Realak ez du oraingoz fitxaketarik egin denboraldi berriari begira. Baina azken denboraldian taldearentzat funtsezkoa izan den jokalari baten kontratu berritzea jakinarazi du gaur: Jon Martinena. Atzelariak 2032ko ekainaren 30era arte luzatu du hitzarmena, beste urtebete gehiago. Anoetan sinatu du kontratu berria, Jokin Aperribai presidentearekin batera, eta zera adierazi du: «Oso zoriontsu nago kontratua berritzeagatik, Realak dena eman dit, eta nik nire ekarpena egiten jarraitu nahi dut hemen. Multzoan niretzat eredu diren hainbat jokalari daude: Mikel [Oiartzabal], Igor [Zubeldia], Ander [Barrenetxea]... Egunero saiatzen naiz haiengandik ikasten».
Erdiko atzelariak 2024ko maiatzaren 19an egin zuen debuta Realarekin, Betisen aurka, Benito Villamarinen. Imanol Alguacilek eman zion horretarako aukera. Hurrengo denboraldian, oraindik ere Realaren bigarren taldeko jokalaria izan arren, hamazazpi neurketatan aritu zen lehen taldearekin: hamahiru partida jokatu zituen ligan, bat Espainiako Kopan eta hiru Europa ligan. Azken denboraldian Sergio Franciscok lehen taldera igo zuen, eta harekin eta ondoren Rino Matarazzorekin onenen artean finkatu zen. 32 partida jokatu zituen denera: 25 ligan, eta zazpi Espainiako Kopan. Bi gol ere sartu zituen ligan. Gainera, Kopako txapeldun izan zen Sevillan, Atletico Madrilen aurka.
Baloia atzetik ondo ateratzen duen jokalaria da, eta indartsua buruz. Hori dela eta, Europako hainbat klubek hura fitxatu nahi duten zurrumurrua egon da ia debuta egin zuenetik. Beraz, azken bi urteetan Realak hiru aldiz berritu dio kontratua. 2024ko apirilean 2030 arte luzatu zion; 2025eko urrian 2031 arte, eta orain 2032 arte.
Berriki Realak kontratua berritu die harrobiko bi jokalariri: Luken Beitiari 2030 arte, eta Gorka Karrerari 2031 arte.