Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Jonas Vingegaardek irabazi du Valdezcarayn, bakarrik helmugaratuta

Hamabi kilometroren faltan erasoa jo, eta Espainiako Vueltako bederatzigarren etapan nagusi izan da Jumbokoa. Traeenek lidergoari eutsi dio.

Jonas Vingegaard Valdezcarayko helmugan, gaur. JAVIER LIZON / EFE
Jonas Vingegaard Valdezcarayko helmugan, gaur. JAVIER LIZON / EFE
2025eko abuztuaren 31
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esnatu da Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma). Espainiako Vuelta irabazteko faborito nagusia kalkulatzaile ibili da lehen astean, baina gaur erasoa jo, gainontzeko faboritoak atzean utzi, eta bakarrik helmugaratu da Valdezcarayko eski estazioan amaitu den etapan. Bigarren garaipena du aurtengo Vueltan. Torstein Traeen liderrak hamazazpigarren amaitu du, Vingegaardengandik 1:46ra, eta elastiko gorriari eutsi dio.

Vingegaardek azken mendatearen magalean jo du erasoa, helmugarako hamabi kilometro falta zirenean. Igoera ikusgarria egin du euripean, inork ezin izan dio jarraitu, eta gutxi falta izan zaio sailkapen nagusiko lidergoa berreskuratzeko. Traeen 37 segundora du. 

Ihesaldirako egun aproposa zirudien, baina, Lidl-Trekek eta Q36k egindako lanari esker, azken mendatearen aurretik harrapatu dituzte ihesean ibili diren bost txirrindulariak. Azkenean, Jumbok hautsi du lasterketa: Jorgensonek azkartu du erritmoa, eta Vingegaardek biribildu du taldearen lana. Hasieran, Cicconek (Lide-Trek) eutsi egin dio, baina segundo gutxi batzuk besterik ez dira izan.

Vingegaarden atzetik, Pidcock (Q36) eta Almeida (UAE) izan dira indartsuenak, 24 segundora. 1:02ra helmugaratu da Gall (Decathlon) eta 1:46ra gainontzeko faboritoak, tartean, zortzigarren, Markel Beloki (Education First).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.