Zurrumurrua aspaldi zebilen, baina Bidasoak gaur eman du jakitera: akordioa lortu du Julen Aginagalde taldera itzultzeko. Pibotak duela 13 urte utzi zuen Irungo taldea. Garaipen zerrenda luzea pilatu du urte hauetan. Txapelduen Lliga irabazi zuen bere egungo taldearekin, Kielcerekin (2015-2016), baita sei liga eta beste hainbeste Poloniako kopa ere. Gainera, 2013. urtean Munduko Txapelketa irabazi zuen Espainiarekin. Bakarka Txapelduen Ligako piboterik onena izendatu zuten 2013an eta aurten, baita 2013ko Munduko Txapelketan eta eta 2014ko eta 2016ko Europako Txapelketetan.
Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez eman du jakitera berria Aginagaldek. "Etxean bezala egon gara Kielcen. Oso harrago nago jokalari moduan elastiko hau jantzi izanaz. Baina datorren denboraldian ez dut hemen segituko. Izan ere, batzuetan ametsak egi bihurtzen dira". Aspalditik zuen etxera itzultzeko nahia pibota, are gehiago anaia Bidasoako presidente denetik.
Bidasoak egun berean eman du jakitera, Esteban Salinas piboteak ez duela segituko datorren denboraldian taldean. Ekainean amaitzen zaio kontratua eta ez diote berrituko. Bigarren sasoia du Salinasek taldean, eta aurrekoan 75 gol sartu zituen 30 partidatan.