Erredakzioa
2008ko uztailaren 27a
00:00
Aurreikuspenak bete ziren atzo Pasaiako 24. Banderan, Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) ligako lehen multzoko zazpigarren estropada puntuagarrian. Kaiku zen garaipena lortzeko faboritoa, eta Bizkaitarra traineruak ez zuen huts egin. Oso erraz irabazi zuen, Camargo bigarren sailkatuari 25 segundo inguruko aldea atera baitzion. Isuntza sailkatu zen hirugarren, 27 segundora. Atzo arte Castro eta Isuntza zeuden berdinduta sailkapenean, baina Pasaian irabazi ondoren, Bizkaitarra lehen postuan da orain, 72 punturekin, sei estropada irabazita. Atzoko garaipenak, gainera, azken estropadan gertatutakoa ahazteko balioko dio Kaikuri, Castron (Espainia) nagusitu arren, epaileek kanporatu egin baitzuten, estropada eremutik kanpo helmugaratzeagatik. KAE ligako lehen multzoko traineruak Lekeition ariko dira gaur (Bizkaia), 22. El Correo Bandera BBK Sari Nagusian. Hiru txandatan egingo dute arraun, 12:00etatik aurrera.
Bigarren multzoa Errenterian
KAE ligako bigarren multzoko ontziak, berriz, Pasaian (Gipuzkoa) lehiatuko dira gaur, Hibaikako II. Banderan. 16:00etan hasiko da estropada, eta 11 traineru ariko dira erlojuaren aurka. Eta nork irabaziko duen zalantza gutxi dago. Izan ere, Astillerok orain arte jokatutako estropada guztiak irabazi ditu, zortzi guztira. Egundoko ezustekoa litzateke gaur ere Pasaian San Jose XIII.ak garaipena ez lortzea.
Sailkapena
1. Kaiku 19.44,47
2. Camargo 20.09,40
3. Isuntza 20.11,65
4. Pasai Donibane 20.19,74
5. Hondarribia B 20.27,80
6. Castro 20.44,01
7. Donostiarra 20.44,35
8. Itsasoko Ama 20.45,87
9. Busturialdea 20.50,12
10. Zierbena 20.50,40
11. Ondarroa 20.56,77
12. Portugalete 21.05,39