Bizitza osoan «egunero» gogoratuko duen eguna izan zen joan den larunbata Aritz Juanenearentzat (Saldias, Nafarroa, 1992). Ehunka aldiz «irudikatutako hura» lortu zuen: erremonteko buruz buruko txapeldun izatea. Final gogoangarria izan zen, 27 eta 30 irabazi baitzion Endika Barrenetxeari, Hernaniko Galarretan (Gipuzkoa). Azken tantoa egitearekin batera, behera erori zen ia pilotalekua, eta «neurri berekoak» izan ziren ospakizunak ere. «Lortu dudana sinetsi ezinda nago oraindik. Txikitatik barruan iltzatuta neukan ametsa zen banaka txapeldun izatea, eta, poza ez ezik, lasaitasuna hartu dut txapela jantzita. Emozioek gain hartuta nago, eta egun batzuk beharko ditut nire onera etortzeko». Etxera ordu txikietan heldu arren, nekeari pozak gain hartzen diola aitortu du Juaneneak.
«Izugarria» izan zen finalaren ondoren bizitako guztia. Harmailetan ez zuen bultzada faltarik izan, lagunen eta senideen gertutasuna izan baitzuen. Sariak emateko garaian joaldunak hurbildu ziren Iturenetik eta Zubietatik, eta une hori «hunkigarria» izan zen. «Emozio latza sentitu nuen finalaren ondorengo orduetan. Ikusi nuen jendeak zenbat maite nauen, eta haiekiko nuen zorra kitatu nuela sentitu nuen txapela irabazita». Festa nagusitu zen Galarretan, baita gero Donezteben ere, afalorduan. «Oso otordu polita izan zen. Zoriontasuna nabaritu nuen nire inguruan, eta ondokoak pozik ikusteak ni ere bete egiten nau».
Afalondoan, bertsotan abilezia ere baduela erakutsi zuen Juaneneak. Bi bertso kantatu zituen, txapela buruan jantzita. «Bertso horiek 2023an prestatu nituen, Imanol Ansaren aurka jokatu behar nuen finala irabazten banuen ere. Galdu egin nuen finala, eta bi urteotan buruan gordeta izan ditut bertsoak, inori erakutsi gabe. Autoan bakarrik nindoala askotan kantatzen nituen». Urte hauetan guztietan ondotik joan zaizkion pertsonak hartu zituen gogoan txapeldunak. «Bertsoak eta txapela eskaini nahi nizkien ondoan falta ditudanei. Naroa Elizalderi batetik, Ainara nire lehengusinari ere bai, orain bi urte mendian hil zelako. Eta Unai gure herriko mutikoa zenari ere bai, istripu baten ondorioz hil baitzen». Nola ez, aita zena ere gogoan hartu zuen txapeldunak. «Nire debuta soilik ikusi ahal izan zuen, gehiago ez. Batez ere, berarentzat da txapela».
«Finalean ikusi zen bezala, une kritikoetan ongi eutsi nion tenpleari. Beti izan dut bekatua momentu erabakigarrietan urduri jartzen nintzela, baina finalean asmatu nuen lasai egoten»
ARITZ JUANENEA Erremontista
Juanenearen esanetan, «mirariaren parekoa» izan da txapela lortzea. Ligaxkako partidan Xabi Azpirozen kontra galdu ondoren, txapelketatik kanpo ikusten zuen bere burua. «Ingurukoei esan nien buruz burukoaren inguruan ez hitz egiteko. Halako prestakuntza onaren eta luzearen ondoren, lehiaketatik kanpo ikusten nuen neure burua, eta haserre nengoen. Erreta». Baina gauzak zer diren. Imanol Ansaren lesio batek eragina izan zuen ligaxkan, eta azkenean finalerdietan sartu zen saldiastarra. Finalean, gero. «Hiru astetan goitik behera aldatu zitzaidan egoera. Hanka bat kanpoan neukan hasieran, baina finalerako sailkatu nintzen azkenean, eta txapela lortzea ikaragarria izan da. Zerutik etorritako opari bat izan da niretzat». Hori bai, egindako lanari aitortza egin behar zaio. «Pasa den urtarrilean hasi nintzen buruz burukoa prestatzen. Kilo batzuk galdu nituen fisikoki hobeki egoteko, eta psikologikoki ere lanketa handia egin nuen. Finalean ikusi zen bezala, une kritikoetan ongi eutsi nion tenpleari. Beti izan dut bekatua momentu erabakigarrietan urduri jartzen nintzela, baina finalean asmatu nuen lasai egoten».
Elastiko gorriaren garrantzia
Hain zuzen, igande goizean esnatu eta zera izan zuen lehenbiziko lana Juaneneak: mugikorrean zituen mezuei erantzutea eta finala errepikaturik ikustea. «Familia guztia nire sortetxean elkartu ginen telebistaren aurrean, eta partida berriz ikusi genuen. Oso momentu polita izan zen». Finala berriro aztertuta, uste baino nagusiago izan zela dio Juaneneak. «Telebistan ikusi nuen oso nagusi izan nintzela hasieran eta bukaeran, eta Barrenetxea VI.ak ez zuela bere maila eman». Susto galanta izan zuen, zuntz haustura egin baitzuen izterrean 9-15 aurretik zela. «Eskerrak Bixente Artola masaje emaileak izterra ongi lotu zidan, bestela ezingo nuen jokatzen segi. Orain eserlekutik altxatzea ere kosta egiten zait, baina min guztiak arintzen dira txapela ikustean».
Bada, datorren urtebetean elastiko gorria izango du soinean Juaneneak, eta ohorea izango da hori. «Pilota munduan gabiltzanok badakigu zer-nolako garrantzia duen gorriz jantzita jokatzeak, eta ilusio handia egiten dit. Motibazio galanta izango dut aurrerantzean kantxara ateratzean». Txapela lortu arren, ez da horrekin konformatuko. «Ansa eta Barrenetxea IV.a erremonterako bizi dira ia, eta haien pare egotea gauza handia da. Zazpi aldiz sartu naiz buruz burukoan lau onenen artean, eta bi aldiz finaletan. Oraindik eman nahi nuke zeresana». Dena den, orain binakako txapelketarako prestatzen hasiko da. «Urriaren 18an hasiko da binakakoa, eta ea gai naizen jokatzeko. Probak egin beharko dizkidate aste honetan lesioaren larritasuna ikusteko, eta ea zortea dudan». Momentuz, txapelaz gozatuko du egun hauetan.