Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi zuen Tolosaldeak, eta orduan eman zuen abisua: denboraldi honetan Arraun Lagunak-ek zailagoa izango zuen dena irabaztea. Euskotren ligako lehen bi estropadetan, Orio izan zen Lugañene estu hartu zuena, baina gaur, itsasoko lehen estropadan, Tolosaldeak eman du kolpea. Hura izan da traineru azkarrena, erakustaldia emanda, eta Nerea Perez patroiak astindu du IX. Fabrika bandera. Tolosaldeak maila nagusian lortu duen lehen bandera da.
Gainera, bigarren ez, hirugarren amaitu du Arraun Lagunak-ek; hamasei segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. Bigarren luzean geratu da lehiatik kanpo. Ziabogan egin du huts. Aurrekalariari arraunak alde egin dio ziaboga ematean, eta segundo gehiago behar izan dituzte handik ateratzeko.
Hortik aurrera, Orio eta Tolosaldearen artean egon da bandera irabazteko lehia. Une batez, sei segundoren tartea ere atera dio Tolosaldeak Orioko traineruari, baina bukaeran estutu egin dute horiek, eta segundo batera ere jarri dira. Azkenean, baina, ez dute lortu harrapatzea. Bi segundo pasatxoren aldeaz nagusitu da Tolosaldea.
Hala, Orio, beste behin, bigarren izan da. Donostiarrak dira oraindik lider, dena den. Puntu batera dute orain Orio, eta hirura Tolosaldea.
Irribarretsu hitz egin du Nerea Perez patroiak estropada amaitutakoan: «Oso pozik gaude. Estropada gogorra izan da, haiek [Oriok] olatu bat hartzen zuten, guk beste bat; zortea izan dugu, olatu bat aurrerago gindoazelako. Irteeran atzean geratu gara, baina gero asmatu dugu. Gaur disfrutatzea tokatzen da».
Zumaia izan da ohorezko txandako ontzirik makalena. Ondo ekin diote estropadari, bizi-bizi, baina, apurka, atzean geratu dira. Lehen ziaboga ematerako zortzi segundoko galera zuten, eta, hortik aurrera, sufritu egin dute. Azkenean, hamabi minutu behar izan dituzte, irabazleak baino 26 segundo pasa gehiago. Ez da makala, halere, Saregileak trainerua egiten ari dena. Euskotren ligara igo berri dira, eta ederki dabiltza maila gorenean ere, onenekin lehian.
Hondarribia, bikain
Lehen txandan, Hondarribia izan da nagusi, argi eta garbi. Dezenteko tartea atera die gainerakoei. Sailkapen nagusian azken postuan zela ekin dio estropadari, baina indartsu daudela demostratu dute gaurkoan. 11.53,80ko denbora egin dute, hau da, Zumaia baino azkarrago aritu dira. Hori dela eta, bihar ohorezko txandan lehiatuko da. Batez ere bigarren luzean hautsi du txanda Hondarribiak, nahiz eta bi luzetan aritu den ondo.
Ia hamar segundora heldu da helmugara Hibaika, eta askoz motelago egin dute arraun Astillerok eta Donostiarrak. Hondarribia helmugaratu eta 26 segundora bukatu ditu lanak Kantabriako taldeak, eta 33 segundora etxekoak.
Atzean estu ibili dira bi ontziak, baina bukaeran olatua aprobetxatu du Kantabriako taldeak, eta segundo batzuk jan dizkio Bantxa-ri. Fabrika banderan Donostiarra etxeko taldeak du inoizko denborarik onena; 2023an ezarri zuen marka: 10.44,90 behar izan zituen lanak bukatzeko. Gaur, ordea, kamuts aritu dira. Azken postuan amaitu dute.
Miren Garmendia Hondarribiko patroia gustura geratu da: «Gozatu egin dugu. Aste honetan entrenamendu onak egin ditugu, eta gogotsu etorri gara. Irabazi izan bagenu bezala ospatu dugu; estropada borobila egin dugu».
Saria ere badute, bihar Zierbenan (Bizkaia) ohorezko txandan ariko baitira. Itsasoan jokatuko da hori ere, 11:25ean (EITB1). Oriok begiz joa du estropada, azken lau aldietatik hirutan nagusitu baita han. Iaz Arraun Lagunak-ek kendu zion bandera, baina berreskuratu egin nahi luke. Horretan saiatuko da. Hiru aldiz segidan bigarren eginda, merezi du garaipena.