Goizeko bederatziak dira, eta behe lainoa desagertu berri da Donostiako Zurriolako hondartzan. Jendea dabil paseoan hondarretan. Uretan, berriz, dozena bat surflari dabiltza. Inbidiaz begiratu diete Kai (Donostia, 2005) eta Hans Odriozola anaiek (2007). «Gustura sartuko nintzateke uretan oholarekin, eta olatu batzuk hartu. Baina ezin dut. Jo eta ke nabil ikasten», esan du Hansek. «Ni ere ikasten nabil, baina gutxi falta zaigu oporrak hartzeko», azaldu du Kaik.
Odriozola anaiek etxekoa dute Zurriolako hondartza; horrenbeste, ezen parean bizi baitira. Hantxe hartu zituzten lehen olatuak. Ez dira gogoratzen lehen aldi harekin, biak oso gazteak baitziren. «Gurasoek diotenez, amaren sabelean jada surfean aritzen ginen», esan du barrez Hansek. «2 urterekin hasi ginen biok surfean, kortxozko ohol batekin. Gero, pixkanaka, olatu handiagoak hartzen hasi ginen, baita zutik jartzen ere. Aurrera egin dugu, gaur arte. Oso ohituta gaude itsasoan aritzera, eta beti gozatu dugu asko», aitortu du Kaik.
Argi utzi dute etxetik datorkiela zaletasuna. «Aita surfean aritu zen gaztetan. Ama, berriz, Alemaniakoa da, eta, hona etorri eta aita ezagutu zuenean zaletu zen. Osabak ere surfean aritzen dira. Oso familia surfzalea gara: bidaia guztiak surfa egiteko egin ditugu», kontatu du Hansek. «Gurasoei esker zaletu gara, baina inoiz ez gaituzte behartu. Guk nahi izan dugu surfa egin», zehaztu du Kaik.
Haien gurasoek pauso bat harago eraman dute haien zaletasuna, eta ogibide bilakatu: Wavegarden enpresa sortu zuten duela hogei urte. Olatu artifizialen parkeak diseinatzen eta eraikitzen dituzte. Aizarnazabalen (Gipuzkoa) dute egoitza, baita olatu parke bat ere. Beste hamar egin dituzte munduan zehar. Horietako batzuetan aritu dira Kai eta Hans, eta, haien ustez, horrek «mesede» egin die. «Ez gara askotan aritu olatu parke horietan, baina oso tresna aproposa da entrenatzeko eta hobetzeko; batez ere, aukera oso ona da maila handia ez duten surflariek olatu asko har ditzaten. Gaur egun, jende asko dabil itsasoan, eta zaila da olatuak hartzea», adierazi du Kaik. «Hala ere, ez dago itsasoan olatu onak hartzea bezalakorik», zehaztu du Hansek.
Gauza bat da surfean aritzea, eta beste gauza bat horretan lehiatzea. Odriozola anaiek, ordea, «konturatu gabe» egin zuten jauzia. «4-5 urterekin jokatu genuen lehen txapelketa. Beraz, ia batera hasi ginen surfa egiten eta lehiatzen. Izugarri gustatzen zaigu txapelketetan parte hartzea eta horietan lagunak egitea. Urteak pasatu ahala, lehiak kutsu serioagoa hartu du, baina ondo eusten diogu presioari, eta hasieran bezainbeste gozatzen dugu», adierazi du Kaik.
«Aita surfean aritu zen gaztetan. Ama, berriz, Alemaniakoa da, eta, hona etorri eta aita ezagutu zuenean zaletu zen»
HANS ODRIOZOLA Surflaria
«Lagunekin surfa egiten» gozatzen dute gehien. «Bakarrik aritzea aspergarriagoa da», dio Hansek. Kairen arabera, surfean hasten denak gero ez dio uzten surfa egiteari. «Sekulako kirola da: ikaragarri disfrutatzen duzu». «Lehiatzeak» ere erakartzen ditu. «Oso lehiakorrak gara: guretzat motibazio handia da entrenatuz eta lehiatuz hobetzea. Zorionez, oso gaztetatik txapelketa asko irabazi ditugu», adierazi du Kaik.
Munduko txapelketa ederra
Txapelketa horien artean batek egin zituen ezagun, duela bi urte Rio de Janeiron (Brasil) jokatu zuten munduko txapelketak: Hans txapeldun izan zen 16 urtez azpikoan; Kai, berriz, hirugarren sailkatu zen 18 urtez azpikoan. «Aurreko urtean laugarren izan nintzen, eta hori pizgarri izan zen hobeto aritzeko eta irabazteko. Ikaragarria izan zen, egunez egun gero eta hobeto aritu bainintzen. Finalerdian ikusgarri aritu nintzen. Finala, berriz, estuagoa izan zen, baina azken unean, olatu ona hartu, eta aireko bat eginez irabazi nuen», kontatu du Hansek. Anaiak, ordea, «arantza txiki bat» du. «Gutxigatik ez genuen biok irabazi: lehena nindoan finalean, baina, azken txandan, bi aurkarik aurrea hartu zidaten. Itzela izango zen biok irabaztea, baina, hala ere, ederra izan zen biak finalean aritzea etxekoen aurrean».
Azkenaldian nabarmendu egin dira biak: Hansek lehen garaipena lortu du gazte mailako Europako zirkuituan, Taghazouten (Maroko); Kaik, berriz, euskal zirkuitua irabazi du. Marokon biek hartu zuten parte, eta elkarren aurka lehiatu ziren. Ez zaie batere gustatzen hori. «Ni bi urte helduagoa izan arren, askotan lehiatu gara elkarren aurka, eta ez dago ezer okerragorik. Irabazi egin nahi duzu, eta aldi berean anaiari lagundu, baina zaila da hori lortzea. Irabazten baduzu, berriz, ez zara horrenbeste pozten, anaiak galdu egin baitu», esan du Kaik. Lehia uretan uzten dute. «Elkarri adar pixka bat jotzen diogu, besterik ez», gaineratu du barrez.
«14 urterekin jada bost kontinenteetan egonak ginen. Indonesiako olatuak dira onenak: perfektuak dira»
KAI ODRIOZOLA Surflaria
Nola ikusten du batak bestea? Kai: «Hans oso azkarra da, eta estilo polita du». Hans: «Kai oso teknikoa eta lehiakorra da, eta oso aireko onak egiten ditu». Surfa egiteko leku kutun berberak aipatu dituzte biek. «Asko bidaiatu dugu: 14 urterekin bost kontinenteetan egonak ginen. Indonesiako olatuak dira onenak: perfektuak dira, eta bainujantzian aritu zaitezke», esan du Kaik. Egon ez diren tokien artean, berriz, Teahupo’o aipatu dute biek, Hawaiin. Ez dute izan idolorik; bai, ordea, surflari kutunik. Etxera begiratuta, Aritz Aranburu eta Norman Landa aipatu dituzte.
Alemaniarekin ariko dira
Bien ametsa da surflari onenen WLS zirkuituan aritzea eta munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldun izatea. Espainiako selekzioarekin aritu dira orain arte, baina, aurrerantzean, Alemaniakoarekin ariko dira, Alemaniakoa baita haien ama. «Hura poztu da gehien. Alemaniarekin arituta, aukera gehiago izango dugu hautaketa probatan aritzeko», azaldu du Kaik. 2028ko Los Angelesko (AEB) Olinpiar Jokoetan lehiatu nahi dute.
Etorkizuneko helburuak dira horiek. Bestelakoak dituzte orain: «Surfa egiten gozatzen jarraitzea eta ikasketak bukatzea». Biak ari dira ikasten Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan, Donostian. Kai: «Kosta egiten da aldi berean lehiatzea eta ikastea, baina badu alde on bat ere: diziplina ematen dizu. Gainera, gaur egun, surflari gutxi bizi dira surfetik, eta beharrezkoa da beste aukera bat izatea. Ikasketak bukatzen ditugunean ariko gara bete-betean surfean. Hori egin arte, etxean ikasi eta surfean jarraitzen badugu, zoriontsu izango gara».