gertatu zen ezbeharrik handiena. Altsasun ari nintzen jokatzen, abuztuaren 1a zen, eta atzeraka korrika nindoala erori, eskumuturra lurrean jarri, eta ebakuntza egindako toki berean eskafoidea hautsi nuen. Hortxe amaitu zen dena. Nik ez dut zorte txarrean sinesten. Uste dut bizitzan guztiak duela arrazoi logiko bat. Pentsatzen dut eskumuturra ahulduta edukiko nuela barrutik, eta erortzean horregatik hautsi nuela eskafoidea.
Lesio gehiago ere izan dituzu. Pilotazaleek gogoan izango dute eskuin hankan izandako zuntz haustura, binakako finalerdia jokatzen ari zinela. Nola gogoratzen duzu hura?
Lesio hori oso mingarria izan zen, mentalki. Altunarekin, Binakako Txapelketako finalera pasatzeko aukera ederra nuen. 19 eta 15 gindoazen aurretik Elordi eta Zabaletaren kontra, Bilbon. Irabaziz gero, finala jokatzeko sailkatuko ginen, baina zuntz haustura izan nuen hankan. Momentuan mundua erori zitzaidan gainera, eta negar egin nuen. Profesional mailako nire puntu gorenean nengoen, eta esan dezaket lesio horrek final bat kendu zidala. Dena den, sekulako elkartasuna jaso nuen, eta hori gogoratuko dut beti. Jendearen maitasunak txapel batek baino balio gehiago du.
18 urterekin egin zenuen debuta, eta Aspek itxaropen handia zuen zugan jarria. Uste al duzu espektatiba horiei erantzun diezula?
Debuta egin eta bi hilabetera, partida handia jokatu nuen, Labriten. Abel Barriolaren ordezko lanak egiteko deitu ninduten, eta, Juan Martinez de Irujorekin, irabazi egin nien Aimar Olaizolari eta Andoni Aretxabaletari. Partida hura askotan ikusi dut errepikatuta. Dena den, ez da gauza bera egun bateko lanak egin edo txapelketa oso bat jokatu. Fisikoki gauza ezberdinak dira. Nik ez diet espektatibei kasurik egin, saiatu naiz nire lana ahalik eta ondoen egiten, eta kontzientzia garbi daukat. Mimoz zaindu izan dut beti neure burua, eta oso gustura eta harro nago egindako ibilbidearekin. Pozik erretiratzen naiz.