Futbola

Juan Ramon Lopez Muñiz Alaveseko entrenatzaile

Gasteizko klubak bota egin du Asier Garitano, azken zazpi partidetatik sei galdu ostean. Lopez Muñiz izango da entrenatzailea azken lau jardunaldietan.

Juan Ramon Lopez Muñiz, duela bi urte Levanteko entrenatzaile zela. JUAN HERRERO, EFE
2020ko uztailaren 6a
07:51
Entzun

Alaves futbol taldeak Asier Garitano entrenatzaile kargutik kendu zuen atzo arratsaldean, eta Juan Ramon Lopez Muñiz izango da haren ordezkoa txapelketa amaitzeko falta diren lau jardunaldietan.

Espainiako Liga berriro hasi zenetik, bolada oso txarrean da Gasteizko taldea, eta Bigarren Mailara jaisteko postuetatik sei puntura dago. Zazpi partida jokatu dira, eta horietatik Realaren aurkakoa irabazi du soilik. Sei partida galdu ditu gero jarraian, horietatik azkena larunbatean, 1-0 Valladoliden aurka, eta atzo jakinarazi zuen Alavesek Garitano kaleratzea erabaki zuela. Haren lantaldeak ere utziko du lehen taldearen ardura.

Soilik Leganesen du Alavesek baino emaitza txarragoa txapelketa berriro jokatzen hasi zenetik. Lehen partidan 0-2 irabazi zioten Realari Anoetan, baina Celtaren aurkako 6-0ekoak jota utzi zuen taldea. Duela egun gutxi, Josean Kerejeta klubeko akziodun nagusia jokalariez mintzo zen: "Ez badute haiek pauso bat ematen aurrera, hurrengo urtean Bigarren Mailan egongo gara".

Lau jardunaldi falta dira txapelketa amaitzeko, eta Alavesek Real Madril, Getafe, Betis eta Bartzelona izango ditu aurkari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.