Espanyoleko jokalaria

Urko Gonzalez de Zarate: «Jokatzeko aukerak behar nituen; Realean ezin nuen horrela jarraitu»

Donostiatik irteteak «bertigo apur bat» eragin zion hasieran erdilari arabarrari, baina hobetzeko toki egokia du Espanyolen. Kataluniarrek indar betean hasi dute denboraldia, eta Alavesen kontra jokatuko dute gaur, Mendizorrotzan (Movistar, 16:15).

Urko Gonzalez Zarate Espanyoleko jokalaria. DAVID BORRAT / EFE
DAVID BORRAT / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko azaroaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxean bisitaria izango da gaur Urko Gonzalez de Zarate (Gasteiz, 2001). Alavesen zelaian jokatuko du, baina Espanyolen elastikoa jantzita. Neurketa «berezia» izango dela aitortu du: «Nire hiriko taldea da Alaves, eta lagun eta senitarteko gehienak partida guztietan joaten dira Mendizorrotzera». Joan zen denboraldian sei hilabetez izan zen Espanyolen, Realak utzita, eta udan 2030era arte sinatu zuen kataluniarrekin. «Ez nuen bitan pentsatu».

Joan zen larunbatean Espanyolen 125. urteurrena ospatu zenuten, Elxen aurka jokaturiko partidan. Irabazita, biribila izan zen festa?

Erabat. Klub historikoa da Espanyol, eta itzela izan zen horren ospakizun berezia zelaian bizitzea. Jendez lepo zegoen estadioa, eta irabazi egin genuen, urteurrenerako propio sortutako elastikoa jantzita. Ezin da gehiago eskatu.

Urteurrenaz gain, taldearen jarduna ere ospatzeko modukoa da: bosgarren postuan zaudete lehen hamar jardunaldien ondoren. Zeuek ere harrituta zaudete?

Pozik gaude, baina ez harrituta. Oso talde langilea gara, guztiz batuta gaude, eta ondo barneratua daukagu Manolok [Gonzalez, entrenatzailea] eskatzen diguna. Ez da kasualitatea orain arte 18 puntu bildu izana. Maila oneko jokalariak ditugu, eta badakigu batek edo besteak jokatu neurria emango dugula zelaian. Era berean, oinak lurrean izan behar ditugu, denboraldia oso luzea baita. Ea ez dugun sufritzen joan zen sasoian bezainbeste [azken jardunaldian eutsi zioten mailari].

Klubak jabe berria du: Alan Pace enpresari estatubatuarra. Taldeak, ordea, eutsi egin dio iragan sasoiko bizkarrezurrari. Zu, adibidez, Donostiatik itzuli zara, 2030era arteko kontratua sinatuta.

Utzita ibili nintzen sei hilabetez, eta oso ondo moldatu nintzen. Taldeak nigan sinesten zuela ikusi nuen. Balioetsia sentitu nintzen. Udaran Espanyolera itzultzeko aukera sortu zenean, ez nuen bitan pentsatu. Oso pozik nago hemen.

Urte luzez jokatu duzu Realean, baina ez duzu lehen taldean finkatzerik izan. Horren pena baduzu?

Ez. Nire onena eman nuen Realean, baina futbola halakoa da. Donostian ikasitakoa eta bertan egin ditudan lagunak, hori guztia niretzat izango da beti. Oso esperientzia ona izan nuen bertan. Era berean, oso pozik nago Espanyolera joan izanaz.

Hara utzita joan zinen hasieran, eta partida asko jokatzeko aukera izan zenuen; ia denak, titular gisa. Behin Realera itzulita, ez zenuen bertan tokia hartzeko esperantzarik?

Futbolean, gauzak oso azkar alda daitezke, eta ez dakizu egun batetik bestera non egongo zaren. Niretzat, garrantzitsuena da duzun onena ematea, zauden tokian zaudela. Erabaki zenean taldetik irten beharra nuela, nire ordezkariekin eta aitarekin hitz egin nuen, eta denok ikusi genuen Espanyolera joatea zela aukerarik onena.

«Hasieratik konfiantza handia eman didate Espanyolen, eta Lehen Mailan aritzeko balekoa naizela ikusarazi»

Lehen Mailan oso gazte egin zenuen debuta, 19 urte eskasekin, Real Madrilen kontra. Zertan zara orain futbolari hobea, eta zer duzu hobetzeko?

Ez naiz hasierako Urko berbera, hori garbi daukat. Azken finean, asko ikasten duzu egunero entrenamenduak eginez eta astero partidak jokatuz. Orain futbolari osoagoa naizela esango nuke. Hala ere, asko dut ikasteko: adibidez, erabakiak hartzeko orduan, eta jokoaren ulermenari dagokionez. Oso garrantzitsua da jakitea zelaian gauzak noiz egin behar diren.

Realean, Xabi Alonso, Imanol Alguacil eta Sergio Francisco izan zenituen entrenatzaile. Hiruretako nork utzi zizun arrastorik handiena?

Oso zaila da bakarra aukeratzea, hirurekin gauza asko ikasi bainuen. Ederra izan zen horren entrenatzaile onak edukitzea.

Eta Realean izan duzun momenturik gozoenaz galdetuko banizu, jakingo zenuke bakarra aukeratzen?

Hautaketa hori ere oso zaila da, oso oroitzapen onak baititut. Adibidez, ilusio handia egin zidan lehen taldearen deia jasotzeak. Umetatik amesten nuen noizbait Anoetan jokatzeko aukerarekin, eta errealitate bihurtu zen. Harrobiko taldeetan ere asko gozatu nuen; esaterako, bigarren taldearekin Bigarren Mailara igo ginenean.

Hasieran zaila izan zen Donostiatik atera, eta taldea, hiria eta bizimodua aldatzea?

Erabakia nahiko garbi nuen. Jokatzeko aukerak behar nituen; Realean ezin nuen horrela jarraitu. Hasieran, egia da bertigo apur bat sentitu nuela aldaketaren eraginez. Taldean ez nuen inor ezagutzen, eta hiria ere berria zen niretzat. Era berean, han sei hilabetez bakarrik aritu behar nintzenez, oso azkar egin behar nuen egokitzapena. Iritsi orduko eman behar nuen maila. Baina behin hona iritsita, klubak oso gertuko izaera duela jabetu nintzen. Sekulako harrera egin zidaten taldean, eta jokalariak zein teknikariak lehendik ezagutuko banitu bezala izan zen. Berriz ere futbolari sentitu nintzen hemen; hasieratik konfiantza handia eman didate, eta Lehen Mailan aritzeko balekoa naizela ikusarazi.

Oraingoz, denboraldi honen hasieran aurrekoan baino gutxiagotan agertu zara hasierako hamaikakoan. Pozik zaude zure jardunarekin?

Bai, ondo ari naiz lanean. Baina aintzat hartu behar da lehia handia dugula talde barruan. Nire taldekideek maila itzela dute, eta zaila da hasieratik jokatzea. Azken partidak ez ditut titular jokatu, baina nik gogor jarraitu behar dut lanean, eta jokatzeko aukera dudanean, neurria eman.

Eta zer iruditzen zaizu Realaren denboraldi hasiera apala?

Futbola, askotan, bolada kontua izaten da. Egia da sasoiari ez diola ekin modurik onenean, baina, duten taldearekin, askoz ere emaitza hobeak lor ditzakete. Ziur nago buelta emango diotela.

«Mendizorrotzan zaila izaten da bisitari moduan emaitza onak lortzea. Hortzak estutu beharko ditugu»

Gaur Alavesen aurka jokatuko duzue. Gasteiztarra zaren heinean, zer harreman duzu zure jaioterriko taldearekin?

Estimua diot, noski. Zubietara jo aurretik, zenbait urte egin nituen Alavesen harrobian, eta oso gustura aritu nintzen han. Gainera, nire hiriko taldea da, eta lagun eta senitarteko gehienak partida guztietan joaten dira Mendizorrotzera. Hori horrela, niretzat oso berezia da Alavesen aurka jokatzea.

Zer analisi egingo zenuke Alavesen inguruan, eta zer espero duzu gaurko lehiari begira?

Alavesek oso talde lehiakorra osatu du, eta sendo dabil etxean, Mendizorrotzan sortzen den giroak lagunduta. Zaleak oso gainean izaten dira, eta bisitarientzat zaila izaten da bertan emaitza onak lortzea. Beraz, hortzak estutu beharko ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.