Saskibaloia

Jipoia jaso du Baskoniak Maccabiren aurka

Jipoia jaso du Baskoniak Belgraden (113-85), Maccabiren aurka, eta ostiralean irabazi egin beharko du Buesa Arenan, kanporaketetara sailkatu nahi badu.

Codi Miller-McIntyre (Baskonia) eta Jasiel Rivero (Maccabi). ANDREJ CUKIC / EFE
Codi Miller-McIntyre (Baskonia) eta Jasiel Rivero (Maccabi). ANDREJ CUKIC / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 16a
20:35
Entzun

Jostailu bat haur baten eskuetan nola, hala erabili du Maccabik Baskonia. Lehen aukera zuen Baskoniak Euroligako final-laurdenetara sailkatzeko, eta huts egin du. Porrota bera baino mingarriagoa izan da nola galdu duen. Kantxan kolore bakarra ikusi da hasi eta buka: Maccabiren horia. Erasoan ideiarik gabe, eta defentsan zuloak edonon utzita, burumakur joan dira aldagelara. 113-85 amaitu da neurketa. Aterkirik gabe harrapatu du ekaitzak Baskonia. Orain, baina, ezin da marrantatu. Ostiralean izango du kanporaketetara sailkatzeko bigarren eta azken aukera, Buesa Arenan. Zaleak arduratu beharko dira giro hotz hori berotzeaz.

Albiste txarrak bata bestearen atzetik jaso ditu Baskoniak. Lehenik, nola ez, erakutsitako joko eskasa eta markagailua. Baina, hala ere, are mingarriagoa izan da Chima Monekeren lesioa. Nigeriarrak min hartu du ezker orkatilean, eta aulkian eseri ostean ez du gehiago jokatu. Ikusiko da ostiralerako prest egongo den edo ez, baina ez dauka itxura onik. 

Belgrade Arenan jokatu da neurketa, Israelgo egoeragatik. Zalerik gabe jokatu ditu Maccabik orain arteko etxeko neurketak, baina gaurkoan ehun zale inguru izan dira harmailetan. Israelgo banderak eta Israelen aldeko leloak jasotzen zituzten oihalak edonon ikusgai. Giroa, baina, hotza zen, eta partida ere hala hasi du Baskoniak. Lehen hiru minutuetan hiru baloi galdu ditu –bost guztira lehen laurdenean–, eta Lorenzo Brown gidari hartuta, lehen abantaila lortu du Maccabik: 13-8. Alde hori, ordea, areagotuz joan da pixkanaka-pixkanaka. Baskoniak asko sufritu du defentsan. Galdutako baloiek trantsizio azkarrak egiteko aukera eman diote Maccabiri, eta, gainera, lan kaxkarra egin dute gasteiztarrek defentsako errebotean. Asko zigortu du hori Maccabik, Euroligan errebote gehien biltzen duen taldeak.  Bere akatsen biktima izaten ari zen Dusko Ivanovicen taldea: 28-15 lehen laurdenaren amaieran. 

Nahi bezala jokatzen ari zen Maccabi, eta Baskonia, aldiz, ezinean, defentsan batez ere. Eta hutsak konpondu ez ezik, areagotu egin ditu. Bigarren laurdenaren hasieran eguzki izpi bat ikusi dute gasteiztarrek Nikos Rogkavopoulosen bi saskiratzerekin, eta berehala gelditu du partida Oded Kattash prestatzaile israeldarrak. Eguzki izpiaren ostean, baina, ekaitza beste behin: Etxekoek 12-0eko partziala egin, eta hogeita bi punturen aldea lortu dute. Atsedenaldira 55-36 joan da neurketa.

Ameskeria

Aldageletatik bueltan sentsazio positiboen bila kantxaratu da Baskonia. Buruz buruko jokaldiekin izan bada ere, asmatu egin dute lehen erasoetan, eta horrek hauspotu egin ditu arabarrak. Baina ameskeria hutsa izan da. Arriskatu beharra zeukaten defentsan, eta oldarkorrago aritu dira baloia zeukan jokalaria defendatzeko orduan, batez ere blokeo zuzenetan. Baina mantak ezin izaten du gorputz osoa tapatu, eta defentsa horrekin zuloak utzi dituzte kantxaren beste alde batzuetan. Patxadaz mugitu du baloia Maccabik, jaurtiketa erosoenaren bila, eta hiruko marratik gurutziltzatu du Ivanovicen taldea –19 hiruko sartu dituzte guztira–.

31 puntu sartu ditu Maccabik hirugarren laurdenean, eta 27 azkenekoan. Hainbeste puntu jasota, ezinezkoa da lehiatzea, aurkaria edozein dela ere. Zaparrada amaitu arte itxarotea, besterik ez zaio gelditu Baskoniari. Dolua azkar pasatu beharko du, ordea. Lehen aukera galduta, ostiralean izango baitu bigarren eta azken aukera kanporaketetan egon nahi badu. Zaleen bultzada izango du horretarako, Buesa Arenan jokatuko baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.