Kanada mugarriz mugarri dabil Munduko Kopan. Lehenik, aurreneko puntua lortu zuen Munduko Kopa batean, ligaxkako estreinako jardunaldian Bosniarekin bana berdinduta. Bigarrenik, lehen garaipena lortu zuen, era ikusgarrian, Qatarri astindua emanda (6-0). Hirugarrenik, lehen aldiz sailkatu zen kanporaketak jokatzeko. Eta, azkenik, final-zortzirenetarako sailkatu da, final-hamaseirenetan Hegoafrikari 1-0 nagusituta. Herbehereen edo Marokoren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa. Bi selekzio horiek astearte goizaldean jokatuko dute elkarren kontra, 03:00etan. Kanporaketa horretan gertatzen dena gertatzen dela, Kanadak arrastoa utziko du haren historian.
Emaitzak ondo islatzen du zein gogorra eta lehiatua izan den Kanadak eta Hegoafrikak jokatu duten neurketa. Zelaian egindakoa kontuan hartuz gero, kanadarrek hegoafrikarrek baino gehiago merezi izan dute irabaztea. Ipar Amerikako selekzioko jokalariek ahalegin handiagoa egin dute garaipena lortzeko, eta, horri esker, haiek izan dituzte gol aukera garbienak. Baina eraginkortasuna falta izan zaie. Ez dira fin aritu ate aurrean: batzuetan, punteria falta izan zaie, eta, beste batzuetan, berriz, Hegoafrikako atezainak edo atzelariek eragotzi dute baloia ate barrura joatea. Azkenean, ordea, ahaleginak saria izan du, eta luzapena jokatu beharko zutela zirudienean, Stephen Eustaquiok gola sartu du, area kanpotik jaurtita. Hegoafrikarrek ez dute astirik izan suspertzeko. Partida amaieran, festa izan dute kanadarrek. Â