Futbolaz gozatzen ari da Carlos Gurpegi (Andosilla, Nafarroa, 1980). Asko sufritu duen futbolari bat da, baina sekula ez du etsi. Eta orain ereindakoa jasotzen ari da. Pisua dauka zelaian eta zelaitik kanpo. Athleticeko kapitainetako bat da. Ez du arazorik izaten gai askotaz iritzia emateko.
Herenegun jakin zen jokalariok prest zaudetela euskal selekzioarekin aritzeko. Zein iritzi daukazu auzi horren inguruan?
Nire ustez, neurketa jokatzea da geldi dagoen kontu bat mugitzen hasteko bide bakarra. Zoritxarrez, ez dugu lortu guk gura genuen akordioa, baina jokatzeko gogoa daukagu.
Gaia aldatuta, txartel pilaketa tarteko ezin izan zenuen jokatu Real Madrilen kontra. Gauzak ondo egiten direnean inori ez zaio gustatzen jokatu ezinda geratzea.
Min eman zidan Bernabeun ez jokatzeak. Baina lau txartel horirekin jakinekoa da edonoiz ailegatuko dela behartutako atsedena hartzeko unea. Bere alde ona ere badauka: orain Osasunaren eta Realaren kontrako neurketak jokatzeko aukera izango dut. Partida politak dira biak.
Une gozoan zaude.
Konfiantza handiarekin ari naiz jokatzen. Bide beretik jarraitzea da nire asmoa.
Urte biko zigorraren ostean, asko kostatu zitzaizun sarri jokatzea. Noizbait zalantza egin al zenuen zure gaitasunaz?
Bai. Asko kostatu zitzaidan eroso sentitzea. Ez nuen entrenatzailearen konfiantza. Jokatzeko sasoia pasatu zitzaidala ere pentsatu nuen garai batean.
Hamargarren denboraldia duzu Athleticen, baina fresko zaudela dirudi.
Bi urtez jokatu barik egon eta hirugarrenean gutxi jokatu ostean, oso ondo nago. 30 urterekin futbola bizi izan baduzu, gozatzeko aukera izan dezakezu.
Egungoa al da ezagutu duzun Athletic indartsuena?
Ufa! Futbola asko aldatu da azken sasoietan. Valverderen aginduetara ere lan oso ona egin genuen. Ordutik hiru jokalarik jarraitzen dugu. Nik uste dut maila antzekoak zirela talde biak.
Azkenaldion Athleticen gehien irabazten dutenen kontratuen berri izan du jendeak. Taldeko kapitainetako bati ez zaio asko gustatuko horrelako kontuak agertzea, ezta?
Oso gai korapilatsua da. Ez zitzaidan batere gustatu. Klubetik irten behar ez diren kontuak dira. Egungo krisi egoeran batek baino gehiagok ez luke oso ondo ulertuko futbolak mugitzen dituen diru kopuruak.
Athleticek aurreikuspenak bete al ditu Ligako lehen hamabi lehiatan?
Gol gehien jaso duten taldeetan bigarrena izanik, ezin da gustura egon. Talde indartsuenen kontra erakutsi ditugun gabezien arantza daukagu. Askoz gehiago eman dezakegu.
Zer egin behar da etxetik kanpo emaitza onak eskuratzeko? Azken 11 hilabetetan behin baino ez duzue irabazi San Mamesetik urrun.
Estatistikak ez dute gezurrik esaten. Argi izan behar dugu sei onenen artean sailkatzeko aurrerapausoa eman behar dugula. Gauzak askoz hobeto egiteko gai gara.
23 gol sartu dizkizuete. Kalitate faltaren ondorioa edo gutxi landutako talde baten gabezien isla da?
23 gol horietatik hamar hiru neurketetan egin dizkigute. Gainerako bederatzi partidetan hamar gol jaso ditugu. Ez da horren batez besteko txarra. Halere, une jakin batzuetan kontzentrazio akatsak izan ditugu. Taldekide guztiok gara errudun.
Erasoan ez daukazue defentsan dituzuen arazoak. Erraz sartzen dituzue golak. Llorente da taldeko erreferentzia nagusia. Haren mende al dago Athletic?
Fernandok [Fernando Llorente] ukitzen duen baloi bakoitza sarera bidaltzen du. Taldeak aprobetxatu egin behar du oraingo bolada gozoa. Hala ere, Muniainek, Susaetak, Toquerok, Gabilondok... guztiek gauza asko ematen dizkigute erasoan.
Eta zer gertatuko da Llorente falta den egunean?
Jokatzen ez duen egunean beste taldekide bat ariko da. Badakigu ez daukagula Llorenteren ezaugarriak dituen beste futbolari bat, bainatalde honek badauka gaitasuna hura barik jokatzeko.
Etzi Osasuna ariko da San Mamesen. Nafarrei ere askoz gehiago ari zaie kostatzen etxetik kanpo zaleen aurrean baino.
Arlo horretan antzera ari gara. Jarraitzaileen babesarekin eroso ari gara, eta askoz gehiago gozatzen dugu.
Zerk kezkatzen zaitu gehien Osasunatik?
Indar handiko taldea da. Bestalde, Juanfran, Camuñas eta Masud oso ondo moldatzen dira kontraerasora. Guk azken jardunaldietan egin duguna egiten jarraitu behar dugu. Gogor presionatu eta atzean sartu behar dugu Osasuna.
Irabazteak baino ez du balio?
Bai. Hori da Real Madrilen kontrako partida ahazteko egokiena. Anoetakoari aurre egiteko ere ondo etorriko zaigu garaipena.
Zu Athleticera gazte etorri ziren nafarretako bat zara. Zein iritzi daukazu Aluvion taldearen auziaren inguruan? [Nafarroako hamalau taldek «jokalariak kentzea» leporatu diote Athleticekin hitzarmena duen Cascanteko taldeari].
Ez da zuzena Aluvionekin egiten ari direna. Athleticekin duen hitzarmenarengatik egiten diote kontra. Ituna Getaferekin, Zaragozarekin edo beste talde batekin egin balu, ez zen arazorik izango.
Nafarroan ezin dute Athletic ikusi.
Ez dut ulertzen. Jakinekoa da Athleticek jokalari nafarrak fitxatzen dituela, baina bere sasoian diruz ere lagundu zuen Osasuna. Nik uste dut Osasuna, Reala eta Athletic elkarren lagun izan behar direla.
«Jokatzeko sasoia pasatu zitzaidala ere pentsatu nuen garai batean»
Taldeari orain arte erakutsi duena baino gehiago eskatu behar zaiola uste du Carlos Gurpegik. Etziko derbiaz galdetuta, ez du ulertzen Nafarroan Athletici dioten ezinikusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu