Tarte luze batean itsasoko estropadetan buru-belarri aritu baino lehen, estropada berezi bat jokatuko dute gaur Eusko Label ligako traineruek. San Juanek antolatutako estropada eremuan, Pasaian (Gipuzkoa), ziaboga bakarra egin beharko dute traineru guztiek, bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek, eta erlojuaren kontra egingo dute arraun. Ez da aparteko ezer Euskotren ligako ontzientzat; bai, aldiz, Eusko Labelekoentzat. Bihar Orion (Gipuzkoa) arituko dira, itsasoan berriro ere, lau kaletan banatuta.
Itsasoko estropadak sorpresa ugari eman zituen joan den larunbatean, bi faboritoek bi banderatik bakarra irabazi baitzuten —Tolosaldeak eta Donostiarrak irabazi zuten—. Bada, gaurko estropada eremuak badu badiatik eta badu itsasotik ere: gizonezkoen buia itsasoan egongo da, eta bokaletik atera beharko dute ziaboga emateko. Hortaz, luze bat egiteko hamar bat minutu beharko dituzte, gutxi gorabehera. Eta helmugara heltzeko denbora gutxiena behar izan duenak irabaziko du IV. CMO-Valves bandera.
«Asko baldintzatuko dute taldeen arraunketa teknikak eta ekonomiak, baita arraunlarien buruek ere»
ANDER MAKAZAGA San Juango arraunlaria
Ander Makazaga San Juango arraunlaria da. Nabarmendu du estropada «oso gogorra» dutela aurretik: «Denbora guztiak joan beharko du patroiak taldeari eskatu eta eskatu». Estropada eremu ospetsu baten antza hartu dio: «Gaurkoak Kontxa itxura du gehiago: joan eta etorria, zati bat badia barruan, bestea itsasoan...». Hori bai, erlojuz kontrakoa izango da.
Makazagak norgehiagokaren gakoak aurreratu ditu: «Asko baldintzatuko dute taldeen arraunketa teknikak eta ekonomiak, baita arraunlarien buruek ere». Izan ere, erlojupekoetan ohikoa den moduan, entrenatzaileak emandako erreferentziek gidatuko dituzte, begi soilez jotako alderaketek baino. «Joanekoak eta itzulikoak oso luzeak izango dira; garrantzia izango du inor ere ez edukitzea alboan, eta erreferentziekin jokatzeak», aurreratu du.
Iruditzen zaio erlojupeko estropadetan garrantzi handia duela buruak, eta, gainera, ontzien arteko tarteak murriztu egiten direla. Uste du horrek lehia gehiago gogortuko duela. Hori bai, etxean jokatzen dutenez gero, Makazagari oso positiboa iruditzen zaio zaleak gertu izatea, hori egiten baitu posible badiak: animoak entzun ahal izatea: «Gehienetan kanpora joaten gara estropadak egitera, eta herrian denean oso-oso berezia izaten da».
Makazagak ziur esan du taldea oso gogotsu dagoela, eta itxaropenez daudela estropada ona egin, eta emaitza ona lortzeko: «Taldea oso motibatuta dago. Ilusioa egiten digu herritarrak gertu edukitzeak, animatu ahal izateko».
Emakumezkoek estropada guztia badia barruan jokatu ahal izango dute; erlojuz kontrakoa ohiko estropada bat bezalakoa izango da haientzat. II. Gertu Eraikuntzak banderaren lehian arituko dira.
Lehendik lehiatu gabeko eremua
2018. urtean jaitsi zen Erreka trainerua KAE1 mailara, eta horretan aritu da azken sei urteetan, harik eta iaz Eusko Label ligara sailkatu zen arte. San Pedro ere iaz itzuli zen maila gorenera, urtebetez, 2019an maila galdu eta gero —urte hartan ez zuen estropadarik antolatu—.
Hori dela eta, azken urteetan, ez dira maila goreneko estropada asko jokatu Pasaiako badian. Eta jokatu izan direnek ez dute gaur izango duten estropada eremu bera izan. Sei luze eta bost ziaboga egin izan dituzte, denak badia barruan, Pasai Donibane eta Pasai Antxoren arteko eremuan.
Halere, eremua bat ala bestea izan, ezin da ahaztu Pasaiako badia ezaguna dela talde askorentzat, traineru asko entrenatzen baitira bertan: errenteriarrak, pasaitarrak, donostiarrak, tolosarrak…
Pasai Donibaneko eta Orioko estropadez gain, norgehiagoka gehiago ere izango dira asteburuan. Gaur, ETE ligako eta KAE2 ligako ontziak Orion lehiatuko dira; bihar, berriz, Portugaleten (Bizkaia). KAE1 ligako traineruek Zarauzko (Gipuzkoa) urak hartuko dituzte gaur, eta Gorlizkoak (Bizkaia) bihar.