Kaiola berritua

EPELen Lau t'erdiko Txapelketa aurkeztu dute Bilbon; zerrendaburuak aldatu egin dira iaztik hona, eta hiru pilotari ariko dira lehen aldiz

Imanol Magro Eizmendi.
BILBO
2005eko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtero bezala, udazkenarekin batera esku-huska profesionaleko txapelketak iritsi dira. EPELeko partaideek atzo aurkeztu zuten aurtengo Lau t'erdiko Txapelketa, BBK-k Bilboko kale nagusian duen egoitzan. Iazkoarekin alderatuta, txapelketaren diseinuan ez dago aldaketa handirik, Asegarcek antolatu duen aldez aurreko sailkatze partida salbu. Partaideen zerrendan, aurpegi berri ugari egongo dira.

Txapelketak hutsune garrantzitsuak izango ditu, bi zerrendaburuk, Nagorek eta Barriolak, ez baitute jokatzerik izango. Haien ordez, enpresen ligak Titin III.a eta Ruben Beloki hautatu ditu. Errioxarrak eta burlatarrak, Olaizolak eta Xalak egingo duten bezala, finalerdietan ekingo diote txapelketari. Jokatzerik izango ez dutenen lekua betetzeko, enpresek pilotari gazteen aldeko hautua egin dute. Ekaitz Saralegik eginiko uda ezin hobea saritu du Asegarcek, eta Amezketakoari jokatzeko aukera eman dio. Aspek, berriz, Pedro Martinez Eulate eta Alberto Del Rey hautatu ditu. Final-hamaseirenak heldu den asteburuan hasiko dira, eta txapelketak abenduaren 11 arte iraungo du. Lehenbiziko kanporaketaren aurretik, Asegarcek aldez aurreko sailkatze partida bat antolatu du. Etzi, Gernikan, Berasaluze VIII.ak eta Esainek txapelketarako txartela izango dute jokoan. Partida horretako irabazleak Gonzalezen aurka jokatuko du final-hamaseirenetan. Lehen bi partidak noiz eta non jokatuko diren erabakita dago. Ruizek eta Del Reyk heldu den ostiralean jokatuko dute, Asteasun. Olaizola eta Capellan gaur zortzi ariko dira, Iruñean.

Protagonisten adierazpenak



AIMAR OLAIZOLA

«Ni faborito? Txapelketa irekia da, pilotari on askok jokatzen dute»



«Gustuko dut lau t'erdian aritzea, eta azken bi urteetan emaitza oso onak lortu ditut. Faboritoa naizen? Txapelketa irekia da eta pilotari on asko daude hor, Titin, Xala... Aurten ere irabazi nahi badut, oso gogor ekin beharko diot, hori da ziur dakidan gauza bakarra. Denbora asko falta da oraindik ni hasterako, eta ez dut prestatzen hasterik izan. Binakako partida asko ditut heldu den astean eta hamabost egun barru hasiko naiz lau t'erdikoa lantzen. Aurten pilotari gazte asko sartu dituzte, eta hori polita da, ikusleek biziki eskertzen dituzte aurpegi berriak».

RUBEN BELOKI

«Zerrendaburu hautatu naute, eta oso pozik nago erabakiarekin»



«Nagorek eta Barriolak jokatuko ez zutela jakin nuenean, zerrendaburu izateko aukera izango nuela pentsatu nuen.Iaz final-laurdenetan Xalaren aurka galdu eta hamabost tanto egin nizkion; hortaz, ni zerrendaburu izateko hautatu izana ez da hain harritzekoa ere. Azkenean hala izan da, eta pozik nago enpresen erabakiarekin, prestatzeko denbora gehiago izango baitut. Uda osoan iltzea izan dut eskuinean, eta ez dut batere gozatu jokatzen. Erdipurdi aritu banaiz ere, orain apurka-apurka hobera doa, eta ea negurako guztiz osatzen zaidan».

PEDRO MARTINEZ EULATE

«Aste honen hasieran esan zidaten lau t'erdikoa jokatu behar nuela»



«Ezustea izan da enpresak ni hautatu izana, ez bainuen espero. Oso gustuko dut lau t'erdian jokatzea, eta betidanik gustatu izan zait. Halere, ezustea izan dela onartu beharra daukat. Aste honen hasieran esan zidaten jokatu behar nuela, nik gogo onez onartu dut, eta ilusioz beterik nago. Okerrena txapelketa modu egokian prestatzeko denbora falta izango da. Halere, uda bukatu berritan denok gaude nekatuta, eta alde horretatik berdintsu ibiliko gara. Oinatzen aurkako partida oso zaila izango da, berak oso ondo jokatzen baitu lau t'erdian».

EKAITZ SARALEGI

«Ondo ibili naiz uda osoan, aukera hau emaitzen fruitua izan da»



«Niretzat ez da hainbesterako ezustea izan, duela bi aste esan baitzidaten lau t'erdikoa jokatuko nuela. Tankera honetako albisteak gogo onez jasotzen dira beti. Nire azken emaitzak onak izan dira, eta ondo ibili naiz uda osoan. Gero, Logroñon, Errasti lesionatu zenean, Del Reyri ondo jokatuz irabazi nion lau t'erdian. Aukera hau guztia horren fruitua izan dela uste dut. Eugiren aurkako partida oso zaila izango da, baina nik ez daukat deus ere galtzeko. Ahalik eta hoberen jokatzen saiatuko naiz, eta ea zorte pixka batekin aurrera egiterik dudan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.