Juanma Ortiz udan iritsi zen Atletico Madriletik, eta Javier Aguirrek babes osoa eman zion erdilari gazteari hasieratik. Ortizek, ordea, ez du zorterik izan. Gauzak ez zitzaizkion nahi bezala ateratzen, eta pixkanaka bere buruarengan zuen konfiantza galtzen joan zen. Orain, Espainiako Kopa balia dezake Aguirreri beste aukera bat eskatzeko.
Nola ikusten duzu kanporaketa?
Bi golen aldea dugu, eta kanporaketa gainditzeko ilusioz goaz Getafera. Halere, badakigu erne ibili beharko dugula, eta norgehiagoka erraza ez dela izango.
Non dago Getaferen arriskua?
Batik bat etxean jokatzen dutelako da arriskutsua Getafe, lehen minututik gain-gainean izango ditugu, eta gu estu hartzen ahaleginduko dira. Gainera, Getafek hegaletatik min handia egiten du, eta erne ibili beharko dugu.
Lehen ordu laurdenean eustea garrantzitsua litzateke, ezta?
Noski, partida hasieran barruan duten guztia emango dute aldea murrizteko, eta estu ibili arren garrantzitsua izango da Getaferen lehen ahaleginei eustea.
Gol bat jasoz gero dardarka hasiko al zarete?
Ez dut uste, lasai aritu behar dugu une oro. 90 minutu jokatu behar ditugu, eta partida hasieran gol bat jasotzen badugu ere denbora asko geratuko da. Guk ere golak sartzen badakigula erakutsi dugu, eta lasai aritzea komeni da.
Zu zer moduz zaude?
Ondo, ondo, entrenatzailearen aginduak betetzeko prest. Ahal den denbora gehien jokatzea da nire helburua, eta jokatuz gero partida on bat burutzen ahaleginduko naiz.
JUANMA ORTIZ. «Bi golen aldea dugu,baina erne ibili beharko da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu