Valladoliden aurkako partidak eragina izango zuela uste zutenei arrazoia eman zien atzo Zigandak. Orain arte ia partida guztietan hasieratik jokatu duten jokalari dezente utzi zituen deialditik kanpo: Portillo, Plasil, Javi Garcia eta Izquierdo, esaterako. Deialdian jokalari berriak (Hugo Viana berriena), eta hamaikakoan are berritasun gehiago. Gutxienez zazpi aldaketa izango dira hamaikakoan -Juanfran eta Azpilikuetaren artean azkenaren alde egiten badu, zortzi izango dira-. Hurrengo partidan ere aldaketak egin beharko ditu, Corralesi bi partidako zigorra jarri baitiote.
«Oraindik azken partidako sentsazioa daukagu gogoan, eta irudi hori aldatu nahi dugu Sevillan. Valladoliden aurka erakutsi genuen baino askoz hobeak gara. Emaitza ez zen erabat txarra izan, baina itxura txarra eman genuen», esan zuen Zigandak atzo goizeko lan saioaren ostean. Azken partidetan golak errazegi sartu dizkiote Osasunari, eta Iruñeko klubak betidanik izan dituen ezaugarriak berreskuratu nahi ditu orain Zigandak: «Osasunaren aurka jokatu behar dutenean, aurkariek talde borrokalari honen aurka jokatzea zein nazkagarria den pentsatzea nahi dut. Berriro talde serioa izatea da lehentasuna. Ia partida guztietan bi gol sartzen dizkigute, eta irabazteko hiru sartzera derrigortuta egotea ez da samurra».
Azken finean, jokalariak soilik ez, taldearen itxura aldatu nahi du Zigandak. Eta, horretarako, agian, joko sistema ere aldatuko du. Liga hasiz geroztik bigarren aldiz 4-1-4-1 sistema erabiliko du, beharbada, Osasunak gaur. Vicente Calderonen sistema aldaketak ez zuen emaitza onik eman, dena dela: 2-0 galdu zuten nafarrek Atletico Madrilen zelaian. Azkenean sistema ez aldatzea erabakitzen badu, kaltetu nagusia Xavier Margairaz suitzarra izango da, haren tokia Kike Solak hartuko bailuke.
EKAINEAN, 0-5. Hain zuzen ere, Sola izan zen orain bost hilabete -ekainaren 10ean- Osasunako izar nagusia Manuel Ruiz de Lopera futbol zelaian. Cascanteko aurrelari gazteak lehen taldearekin hasieratik jokatu zuen lehendabiziko norgehiagoka izan zen, eta bi gol ikusgarri sartu zituen. «Baina partida harekin zerikusirik ez du honek», esan zuen atzo Zigandak. Baina aurreko sasoian gorritxoek bi partidatan hamar gol sartu zizkietela ez dute ahaztuko Betisekoek. Luis Fernandez entrenatzailearen lehen partidan Osasunak 5-1 irabazi zion Betisi Iruñean, eta ekainaren 10eko 0-5ekoa Fernandez aulkian eseri zen azken partida izan zen. Ongietorria bezain mikatza izan zen Osasunak eskaini zion agurra.
Nekunamek arazoak izan ditu eskuin belaunean
Javad Nekunam jokalari irandarrak denboraldi-aurrean eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen eta Iranen dago. Osasuneko medikuek ez dute inolako azalpenik eman, baina Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrari Teheranen eskainitako elkarrizketa batean bere lesioaren osatze prozesuan gorabeherak izan direla jakinarazi du Osasunako erdilari irandarrak. «Oso bakarrik sentitzen nintzen Alemanian. Arlo fisikoaz gain, psikologikoa ere zaindu egin behar da, baina han lur jota sentitzen hasia nintzen, bigarren ebakuntzaren ostean arazotxoren batzuk izan nituelako eta gutxienez hiru aste galdu nituelako. Nire inguruko jendea ikusi beharra neukan, indarberritu eta osatze prozesuaren azken txanpari ondo ekiteko», esan zuen Nekunamek Iranera zergatik joan zen galdetu zionean.Abuztuaren 23an egin zioten ebakuntza erdilari irandarrari, Alemanian (Osasunak ez du beste ebakuntza baten berririk eman), baina belauna garbitzeko berriro ebakuntza gelatik igaro behar izan zuenean, arazoren bat izan zuen, nonbait, Nekunamek. Arrazoi politikoengatik, Israelgo talde baten aurka inoiz ez duela jokatuko ere aitortu zuen Nekunamek elkarrizketa berean. Eta min hartuta egon arren, Alemaniatik eta Ingalaterratik eskaintzak jaso dituela ere onartu zuen.