Binakako Txapelketaren azken jardunaldiak, datorren asteburuan, oraindik izango du zer argitua. Hamahirugarren jardunaldia jokatu ondoren, sailkapeneko goiko eta beheko postuak zehaztuta geratu dira. Besteak beste, finalerdietako ligaxka jokatzeko sailkatuta daude jada txapelketako bi bikote onenak: Unai Laso-Jon Ander Albisu eta Aitor Elordi-Jose Javier Zabaleta. Txanponaren beste aldean, lehiaketatik kanpo geratu dira Iñaki Artola-Ander Imaz eta Peio Etxeberria-Beñat Rezusta. Horiek hala, hirugarren postutik seigarrenera bitarte dagoen korapiloa askatuko da azkeneko jardunaldian, eta, matematikei erreparatuta, horren lehian ari diren lau bikoteek dute hirugarren edo laugarren geratzeko aukera. Azken urteetako joerari erreparatuta, bistakoa da urrearen balioa duela hirugarren edo laugarren geratzeak; izan ere, modu horretan, pilotariek bi aukera izango dituzte finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko.
Oraingoz, finalerdi horietan lehiatuko diren bi bikoteak Laso-Albisu eta Elordi-Zabaleta dira. Txapelketako bikoterik onena osatu dute Lasok eta Albisuk. Hamahiru partida jokatuta, hamabi garaipen daramatzate, eta joko aldetik ezin hobeto dihardute biek ala biek. Pilotazaleen ustez, Baikoko bikotea da txapela irabazteko hautagai nagusia. Elordi eta Zabaleta ere goi mailako bikotea osatzen ari dira, eta behetik gora egin dute azken jardunaldietan. Zabaleta erabakigarria izan da atzean, eta, kontuan izanda orain eskuak zaintzeko aukera izango duela pare bat astez, oso kontuan hartzeko bikotea izango da Aspekoa.
Lehen bi postuetatik behera, korapilo handi samarra dago. Ondoen Javier Zabala eta Julen Martija daude, bermatua baitute hirugarren edo laugarren sailkatzea. Zazpi puntu dituzte sailkapenean, eta, datorren asteburuan irabazi zein galdu, segurua da lehen fase luzea hirugarren edo laugarren amaituko dutela, tanto aldeari eskerrak. Horrek zera esan nahi du: bi aukera izango dituztela finalerdietan izateko. Zehazki, hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute hilaren 19an, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa). Partida hori irabazten duenak finalerdietarako sailkapena eskuratuko du.
Mariezkurrenaren zain
Zehazteke dago Tolosako partida horretan zeinen aurka jardungo diren Zabala eta Martija. Gaur-gaurkoz, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia dira laugarren sailkatzeko hautagai nagusiak. Izan ere, haien esku dute guztia. Azken jardunaldian irabazten badute, laugarren izango dira; bestela, bosgarren edo seigarren. Datorren larunbatean Donostiako Atano III.ean jokatuko dute aurkari zuzenen kontra: Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena. Ordea, azken horrek min hartu zuen eskuin eskuan joan den ostiralean, baba lehertu egin baitzitzaion. Ondorioz, larunbatean ez da jokatzeko moduan izango; Iosu Eskirozek hartuko du nafarraren tokia. Aldaketa horrek bidea erraztu die Altuna III.ari eta Ezkurdiari. Gainera, behetik goranzko joera nabarmena daramate bi aurrelariek.
Zailagoan dute Larrazabal-Mariezkurrenak eta Erik Jaka-Martxel Iztuetak. Bi bikoteek badute aukera laugarren postuan sailkatzeko, baina euren partida irabazteaz gain, beste emaitza batzuei begira egon beharra daukate. Jakak eta Iztuetak, adibidez, mendean hartu behar lituzkete Elordi eta Zabaleta, eta, gainera, Altuna III.ak eta Ezkurdiak galdu egin beharko lukete. Larrazabal eta Mariezkurrenak are konplikatuago daukate. Bosgarren eta seigarren sailkatuek hilaren 20an neurtuko dituzte indarrak, Zornotzan (Bizkaia). Horko irabazleak eta Tolosako galtzaileak hilaren 22an lehiatuko dira Arrasaten (Gipuzkoa), finalerdietako azken tokiaren bila.