Eman dioten aukera profitatuz,pozarren da Ibai Meoki gaztea (Doneztebe, Nafarroa, 1988). Lehenengo denboraldia du San Antonioko lehen taldean, eta berriki hiru urterako luzatu diote kontratua. Harrobitik iritsi den azken harribitxia da erdikoa, eta taldean dagoen giro onaz mintzo da. Asobal ligako azkeneko bi porrotak ahaztu, eta zaleei poztasuna eman nahi die, Europako Errekopako finalerako sailkatuta.
Tremblay-San Antonio. Lau golen aldearekin, eskura daukazue finala.
Denboraldiko partida garrantzitsuena da. Ona da joaneko partidako emaitza, baina ez da lan erraza izango. Prest gaude dena emateko, eta denok daukagu gogo handia jokatzeko.
Zuri dagokizunez, pozik egongo zara kontratu luzapenarekin, ezta?
Bai, noski. Hemen oso gustura nago; ikasketak, gainera, hemen ari naiz egiten. Ea pixkanaka amaitzen ditudan. Herria Iruñetik ordu erdira daukat, eta nahi dudan guztietan joan naiteke lagunekin egotera. Asko estimatzen dut hori.
Gainera, zure estreinako denboraldian iritsi da jarraitzeko aukera.
Hori da. Lehenengo denboraldia dut goren mailan. Nahiko ondo irten zaizkit gauzak, nahiz eta min hartuta egon naizen hiru hilabetez. Baina, horretaz gain, oso kontent nago denboraldiarekin.
Lesioa ahaztu al duzu?
Tira. Egunero lotu behar izaten dut behatza. Baina, bai, dagoeneko nahiko ahaztua daukadala esango nuke.
Taldean etxekoengan konfiantzarik badagoela uste duzu?
Egia esan, egoera ekonomikoak eragina izan du, eta jokalari dezente igo gara elkarrekin, aspalditik bigarren taldean ari ginenak. Gainera, Nikori [Mindegia] kontratua berritu diote, Crowley ere hor dago... Gazte asko gaude, eta uste dut konfiantza badagoela gazteengan eta, orokorrean, etxekoengan. Hori agerikoa da, eta horregatik luzatu dut kontratua.
Zuetako asko gaztetatik aritu zarete elkarrekin. Horrek badu eraginik?
Gehienbat taldeko giroan nabari da eragin hori. Adin berekoak gara guztiak, eta oso harreman ona daukagu. Aspalditik ezagutzen dugu elkar jokalari gehienek. Kantxan ere nabari da; kanpoan harreman ona baduzu, kantxa barruan nabaritzen da.
Zer irizten diozu Anaitasunaren eta San Antonioren arteko lankidetzari?
Lankidetza beti da ona; pausoz pauso joatea ona da. San Antoniora iritsi garen gehienok bide hori egin dugu. TIDen hasi ginen, San Antonioren bigarren taldean. Ondoren, gehienok Anaitasunan jokatu dugu, San Antoniora iritsi aurretik. Ona da poliki joanda goraino iristea.
San Antoniorentzat denboraldi gogorra izango zela zirudien, baina ongi ibili zarete.
Denok pentsatzen genuen ez jaisteko lehian egongo ginela, baina lehenengo itzulia oso ona izan zen. Partida guztietan itxura ona eman genuen, eta laugarren bukatu genuen itzulia. Bigarren itzulian errendimendua jaitsi egin dugu. Kontuan izan behar da ligan maila mantentzea eta Errekopan final-laurdenetara iristea zela helburua. Azkenean, finalerdietan gaude. Ez genuen espero.
Zerk eragin du bigarren itzuliko txakalaldia?
Errekopan gaude. Astero bi partida jokatzeak asko nekatzen du. Gutako asko ez gaude ohituta erritmo horretara, eta, azkenean, partidetara askoz nekatuago iristen gara.
Ibai Meoki. Amaya San Antonioko jokalaria
«Kanpoan harreman ona baduzu, kantxa barruan nabaritzen da hori»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu