Zainetan darama futbola Rocio Candal (Ordenes, Galizia, 1996) Eibarreko kirol zuzendariak. Umetatik jokatu du futbolean Galizian, 21 urte zituenean uzteko erabakia hartu zuen arte. Galiziako irratian eta telebistan partiden iruzkinak egiten hasi zen, eta horrek ireki zizkion ateak Deportivoren kirol zuzendaria izateko. Orduan, Espainiako Federazioaren Lehen Mailan zegoen Galiziako taldea. Denboraldi bat pasatxo egon zen bertan, 2023ko uztailera arte. Azken sasoia Suitzako Grasspopper taldean igaro du. Joan den apirilean hartu zuen galiziarrak Jordi Torresen lekua Eibarreko kirol zuzendari gisara. Bi denboraldirako sinatu du.
Zer moduz joan dira azken lau hilabeteak?
Lan asko izan dugu, baina normala da, kirol zuzendariek orain egiten baitugu lan gehien. Gainera, batetik, jokalari askok utzi dute taldea, eta fitxaketak egin behar genituen; eta bestetik, lehen taldearen teknikariak aldatzeaz gain, bigarren taldekoa ere berritu dugu. Orain artekoarekin gogobeteta nago, eta gogotsu helduko diot datorrenari.
Nola egin zenuen bat Eibarrekin?
Suitzako Grasspopper taldean ari nintzen ikuskatzaileen arduradun. Gustura nengoen, nahiz eta desberdina den Deportivon egiten nuen lanarekin alderatuta. Azaldu zidatenean zein zen klubaren proiektua, zer nahi zuten niregandik, eta zergatik uste zuten nire ezaugarriek haienekin bat egiten zutela, hona etortzeko erabakia hartu nuen. Aurrerapauso bat da hona etortzea, eta gogo handiz nengoen gorenean kirol zuzendari aritzeko.
Aurkezpenean esan zenuen Eibarren balioek bat egin dutela zureekin. Zeintzuk dira balio horiek?
Batez ere, umiltasuna, lana, eta eguneroko gertutasuna. Eibarri buruz beti entzun dut gertuko kluba dela, eta asko arduratzen dela langileen alde gizatiarraz. Lanetik gehien gustatzen zaidana zera da, pertsonekin konpartitzen duzula egunerokoa. Iritsi naizenetik gertuko tratua izan dut, eta sumatu dut kluba jendearengatik kezkatzen dela.
«Eibar ezagutzen zuen entrenatzaile bat nahi genuen. Taldea kudeatzeko duen moduagatik fitxatu genuen Goikoetxea»
Yerai Martinen lekua Iñaki Goikoetxeak hartu du. Zergatik Goikoetxea?
Eibar ezagutzen zuen entrenatzaile bat nahi genuen, Eibarren DNA zer zen uler zezan. Gure testuingurura eta egunerokora moldatu zitekeen prestatzaile bat behar genuen, eta Iñaki Goikoetxearen aukera mahai gainean zegoen. Nik hemen egotea nahi nuen. Gipuzkoarra da, Debakoa, eta badu eskarmentua Euskal Herrian, bai emakumezkoen, baita gizonezkoen futbolean ere.
Realeko emakumezkoen taldearekin Kopa irabazi zuen, eta Real Union gizonezkoen taldearekin mailari eustea lortu zuen azken momentuan. Ondoren, Bigarren Mailan Amorebietan ere aritu zen. Egin duen ibilbideagatik, taldea kudeatzeko duen moduagatik, entrenatzaile moduan dituen ideiengatik, bere izaeragatik eta klubarekin ezin hobeto bat egiten zuelako fitxatu genuen. Eta hasieratik helburua zen Goikoetxeari helaraztea bera zela pertsonarik egokiena postu horretarako.
Entrenatzailea bakarrik ez, 11 jokalari ere fitxatu behar izan dituzue.
Proiektua aldatu genuen, jokalari asko joan baitira. Bi merkatu genituen: Federazioaren Lehen Mailako jokalariak, eta gorenean dagoeneko eskarmentua badutenak. Lehenengo multzoan talentu handia duten jokalariak daude, nahiz eta oraindik ez duten gorenean jokatu. Gaitasuna badute, baina aukera bat behar dute. Ikusita nola aritu den Eibar azken denboraldietan, hemen ondo funtzionatzen du profil horrek.
Bigarren multzoan, berriz, inguruko jokalarien bila aritu gara. Talde lehiakorra nahi dugu, moldatu daitekeena Eibarren DNAra, eta proiektua ondo hasteko bermea emango diguna. Hala ere, oraindik merkatuari erreparatzen diogu, beste jokalariren bat etor daitekeen aztertzeko. Norbait etortzen bada, gaur egun dugun taldea hobetzeko izango da.
Ez da erraza izango lehengo jokalariak ordezkatzea, hala nola Ane Campos eta Espe Pizarro. Etorri direnetatik, nork hartuko die lekukoa?
Nire ustez, jokalari bat baino gehiago, taldea da Eibarren indargunea. Helburuak lortzeko elkarrekin borrokatuko den talde bat gara, eta, hori lortzen badugu, gola gertuago izango dugu. Etorri diren jokalariak gosez datoz, eta Lehen Mailan ondo jokatu nahi dute. Gogo handiz eta ilusioz beteta daude. Asko errepikatzen ari naiz bi hitz horiek, baina uste dut hori dela gure motorra. Etorri diren jokalariek badakite nora etorri diren, eta zelaian zer egiteko gai diren demostratzeko gogoa dute.
Joan den denboraldian zortzigarren izan zen Eibar. Nola ikusten duzu taldea datorren sasoiari begira?
Garrantzitsuena beste denboraldi batez gorenean egotea da. Umilak izan behar dugu, eta balioa eman azken denboraldietan klubak egin duenari. Hortik aurrera, arreta jarri behar dugu denboraldiko lehen helburuan: mailari eustean, alegia. Uste dut hori argi izan behar dugula, eta hortik aurrera etortzen dena ongietorria izango da, baina lehen pauso hori ematea garrantzitsua izango da, udan aldaketa asko izan ditugu eta.
Zure ustez, zein talde ariko dira mailari eusteko borrokan?
Uste dut denboraldi honetan oso berdinduta egongo dela kontua. Nahiko talde egongo gara ligatik ez jaisteko borrokan. Igo diren berriak eta joan den denboraldian mailari eusteko borrokan egon zirenak. Nire iritziz, zenbait talde helburu beragatik borrokatuko gara, eta lehia polita izango da. Denboraldi bakoitza gero eta exijenteagoa da, onena ematera bultzatzen zaitu, eta ziur naiz denboraldi honetan ere lehia polita izango dela.
«Federazioaren Lehen Mailatik fitxatu ditugun jokalariek talentu handia dute, nahiz eta oraindik ez duten gorenean jokatu»
Kontuan hartuta liga dela zuen lehentasun nagusia, Kopak ba al du garrantzirik?
Izan lagunarteko bat edo izan partida ofizial bat, ardura duzu kluba ordezkatzeko. Denboraldiko helburuetako bat da partida guztietan ondo lehiatzea, eta gure onena ateratzea. Kopari dagokionez, joan den sasoian ligan lortutako zortzigarren postuari esker, zuzenean final-laurdenetarako sailkatu gara. Baina partida hori iristen denean, prest egon behar dugu. Izan dadila Kopa ilusioa piztuko digun lehiaketa bat.
Jokatzeko moduari dagokionez, Yerai Martinek zuzentzen zuen taldearekiko alderik egongo al da?
Entrenatzaile bakoitzak bere estiloa du, baina garrantzitsuena asteburuero lehiakorrak izatea da. Eibarren DNA da erritmo altua izatea, buruz buruko jokaldietan indartsuak izatea, eta defentsan gol gutxi jasotzea. Ondoren, zenbat eta gertuago egon aurkariaren atetik, orduan eta gertuago egongo gara gola sartzetik. Pixkanaka, jokalariak barneratzen ari dira Goikoetxearen talde teknikoak nahi duenera. Orain, garrantzitsuena da lagunartekoak jokatzen jarraitzea, prest egoteko liga hasten denerako.