Abiadura izango zela gakoa esan zuen Jokin Altunak pilota aukeraketan, ez uztea Unai Lasori erritmoa ezartzen. Eta halaxe izan da. Lehen tantoetan, indartsu hasi da Laso, bizi, erritmoa jarriz, eta aurrea hartu du: 1-5. Elezkanori, Artolari, Bengoetxeari irabaztetik zetorren; txapelketa ederra egin du, eta 21 tanto egin zizkion Ezkurdiari, txapeldunari. Partidak itxura ederra zeukan beretzat.
Aurrean Jokin Altuna zeukan ordea. Oso ondo hasi da jokatzen, pilota bizi mugituz, ahal zuenean errematatzen, tantoak azkar bukatzen. Eta ohartzerako partida hautsita zeukan bere alde. 21-7 jarri da. Inoiz ez da jakiten, beti gerta daiteke partida irauli eta buelta ematea, baina hain ondo jokatuta, ia ezinezkoa zen. Azkenean Unai Lasok beste hiru tanto egin ditu. Berak gora botatako pilotakada batekin amaitu da partida.
Jokin Altunak finalerako prest dagoela erakutsi du. Azaroaren 17an jokatuko du Nafarroa Arenan Joseba Ezkurdiaren aurka, eta orduan jakingo dugu zein den aurtengo lau eta erdiko txapelduna.