TXIRRINDULARITZA

Jon Odriozola: "Gure helburu guztiak sobera bete ditugu"

Euskadi-Muriasen kirol zuzendariak aitortu du taldearen desagerpenak "etsipena" eragin diola, eta azpimarratu du taldearen oinarrizko ideiak garatuko dituen proiektu berri batean hasiko dela lanean. 

2019ko urriaren 2a
14:45
Entzun

Odriozolak azaldu duenez, Muriasek proiektua hasteko proposamena egin zuenean, "euskal txirrindularitza bizirik mantentzeko" oso argi zuten egin beharra: "Euskadi nazioarteko mailarik gorenera eramango zuen harrobian oinarritutako talde bat osatzea". Eta lortu dutela dio. "Azken bost urteetan bikaintasuna lortu dugu, gure egutegia urtetik urtera hobetuz eta Espainiako Vueltan bi urteetan lehiatuta, azken honetan talde erreferentea bihurtuz. Bi etapa irabazi ditugu Vueltan, Turkiako Tourra irabazi dugu, baita Norvegiakoa ere, etapak Portugalgo Itzulian edo Aragoiko Vueltan...".

Euskadi-Muriaseko managerraren arabera, "garaipen horien gainetik talde honen arrakastarik handiena jende askorengana iristea izan da. Pertsona ugarik talde honetan islatuta ikusi dute beren burua". "Harrobiaren alde egindako apustua" ere nabarmendu du. "Etorkizunean garaipen handiak emango dizkiguten txirrindulari askori guk eman diegu profesional mailan aritzeko lehen aukera". "Umiltasuna" izan da hori guztia lortzeko sekretua. "Familia batean bilakatu den taldea izan gara, eta proiektu global batean lan egin dugu, marketin aldetik kirol arlora lan egin duena. Estrategia plan hori gabe, lortu duguna ezin izango zen posible izan".

Kolpea izan da jakitea taldeak ez zuela jarraituko. "Taldeak ez zuela jarraituko jakin ondoren, lehen momentuak oso gogorrak izan ziren. Hasieran, inpotentzia handia sentitu nuen". Baina antolatzaile, zale, kazetari eta abarrek bidalitako animo eta babes mezuei esker, "aho zapore onarekin" gelditu da.

Bere etorkizunaz, berriz, esan du "puntu eta jarrai bat" dela. "Euskadi–Murias taldearekin helburu guztiak beteta, gaur bertatik taldearen oinarrizko ideiak garatuko dituen proiektu berri batean hasiko naiz lanean, Europa mailan harrobian oinarritutako talderik onena sortzeko helburuarekin. Irmoki sinesten dut harrobia landuko duen Europako talde batentzat lekua badagoela, eta hurrengo hilabeteetan proiektua garatzen ahaleginduko naiz. Uste dut egin dugun guztia ereitea izan dela, eta etorkizuna idazteke dago. Mundu mailako txirrindularitzan lanean jarraituko dut".
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.