TXIRRINDULARITZA

Jonathan Milan izan da azkarrena Giroan

Txirrindulari italiarrak esprintean irabazi du laugarren etapa. Ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian, eta Pogacarrek darama maglia arrosa.

Jonathan Milan, garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
Jonathan Milan, garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 7a
17:31
Entzun

Amorratuta amaitu zuen Jonathan Milanek (Lidl-Trek) atzo Italiako Giroko hirugarren etapa. Lehen aldiz jokatu zen esprinta, eta oso gutxigatik ez zuen irabazi italiarrak. Bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Tim Merlierren atzetik (Soudal). Baina, egun bat besterik ez du behar izan arantza ateratzeko. Hura izan da azkarrena gaur laugarren etapan, Acqui Terme eta Andora artekoan. Sailkapen nagusian, berriz, ez da izan aldaketa aipagarririk, eta Tadej Pogacarrek (UAE) darama soinean maglia arrosa.     

Ibilbideari erreparatuta, etapak bezperakoaren antz handia zuen, eta molde beretik joan da. Hasi eta berehala osatu da ihesaldia. Aurrera egin dute Lilian Calmejanek (Intermarche), Filippo Gannak (Ineos), Stefan de Bodek (Education) eta Francisco Muñozek (Polti Kometa). Ganna segituan konturatu da tropelak ez ziola utziko urrun joaten, eta hanka altxatu du. Hura gabe, iheslariak aldea handitzen hasi dira. 

Ia sei minuturen aldea izan dute, baina, esprinterren taldeak, serio lanean jarri, eta abiadura bizian hasi zaizkie abantaila murrizten. Etapa erdian, eguneko mendate bakarrean puntuak bildu eta gero, Cameljanek uko egin dio ihesean jarraitzeari. De Bodek eta Muñozek ez dute etsi, baina helmugarako bost kilometro eskas falta zirela harrapatu dituzte.

Errepideak gora egin bezain laster, bigarren ahalegina egin du Gannak. Bezperan Pogacarrek egin bezala, hura ere saiatu da ezustea ematen. Baina haren ahalegina ere ustela izan da, eta kilometro erdi eskas falta zela harrapatu dute.

Zuzengune luzean erabaki da garaipena, eta horretan lan aparta egin du Lidl-Trek-ek. Milanek biribildu du, irabazita. Kaden Groves (Alpecin) izan da bigarren, eta Phil Bauhaus (Bahrain), hirugarren. Bezperako irabazleak, Merlierrek, bosgarren postuarekin konformatu behar izan du. Bihar lehiatuko dira berriro esprinterrak. 

Bestalde, Jonas Vingegaardek (Visma) gaur egin du lehen bizikleta saioa, Itzulian eroriko larria izan eta hilabetera. Vingegaardek espero du Tourrean aritzea. «Ahalik eta ondoena iritsi nahi dut».

Giroko 5. etapa
Giroko 5. etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.