Olinpiar Jokoak

Jokoak egiteko konpromisoa berretsi du Japoniako Gobernuak

Yoshihide Suga lehen ministroak ukatu egin du The Times egunkariak ateratako informazioa. Bertan esaten zen Japoniako Gobernuak "pribatuan"  hartu zuela udan Jokoak ez egiteko erabakia, eta lanean ari zela 2032an antolatzeko.

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 22a
16:01
Entzun

Japoniako lehen ministro Yoshihide Suga argi mintzatu da: udan Olinpiar Jokoak egitearen asmoari eusten diote: "Tokioko agintariekin eta Nazioarteko Olinpiar Batzordearekin elkarlanean, ziurrak diren Olinpiar Joko batzuk antolatu nahi ditugu". Hala, gezurtatu egin du The Times egunkariak ateratako informazioa. Bertan esaten zen Japoniako Gobernuak "pribatuan" erabaki zuela Olinpiar Jokoak ez antolatzea, eta lanean ari zela 2032koak antolatzea eskatzeko. Izan ere, 2024koek eta 2028koek badute egoitza: Paris eta Los Angeles, hain zuzen ere.

Sugak jokoak antolatzearen garrantzia nabarmendu du. "Gizateriak COVID-19a mendean hartu duen seinale izango litzateke". Gainera, berretsi du lanean ari direla uztailerako dena prest izateko. Antzera mintzatu da Jokoen antolakuntzari lotutako eskumenak dituen Seiko Hashimoto ministroa. "Argi utzi nahi dut egunkari horrek atera duen informazioa ez dela egia, eta ahalegin guztiak ari garela egiten dena behar bezala joan dadin, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta pandemia kontrolpean izateko".

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ere ohar bat atera du: "Japoniako Gobernuak ateratako oharra argia da, eta ozen esan nahi dugu informazio horiek faltsuak direla. Denak ari gara lanean uztailean egingo diren Olinpiar Jokoak arrakastatsuak izan daitezen. Hori da buruan dugun gauza bakarra. Arreta osoa hor dugu jarria. Beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko ari gara lanean".

NOBek iazko martxoan erabaki zuen Olinpiar Jokoak atzeratzea, pandemiagatik. Hainbat aukera izan zituen, eta egokiena urtebete atzeratzea zela adostu zuen. Inaugurazio ekitaldia noiz izango den ere jakinarazi zuen: aurtengo uztailaren 23an. Sei hilabete eskas falta dira horretarako, eta kirolariek prestatzen eta lehiatzen jarraitzen dute, pandemiak izan dezakeen bilakaeraren zain.

Japoniako Gobernuaren asmoa Jokoak antolatzea bada ere, oso bestelakoa da herritarren iritzia. Izan ere, duela egun batzuk ateratako inkesta baten arabera, hamar japoniarretik zortzi Jokoak bertan behera uztearen edo berriz atzeratzearen aldekoak ziren. Kyodo Japoniako albiste agentzia ofizialak egin zuen inkesta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.