Athleticek ez du eskaintzarik egin Mikel Oiartzabal fitxatzeko. Josu Urrutiak ukatu egin du kazetarien aurrean. Galdera zuzen jaso, eta honela erantzun du: “Ez. Ezetz esango nuke, argi eta garbi. Hortik aurrera, pausoak ematen dira edo ez, eta Athleticek ez du inolako pausorik eman”. Urrutiak azken egunetan irtendako zurrumurru ugariei erantzun die horrela.
Kepari buruz ere mintzatu da, eta esan du ez duela ulertzen atezainaren erabakia. “Athleticzaleok garenok uste dugu hau dela munduko talderik onena. Ez ditugu horrelako erabakiak ulertzen, uste baitugu ez dagoela talde hoberik”. Presidenteak taldeko langile baten bitartez izan zuen eskaintzaren berri, eta eskatu du berriz begiratzeko Kepak zer esan zuen bere kontratua berritu zuenean: “Jende asko agerian gelditu da”.
Azken egunetako bi nagusiez gain, Iker Munian eta Alex Remiroren kontratu berrizteak negoziatzen ari direla onartu du, eta ez du zehaztu berriz ere hauteskundeetara aurkeztuko den. Hauteskundeak 2019. urtean izango dira, eta ez du beste data batera aldatzeko asmorik.