KIROLA

Kaikuk bigarrenez jarraian irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa

'Bizkaitarra' ontziak pronostikoak bete ditu Zierbenan, eta 'txapelketetako koadrila'-rekin ia garaezina dela erakutsi du berriro. Orio izan da bigarren 12 segundora, eta Hondarribia hirugarren, hamalaura.

2010eko uztailaren 28a
11:54
Entzun 00:00:0000:00:00
Une honetan ia ezinezkoa da Kaikuri irabaztea. San Miguel ligan ez dabil ondo, baina kupoen mugarik ez daukanean, Jose Luis Korta entrenatzaileak nahi dituen arraunlariak uretaratzeko aukera duenean, 'txapelketeta koadrila' ateratzen duenean, ia garaiezina da 'Bizkaitarra' ontzia. Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi zuen atzo bigarrenez jarraian, Zierbenan, eta pronostikoak goitik behera bete. Txanda nagusian arraun egin zuen, eta lehen txanpa gogorra jota, lehen luzearen erdirako bizpahiru segundoko aldea zuen Hondarribia eta Urdaibairekiko. Aurreneko ziabogan, jada, bostekoa zen. Gero, berriz, abantaila handitu zuen palakadaz palakada. Hamabost segundokoa ere izan zen uneren batean. Atzean, berriz, lehia gogorra eduki zuten 'Bou Bizkaia' eta 'Ama Guadalupekoa' traineruek. Urdaibai, baina, Hondarribiaren kalean sartu zen azken metroetan, eta epaileek kanporatu egin zuten. Bigarren, baina, Orio izan zen, lehen txanda erraz irabazi eta gero. Hortaz, Kaikuk, Oriok eta Hondarribiak lortu dute Espainiako Traineru Txapelketarako txartela. Abuztuaren 7an eta 8an jokatuko da Pedreñako uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.