Alaphilippe, Roglic, Gorka Izagirre eta Landa bakarrik geratu dira San Pelaion gora, eta elkarrekin helmugaratu dira. Sailkapen nagusian, Alaphilippe lehen postuan sendotu da. Zortzi segundora du orain Roglic, 39ra Gorka Izagirre, 43ra Landa eta 54ra Pello Bilbao (Astana). Euskal Herriko txirrindulariak bikain ari dira, beraz, hiru baitaude lehen bost sailkatuen artean.
Etaparen lehen herena oso mugitua izan da. Eraso festa izan da, baina inor ez du lortu tropela atzean utzi eta luzaroan irautea. 60. kilometroan egin da eguneko ihesaldia. 11 txirrindularik osatu dute: Alexis Vuillermozek (Ag2r), Michael Woodsek (First Drapac), Carlos Veronak (Mitchelson), Mark Padunek (Bahrain), Dani Navarrok (Cofidis), Damiano Carusok, Alessandro De Marchik (BMC), Tsgabu Grmayk, Ruben Guerreirok (Trek), David Lopezek eta Tae Geogheganek (Sky). 90 kilometro egin dituzte ihesean, eta gehienez bi minuturen aldea izan dute. San Pelaiora iritsi baino kilometro batzuk lehenago Lopezek erasoa jo du, eta bakarrik geratu da lasterketaren buruan. Baina tropelak harrapatu egin du azken mendatea hasi eta berehala.
Michael Matthews (Sunweb) bitan saiatu da, baina ez du lortu faboritoak atzean uztea. Enric Masek (Quick Step) hartu dio lekukoa, eta haren erasoari segida eman dio Alaphilippe taldekideak. Bakarrik geratu da, baina denbora gutxian, azkar harrapatu baitute Roglicek eta Landak. Gorka Izagirre ere iritsi da haiengana. Laukote hori pasatu da aurretik gailurretik, baina dozena erdi segundoren aldearekin bakarrik. Aldapan behera, ordea, abantaila handitu dute, eta laurak iritsi dira azken esprintera, eta horretan frantziarra izan da berriro azkarrena.
Bihar hirugarren etapa jokatuko dute, Bermeo eta Uribarri Gaubea artekoa, 188,5 kilometrokoa, Itzuliko luzeena. Lehen bi etapekin alderatuta, biharkoak ez du itxuraz zailtasun handirik, saio nahiko gorabeheratsua izanagatik, ez baitago mendaterik azken kilometroetan. Hiru igoko dituzte, Hirugarren Mailako bi eta Bigarren Mailako bat, baina hiruak etaparen lehen erdian. Ihesaldientzako etapa aproposa izan daiteke, baita lehen esprinterra ikusteko ere.