Kaiser berria Aiegikoa da

Javi Martinezek Bayern Munichen jokatuko du datozen denboraldietan, 40 milioiko etete klausula ordaindu ondorenAlemaniako talde batek inoiz eginiko fitxaketarik garestiena da atzelariarena

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Akabo! Amaitu dira Javi Martinezen inguruko zurrumurruak. Jokalari nafarrak eta Bayern Munichek aurrera egitea erabaki dute. Herenegun osasun azterketa egitera joan zen erdiko atzelaria Alemaniara. Atzo —arratsaldeko 15:30ean—, berriz, 40 milioi euro jarri zituen Espainiako Liga Profesionalean. Horrela, aske geratu da Athleticekin zuen loturatik. Hurrengo pausoa izango da Bundesligako talde garrantzitsuenarekin aurkeztea eta lanean hastea. Javi Martinez dagoeneko ez da Athleticeko jokalaria. Eta gauza nola amaitu den aintzat hartuta, nekez jantziko du berriz elastiko zuri-gorria. Agurtuko ote da?

1. Jokalariaren jarrera

Athleticeko jarraitzaileak haserre daude Javi Martinezekin. Ulertzekoa da. Futbola sentimendua da, eta zaleek uste dute kale egin diela oso gustukoa duten jokalari batek. Jota daude bazkide zuri-gorriak. Lehoi nagusietako batek atzeko atetik ihes egin duela pentsatzen baitute. Jokalariak hartutako erabakia ez da familia zuri-gorriaren gustukoa izan. Hori gutxi ez, eta futbolariaren jarrerak sutan jarri ditu. Gauez, Athleticen baimenik gabe, Munichera bidaiatu eta osasun azterketa pasatu izana ez du inork ulertu. Gainera, azken asteotan ez du azalpenik eman. Gauzak egiteko era asko baitaude. Ezkutuan ibili izanak ez dio inori graziarik egin. Jokalariak ez du aurpegia eman, eta horrelako gauzak ez dira sekula ahazten.

2. Jokalariaren erabakia

Athleticeko jarraitzaileen erreakzioa ulertzekoa da —errespetuz adierazten den haserrea baldin bada, behintzat—. Klubaren jarrerak ere ez dauka aitzakiarik. Josu Urrutia buru duen zuzendaritzak indar handiarekin eta duda gutxirekin defendatu du berea zena. Eskuragarri izan dituen arma guztiak baliatu ditu Athleticen interesak zaintzeko, presidenteak, esaterako, ez die erantzun talde alemaniarren telefono deiei. Ahalik eta gehien zaildu du operazioa. Muturreraino. Jokalaria etete klausula ordaintzera behartu arte —horrek Bizkaiko ogasunarekin kontuak argitzera behartuko du Javi Martinez—. Baina, era berean, errespetatu egin behar da Javi Martinezen erabakia. Aiegi utzi eta Iruñera abiatu zenean, edota Osasuna laga eta Athleticera etorri zenean gauza bera egin baitzuen: hobetu, hazi.

Futbolari gutxik har dezaketen trena pasatu zaio aurretik Martinezi. Europako talde boteretsu eta historikoenetako baten elastikoa defendatzeko aukera izango du. Zergatik ez du bada aukera hori baliatuko? Arlo guztietan hobetzeko bidea eskainiko dio Jupp Heynckesek zuzentzen duen taldeak. Kirol arloan, jokoan dauden lehiaketa guztiak irabazteko hautagai garbia den talde batean jokatuko du, Bundesliga eta Txapeldunen Liga, esate baterako. Onenekin lehiatzeak, era berean, arlo pertsonalean hobetzeko aukera eskainiko dio. Eta arlo ekonomikoan ere Bilbon baino aberatsagoa izango da.

3. Bayernen apustua

Municheko taldeak Aiegiko jokalaria fitxatzeko egin duen ahalegina Bundesligako talde batek sekula egin duen garestiena izan da. 40 milioi euro. Askok ez dute ulertzen nola ordaindu daitekeen kopuru hori euskarrian edo defentsan aritzen den jokalari baten truke. «Van Persie fitxatzeko 28 milioi ordaindu du Manchester Unitedek, eta hamabi gehiago Bayernek Aiegikoa eskuratzeko? Ez da posible!». Sarri entzun dira antzeko kontuak azken egunotan. Bistan da diru kopuru handiak direla, baina ez da ahaztu behar goi mailako klubek erokeriak diruditen kopuruak gastatzen dituztela euren premiak asebetetzeko. Gainera, Martinez pieza preziatua izan da uda honetan. Bayernek ez ezik, Real Madrilek eta Bartzelonak ere agertu dute erdiko atzelaria fitxatzeko interesa. Oraina oso ona eta etorkizun bikaina duen futbolaria dela erakusten du horrek. Punta-puntako erdiko atzelaria izango da. Europako onenetakoa. Bayerneko Kaiser berria. Ez da gutxi.

4. Diruarekin zer egin?

Bayernek kaiser berria dauka, eta Athleticek zutabe nagusietako bat galdu du. Orain, 40 milioi euro gehiago ditu Ibaiganek. Diru asko, baina non gastatu gutxi. Athleticen baratzea txikia da. Txikia eta garestia. Hortaz, zer egin? Jarraitzaileen ilusioa berreskuratzen lagunduko duen jokalariren bat fitxatu edota harrobiaren aldeko apustua sendotu?

Bigarren aukera izan daiteke onena, baina futbolean galtzen ari den pazientzia behar da horretarako. Fitxaketei dagokionez, Antoine Griezmann dauka begiz jota aspalditik Bielsak. Natxo Monreal ere gustuko dute Athleticen bulegoetan. Eta Javi Martinezen hutsunea betetzeko erdiko-atzelari bat beharko litzatekeela dirudi. Egin apustu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.