Manchester United 2. Chelsea 1

Jokaldi bakarrarekin

Chelseak aukera onak izan ditu lehen zatian, baina 'Chicharito'-k apurtu du partida, 43. minutuan

unai zubeldia
Donostia
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Manchester United. Van der Sar; O'Shea, Ferdinand, Vidic, Evra; Nani (Valencia, 75. min.), Carrick, Giggs, Park; Rooney eta Hernandez.

Chelsea. Cech; Ivanovic, Alex, Terry, A. Cole; Ramires, Essien, Lampard; Anelka (Kalou, 60. min.), Torres (Drogba, 46. min.) eta Malouda.

Golak. 1-0.Chicharito-k (43. min.); 1-1. Drogbak (66. min.); 2-1. Parkek (67. min.).

Epailea. Olegario Benquerenca (Portugal). Txartel gorria (bi hori) Ramiresi (70. min.). Txartel horia Manchesterreko O'Shea eta Evrari, eta Chelseako Malouda, Lampard eta Terryri.

Bestelakoak. Lepo beteta zegoen Manchesterreko Old Trafford zelaia.

Chelsea ezezagun batek gertu eduki zuen Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela. Chelsea ezezaguna, lehen ordu erdian ikusgarri aritu zelako Londresko taldea, baloia ukituz, zelai erdia aurre-aurrean jarriz, eta gol aukerak bata bestearen atzetik sortuz. Joko bizi eta ikusgarria egin zuten ingelesek, ohi baino oldarkorragoa. Eta gertu eduki zuen txartela, lehen ordu erdian hiruzpalau gol aukera argiak izan zirelako. Torresek eduki zuen lehenengoa, buruz, 11. minutuan; Anelkak hurrengoa, 14. minutuan; Lampardek hirugarrena, 15.ean; eta Anelkak berak laugarrena, argiena, 22.ean. Manchester United bera ere lotuta zegoen, atzetik irten ezinik. Baina futbola gogorregia da batzuetan.

Lehen ordu erdi bikainaren ondoren, Chelseak bi pauso atzera eman zituenean, jokaldi bakarrean, kanporaketa bere aldera desorekatu zuten etxekoek. Joanekoan 0-1 irabazi zuen Manchester Unitedek Londresen, eta Chicharito Hernandezek 43. minutuan sartu zuen golak ia ezinezko bihurtu zuen Chelsearen balizko balentria. Lehen zati horretan Chelseak eskaini zuen jokoa, baina jokaldi ikusgarria Manchesterrena izan zen. 43. minutukoa. Rooneyk ezkerretik eskuinera aldatu zuen jokoa, Giggsek ondo kontrolatu, erdiratu, eta goleko marran Chicharito-k barrura.

Manchesterren gol horrekin, bi behar zituen Chelseak bigarren zatian, eta Carlo Ancelottik aldaketa esanguratsua egin zuen atsedenaldian. Torres aldagelan utzi eta Drogba zelairatzea erabaki zuen. Aurrelari espainiarrak oraindik ez du golik sartu Chelsearekin, eta zaleak nekatzen hasita daude jada. Aldaketa garrantzitsua izan zen, bigarren zatia hastearekin batera, 57. minutuan, Drogbak berak gertu eduki zuelako 1-1ekoa. Kontrol ona egin, eta ezkerrez oso gutxigatik bidali zuen baloia kanpora.

Bi minutu geroago, berriz, falta jaurtiketa batean eduki zuen gertu Drogbak gola, baina Van der Sarrek geldiketa ona egin zuen. Hamabost minutuan Drogbak gehiago egin zuen Torresek lehen 45 minutuetan baino. Eta epaileak 70. minutuan Ramiresi bigarren txartel horia atera ondoren ere, jokalai bat gutxiagorekin Drogba izan zen gai kanporaketari tentsio pixka bat gehitzeko. Essienek pasea eman, Drogbak bularrarekin kontrolatu, eta sareetara. 1-1.

Beste gol bat behar zuen Chelseak, baina Manchesterrek lortu zuen bigarrena, hurrengo minutuan, Parken erremateari esker —Giggsena izan zen pasea—. Minutu bakarra iraun zuen Chelsearen ilusioak, baina Drogbak erakutsi zuen une honetan Torres baino biziago dagoela. Maloudak gertu eduki zuen 2-2koa 86. minutuan. Baina alferrik zen. Kanporaketa erabakita zegoen. Manchester Unitedek ariko da finalerdietan.

Eta Bartzelona ere bertan izango da, atzo arazorik gabe kanporatu zuelako Xakhtar Donetsk. Joaneko partidan 5-1 irabazi zuen Bartzelonak, eta atzo ere 0-1 irabazi zuen, Messik 42. minutuan sartutako golari esker. Xakhtarrek, hori bai, eduki zituen hiru aukera on golen bat sartzeko, baina partida handia jokatu zuen Victor Valdes atezainak.

Beste bi partida gaur

Atzoko bi kanporaketak nahikoa desorekatuta zeuden itzuliko partidak jokatzen hasi aurretik, eta gaurko bi partidekin ere antzeko zerbait gertatzen dela esan daiteke. Izan ere, joaneko partidetatik ia-ia finalerdietarako txartelarekin irten ziren Real Madril eta Schalke 04. Espainiarrek 4-0 irabazi zioten Tottenhami, eta huts larria egin beharko lukete gaur Txapeldunen Ligako finalerdietatik kanpo geratzeko.

Real Madrilek azken zortzi denboraldietan ez du lortu finalerdietarako txartelik, baina gaur bost goleko aldearekin galdu ezean, Bartzelona izango du zain finalerdietan. Hori bai, ingelesak konfiantzaz gainezka daude ligan Stoke Cityri irabazi ondoren. Peter Crouchek ezingo du jokatu, joaneko partidan txartel gorria atera ziolako epaileak.

Beste kanporaketan, berriz, Schalke 04k ezusteko handia eman zuen Milanen, Inter Milanen zelaian. 2-5 irabazi zute alemaniarrek, eta ia ezinezkoa dirudi Inter Milanek Alemanian 0-4 edo 1-5 irabaztea. Joko bizi eta zuzenaren alde egingo du Interrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.